Iruñerriko Mankomunitatea
2009ko ekitaldiko txostena

Urteko kontuak

Kudeaketa txostena

1. negozioen bilakaera eta sozietatearen egoera

Administrazio Kontseiluak, eta, ondorioz, Urteko Kudeaketa Planak 2009-2012 aldirako ebatzi zuten Plan Estrategikoak xedatutakoa gauzatzera bideratuta egon da Mendeko Sozietatearen kudeaketa 2009ko ekitaldian.

2009an eskatutako zerbitzuak emateari dagokionez, esaten ahal da aurreikusi ziren helburuak behar bezala bete direla. Ondokoak dira gure jarduera nagusien garapenak izan dituen ezaugarriak:

  • Uraren ziklo integrala: Iazkoaren aldean, uraren ekoizpena %4,07 handitu da, baita dagokion fakturazioa ere. Handitze hori, batez ere, urtean izandako tenperaturen ondorioa da, aurrekoan baino altuagoak izan baitira.
  • Emandako uraren kalitateari dagokionez, adierazle guztiek (kloro kontzentrazioa, uhertasuna eta bakteriologia kalitatea) berresten dute emandako urak kalitate maila handia duela eta, indarrean dagoen legedia dela eta, urte honetarako aurreikusita dauden helburuak bete direla.
    Saneamenduari eta arazteari dagokienez, berriz, adierazleen bilakaerak (uretan esekita dauden solidoak kanporatzea eta oxigeno-eskari biokimikoa kentzea) erakusten digu arazte maila handia gordetzen jarraitzen dela, eta urte honetarako aurreikusita zeuden helburuak bete direla.
  • Hiri-hondakinak: Hondakinen sorrera %2,18 murriztu da aldi honetan. Aurreko urtean hondakinen sorrera mantendu zen, azken urteotako gorako joera hautsita. Aurtengo hondakinen osaketa aztertzeko analisiek erakusten dute papera izan dela bere pisua gehien murriztu duen osagarria. Horrela, nahiz eta bildutako paper-kartoi kopurua ia %4 murriztu den (20.934 2009an, eta 21.788 2008an), material hori berreskuratzeko portzentajea %71ekoa izan da (2008an, %69), Europar Batasunak ezarritako helburuaren gainetik (%60).
    Bilketa espezifikoak edo material bakar batekoak pixka bat murriztu dira, %1,4 (41.186 tona aurten, eta 42.186 tona iaz), eta beira eta egurra soilik izan dira gehiago bildu direnak.
    Sortutako hondakinak murriztu badira ere, berreskuratutako materialen kopurua mantendu da iaz berreskuratutako tonei dagokienez, %0,67 handitu baitira; datu horien barne daude lantegian berreskuratutakoa eta material bakarreko bilketetan berreskuratutako materialak.
  • Eskualdeko Hiri Garraioa: 37.015.073 bidaiari garraiatu ziren 2009an. Zertxobait jaitsi zen kopurua iazko aldi berberaren aldean, %3,9, zehazki esanda.
    2009ko ekitaldi nabarmena kontzesio berriaren lizitazioa da. Lehen lehiaketa eman gabe gelditu zen, eta deialdi berri bat egin zen kontratuaren aurrekontua eta gutxieneko bidaiari kopuruaren konpromisoa aldatuta, eta bost lizitatzaile aurkeztu ziren. Azkenean, TRANSPORTS CIUTAT COMTAL, S.A. (TCC) izan zen adjudikazioduna, eta zerbitzua ematen azaroaren 1ean hasi zen.
    Ordaintzeko moduari dagokionez, gizarte profilei zegozkien txartelak banatuta, irailean hasi zen kontakturik gabe ordaintzeko metodo berria eta kontaktua zuen metodo zaharra batera erabiltzeko aldia, eta abenduaren 31tik aurrera kontakturik gabeko txartela izan zen ordaintzeko metodo bakarra.
    Gainera, Ustiatzerako Laguntza eta Informazio Sistema (SAEI) ezartzeko lanek jarraitu dute.
  • Eskualdeko Taxi Zerbitzua: Taxiaren tarifa berriak onetsi dira 2010. urterako, eta tarifen egitura egiteko proposamen berria aurkeztu da; halaber, Taxiaren Ordenantzen testu bateratua egin da Iruñerriko baterako taxi zerbitzuan, eta horretan azken urteotan egin diren aldaketa guztiak bildu dira, baita zerbitzua hobetzeko beharrezkotzat jotzen ziren aldaketak ere.
    Bestalde, Taxiaren Jarraipen Batzordearen bilerak egiten jarraitu dugu, eta bonotaxi bat ezartzeko bideragarritasuna aztertu da.
  • Iruñerriko Ibai Parkea: PSIS plana aurkeztu zaio Nafarroako Gobernuari, bai eta ondorengo alegazioak erabakitzeko txostena ere. Ibai parkea handitzeko beharrezkoak ziren inbertsioak aztertu dira, eta obren proiektuak idatzi dira.
  • Energia sortzea: Energia elektrikoaren ekoizpenak harreman zuzena du aldian izandako prezipitazioekin. 2009an handitu da, azken urteotako batez bestekoarekin alderatuz gero, nahiz eta murriztu egin den 2008ko zifrekin alderatuta; izan ere, ekitaldi bikaina izan zen zentzu horretan, beste ekitaldi batzuetako energia elektrikoaren sorrera –jatorri hidraulikokoa– nabarmen handitu baitzen.
    Zifra zehatzetan, 2009. urtean zehar, jatorri hidraulikoko energia elektrikoaren sorrera %15,85 gutxitu da aurreko urteari dagokionez, eta murrizpen hori %19,85ekoa izan da Eugin, %14,87koa Egillorren, eta % 12,59koa Urtasunen.
    Biogaseko zentralei dagokienez, Arazurik %9,49 murriztu du bere ekoizpena, eta Gongorak %10,17 handitu du berea, talde sortzailearen etengabeko funtzionamenduari dagokionez.
    Ekitaldiko emaitza ekonomikoei dagokienez, Taldearen galera eta irabazien kontuak 488 m€-ko (mila euro) saldo negatiboa izan du 2009an.
    Emaitza honek islatzen du Iruñerriko Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuek eskaintzen dituzten emaitzen saldo gehitua, 3.222 m€, negatiboa; eta Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietatearena, 2.734 m€, positiboa. Bi entitateen jarduerak, eta, zehatzago, bakoitzak emandako zerbitzuen finantzabide sistemen berezitasunak kontuan harturik, ondokoak dira bi entitateei dagozkien emaitzen azterketak.

> Iruñerriko Zerbitzuak SA

2009ko ekitaldirako, Sozietatearen galera eta irabazien kontuak 2.734 m€-ko (mila euro) saldo positiboa du guztira. Sozietatearen izaera eta helburuak kontuan harturik, emaitza ekonomikoak azaltzen ahal dira aurrekontu desbideraketetan oinarriturik. Bestalde, hasierako aurrekontu-aurreikuspenek bideratzen dute bere ekonomia jarduera. Aurreikuspen horiek —zuhurtasun irizpideei jarraikiz eginak— ekonomia-kontabilitate orekaren helburua dute abiapuntu (galera eta irabazien kontuaren "zero" emaitza). Hartaz, honako hauek izaten ahal dira ekitaldiaren garapen ekonomikoaren alderdirik esanguratsuenak eta emaitzaren arrazoi nagusiak:

  • ­Diru sarreren eta diru laguntzen aldizkakotzeen efektua kenduta –atal espezifikoa dute horiek txosten honetan–, ustiatzetik etorritako diru sarrerek izan dute, oro har, 1.727 m€-tik beherako errealizazio bat, hasieran aurreikusi zena baino %2,6 gutxiago. Nabarmentzekoak dira 2.101 m€-ko saldo negatiboak “Zerbitzuak ematea” arloan, eta 749 m€-koa “Ekitaldiaren emaitzan sartutako ustiatzeko diru-laguntzak”, eta 870 m€-ko desbideratze positiboa “Salmentak” epigrafean.
  • ­Ustiatze gastuetan, amortizazioen efektua alde batera utzita, 5.800 m€-ko aurrezkia izan dute globalki hartuta, %9, hasierako aurreikuspenen gainetik. Positiboak izan diren desbideratzeen artean, nabarmentzekoak dira honako atal hauenak: “Kanpo zerbitzuak” (2.406 m€), “Soldatak, ordainsariak eta parekatuak” (1.372 m€), eta “Beste enpresa batzuek egindako lanak” (1.229 m€)
  • ­Ibilgetuaren amortizazio teknikoengatik sortutako gastuak hasieran aurreikusiak baino 967 m€ gehiago izan dira azken emaitzan, behin kenduta diru laguntzen aldizkakotze-kontuetan izandako alderantzizko efektua.
  • ­Emaitza finantzarioek ere lagundu dute azken emaitza positiboa sortzen, 226 m€-ko desbideratze negatiboa ekarri dutelako.

Ondorioz, esaten ahal da zerbitzuen ekonomia egitura eta kudeaketa irizpideak mantendu direla, besteak beste, zuhurtasun printzipioa aurrekontuak egiterakoan, betiere zerbitzuen nahikotasun ekonomikoa ziurtatze aldera. Hartara, ekitaldiko emaitzen kontuetan agertzen diren jarduerek behar bezala estaltzen dituzte zerbitzuen eta sozietatearen funtzionamendurako gastuak. Bestalde, aipatutako kontuek aurrezki gordina sortzeaz gainera (9 milioi euroren gainetik 2009an), gaur egun finantza kargarik jasaten ez duenez, etorkizuneko proiektuak eta inbertsioak finantzatzeko askatasun handia dago.

> IM

Esan den bezala, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuak 3.222 m€-ko saldo negatiboa izan du.

Lehenik eta behin, esan behar da Mankomunitatearen administrazio izaerak, baita egiten dituen jarduerenak ere, aurrekontu irizpideen nagusitasuna –zentzu administratiboan– ekartzen duela irizpide ekonomikoen gainean, bere oreka zehazteari eta aztertzeari dagokionez, eta horrek desberdintasunak sortzen dituela fluxuei egozten zaien denboran. Izan ere, esan behar da ekitaldian Mankomunitateak gauzatu dituen eragiketak –diru-sarrerak zein gastuak– hasieran onartutako aurrekontuetako aurreikuspenekin bat etorrita ere, Mankomunitatearen galera eta irabazien kontuetan 5.752 m€-ko saldo negatiboa izanen zuela. Hau ezin izan zatekeen interpretatu beren jardueren galera gordin gisa, ez eta bere zerbitzuen finantza egituraren desoreka gisa ere (zeinua edozein izanda ere). Aitzitik, ekonomia irizpideak ezartzerakoan diru-sarrerak eta gastuak aitortzeko irizpideetan izandako denbora-desfaseei egotzi beharko litzaieke.  Horregatik, errealitatean 3.222 m€-ko emaitza negatibo hori 2.530 m€-ko benetako desbideratze positiboa da hasierako aurreikuspenen gainean (aurrekontuetan erregistratutako emaitza positibotik hurbilago dagoen zenbatekoa).

Desbideratze positibo horren sorburua da ia esklusiboki Eskualdeko Garraioaren kudeaketa jarduera, eta, bereziki, kontzesiodunari egindako transferentziak jasotzen dituen gastuen partidaren errealizazio txikiagoa, aurreikuspenetakoa baino 2.095m€ txikiagoa, nahiz eta 2009ko ekitaldiko behin betiko likidazioa dela eta aurreikuspena sartuta egina izan (oraindik ez dira egin). Eskualdeko Garraioa kudeatzeko Ondasunak eta Zerbitzuak Ordaintzearen kapituluaren gastuen atalak ere agertzen du, bere osotasunean, 764 m€-ko errealizazio txikiagoa, aipatutako desbideratze positiboa sendotzen duena; hori, aldi berean, partzialki gutxitzen da hasierako aurreikuspenei dagokienez izandako diru-sarreren errealizazio txikiago batzuengatik (258 m€ saldo garbi bezala).

Hala ere, azpimarratu behar da Eskualdeko Hiri Garraioaren kudeaketa finantzatzeko jarri diren mekanismoengatik –jarduera honetan sartzen diren Foru Komunitatearen eta udalen ekarpenak, Garraio Planean finkatuak, gehienbat– Mankomunitatearen jarduera dela helburu zehatza duten fondo batzuen administratzaile huts batek egin lezakeena baino zertxobait gehiago. Hori dela eta, Mankomunitateak lortu duen emaitza ez da berez entitatearen jardueren soberakin gordin bat. Halaber, ezin da interpretatu bere zerbitzuen finantza egituraren desoreka gisa –edozein zeinutakoa–. Aitzitik, izan ditzakeen emaitzak konpentsatuko dituzte nahitaez aipatutako erakundeek etorkizunean eginen dituzten ekarpenek, handiagoak edo txikiagoak izanda ere.

Labur esanda, berriz esan behar da Iruñerriko Mankomunitateak egiten dituen jarduerek eta hauek finantzatzeko formulek zailtzen dutela diru-sarreren aitorpenaren eta gastuenaren arteko denbora desoreka hutsei ez dagozkien emaitza esanguratsuak agertzea

2. ekitaldia itxi ondoren gertatutako gertaera garrantzitsuak

Txostenaren 20. oharrean azaltzen dira errekurtso eta erreklamazio batzuk. Gaur egun, ez dago jakiterik horien ondorioz Iruñerriko Mankomunitateak izanen dituen pasibo gehigarrien zenbateko zehatza. Aipatutako errekurtso eta erreklamazio hauek izan ezik, 2009ko ekitaldiaren itxiera datatik ez da ondokoei nabarmen eragiten ahal zaien inolako gertaerarik izan: 2009ko ekitaldiko Urteko Kontu Bateratuak, zerbitzuak ematea edo gizarte xedea betetzea, eta 2009ko abenduaren 31n bere ondasun eta eskubide, zor eta betebeharrek zituzten egoera edo balioa.

3. Aurreikusteko moduko bilakaera

Ekitaldi honetako alderdirik nabarmenenek –txosten honen hasieran azaltzen dira– oso argi adierazten dituzte Talde honen jarduera bideratzen duten ildo nagusiak: teknologia aurreratua duten azpiegitura eraginkorrak, agindutako zerbitzuen kudeaketa eta ustiatzea etengabe hobetzea, bai eta zerbitzu publiko berrien kudeaketa hartzeko gaitasuna ere.  Hori dela eta, esaten ahal da aurrez ikusten ahal den Talde honen bilakaerak honako ezaugarri hauek izanen dituela:

  • ­Erabilitako kudeaketa formulen egokitasuna, baita zerbitzuen oinarrizko helburuak betetzeko duten gaitasuna ere.
  • ­Egungo beharrak estaltzen ahal dituzten azpiegitura materialak izatea. Azpiegitura hauek kalitatekoak, ongi zainduak, eta nahiko berriak izateaz gainera, instalazio berriak etengabe garatzen ari direnez, egungo estaldura mailak behar den aldian ziurtatzen ahal dira, baldin eta erakartze berrien gaineko aurreikuspenak betetzen badira.
  • ­Zerbitzu berriak kudeatzeko eta emateko gaitasuna, ondokoetarako maila altua eskainiz: gaur egun dagoen egitura aprobetxatzeko eta integratzeko, eta zehazki behar den egitura garatzeko.
  • ­Geografia esparru handiagoa hartzea, datozen ekitaldietan gertatzen ahal den joera baita. Zabaltze honen gaineko ikerketak egiten dira etengabe beharrak zehazteko, eta eskumena duten erakundeekin kontaktuak eta elkarrizketak izaten dira horretarako.

Labur esanda, Taldearen bilakaera, aurreikusten ahal dena, gaur egungo kudeaketa formulak eta emandako zerbitzuak mantentzera eta garatzera bideratuta dago.

4.-  jarduerak ikerkuntza eta garapenaren arloetan

Gure oinarrizko zerbitzuak kudeatzeaz gain, izaera berritzaileko hainbat proiektu garatu dira, gure zerbitzuen ematearen emaitzak hobetuko dituztenak. Ondorengo hauek nabarmendu ditzakegu:

  • ­Kartografia informazioko sistemaren ezarpena sendotu da gure entitatean (GIS korporatiboa); baliabide baten bidez artikulatu da (SARE), Uraren Ziklo Integraleko gure zerbitzuetarako. Halaber, departamentu batzuetarako SIG baliabideak garatu dira, eta Mankomunitateak emandako zerbitzuen informazio geografikoaren hedapen handia egin dute, GIS bisorearen bitartez. Azkenik, garatutako GISaren laguntzari esker modelizazio hidrauliko bat egin da, euri-uren hustea aztertzeko Iruñerriko sektore baterako.
  • ­Hiri hondakinak biltzeko sistema pneumatikoa garatzen ari da Iruñerriko zenbait urbanizaziotan. Iruñeko Alde Zaharrean ere biltzeko modu hori ezartzeko lanak hasi dira.
  • ­Urtean zehar Ustiatzerako Laguntza eta Informazio Sistema (SAEI) garatu da eskualdeko garraioan; aurreikusten da 2010eko hasieran hasiko dela bere erabilpen publikoa. Kontakturik gabe ordaintzeko sistema ezarri da, eta une hauetan kudeaketako sistema zentral batean ari gara lanean.
  • ­ Uraren Ziklo Integralari dagokionez, esan behar da araztegietan potabilizazio sistemak doitu egin direla, polielektrolitoaren ordez beste erreaktibo elikatzaile batzuk jarri direlako; Hondakin-uren araztegian lohiak loditzeko eta deshidratatzeko prozesua optimizatzeko hainbat proba egin dira, bai erreaktibokoak, bai taldekoak. Ekoizpen zentro horietan scada sistema ezartzen ari da, ekoizpen zentro horietako telekontrola eta automatizazioa ezartzeko.
  • ­Energia berriztagarriak ekoizteari dagokionez, Hondakin uren araztegian kogenerazioko instalazioa hobetzeko proiektua egin da, atmosferara doazen igorpenak murrizteko eta biogasaren eraginkortasun energetikoa hobetzeko –biogas hori sortzen da hondakin urak araztearen ondorioz geratzen diren lohien digestioan–. Gainera, instalazio fotovoltaiko baten bideragarritasuna aztertzen ari da, gure biltegi handienetakoren baten gainean jartzeko.
  • ­Kontagailuak teleirakurtzeko probak eta saiakerak egiten jarraitzen dugu. Azkenik, esan behar dugu aurrera egiten ari garela Administrazio Digitalaren proiektuan herritarrei sarbide elektronikoa errazteko, ematen ditugun zerbitzuei dagokienez.

5.-  arriskuak eta ziurtasun ezak

Taldeak bere negozioak garatzeari eragiten ahal dioten arriskuak eta ziurtasun ezak zein diren badakienez, horiek detektatzeko eta kontrolatzeko behar diren mekanismoak jarri ditu.

6.-  finantza baliabideak

Taldeak ez du finantza baliabiderik kontratatu.