LOHIEN KUDEAKETA
Hondakin urak dekantatzetik sortzen diren lohiak tratatu egiten dira: higienizatu eta deshidratatu egiten dira, eta, ondorioz, lurra hobetzeko edo medeatzeko erabil daitekeen produktu bat sortzen da. Urtero 40.000 tona biosolido baino gehiago sortzen dira, eta gero nekazaritzan zuzenean edo ingurumena lehengoratzeko proiektuetan erabilita aprobetxatzen dira. Horrez gain, konpostatzeko prozesu baten ondoren, baratzezaintzan eta lorezaintzan ere erabiltzen dira.
15 urte saio esperimentalak egiten
1992. urteaz geroztik saio esperimentalak egin dira lohiak lurrean eta landare materialean zuzenean aplikatzeak dituen ondorioak ikusteko. Azterketa guztietan INTIASA erakundearen (nekazaritzako ITG institutua) aholkularitza teknikoa izan dugu. Lortu diren emaitzek erakusten dute eragina minimoa dela metal astunen metatzean.
Teknologia berriak lohiak nekazaritzan aplikatzeko
Duela gutxi berrikuntzako proiektu bat garatu dugu arazketako lohiak nekazaritzan erabiltzea kudeatzeko prozesuaren plangintza, kontrola eta informazioa zabaltzea errazteko. Proiektu horren xehetasunen berri izateko "Lohiak zuzenean erabiltzea nekazaritzan" dokumentua kontsultatu daiteke. Dokumentu horretan, hain zuzen, European Conference of Sludge Management izenekoan aurkeztutako txostena dago. Konferentzia hori Leonen egin zen, 2012ko irailaren 6an eta 7an.
Eta beste alde batetik, argibide gehiago izateko, kontsultatu atal hau: Zer egin behar dut lohiak erabili nahi baditut?
ARAZURIKO KONPOSTA
ARAZURIKO KONPOSTATZE PLANTA
Urtean 11.800 tona lohi deshidratatu tratatzeko ahalmena du planta honek, eta lohiak etengabe ekoiztearen eta urteko zenbait alditan (euria gogotik egiten duenean, elurra…) nekazaritzan duten balorizazioaren artean sortzen den desorekari erantzuteko eraiki zen; izan ere, urteko garai batzuetan soroetara joatea nekeza da eta, hortaz, horietan zuzenean erabiltzea zaila. Hartara, planta honen bidez, Arazuriko Hondakin Uren Araztegian egiten den lohien birziklatzea bermatzen eta osatzen da, 2008. eta 2015. urteen arterako Hondakinen Plan Nazional Integralean erabakitako planteamenduen eta 2010. eta 2020. urteen arterako Nafarroako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integratuaren arabera.
Argibide gehiago izateko, jo hona: Arazuriko lohiak konpostatzeko planta.
ARAZURIKO KONPOSTA EGITEA
Arazuriko konposta egiteko, araztegian sortutako lohi digerituaren %25 nahasten da udalerrietako inauste lanetatik, etxez etxeko gaikako bilketatik eta eskualdeko lorezaintza enpresetatik datozen hondakin berdeekin. Konposta egiteko prozesuan, gai organikoak deskonposatu egiten dira, eta eragile patogenoak eta belar gaiztoen haziak kentzen.
Arazuriko konposta ez da produktu kaltegarria, eta erraz erabiltzen eta gordetzen da. Oso ona da lurrerako eta landareak hazteko. Edozein motatako lurretan erabiltzeko egokia da, eta, jeneralean, baratzezaintzako eta lorezaintzako laborantza intentsiboan erabiltzen da. Nagusiki erabiltzen da lurren medeagarri eta erein-estalki gisa, eta landatzeko substratuak egiteko.
Arazuriko konpostaren ezaugarrien berri sakonago izateko, kontsultatu liburuxka hau: Biosolidoak eta hondakin berdeak birziklatzea (PDF formatuan)
KONPOSTA ERABILTZEA LOREZAINTZAKO LAN DESBERDINETAN
Jarraian dauden dokumentuetan kontsultatu ahal da Arazuriko konpostak lorezaintzan dituen erabilerak:
Zuhaitz eta zuhaixkak landatzea
Soropila erein, ezarri eta mantentzea
Kirol zelaiak erein eta mantentzea
Argibide gehiago nahi izanez gero, beste atal hauek ere kontsultatu ditzakezu: Zer egin behar da Arazuriko konposta erosteko? eta Zer egin behar dut etxean edo udalerrian konposta egin nahi badut?
URTEKO EKOIZPENAREN TAULA (kWh)
2014 | 2015 | 2016 | 2017 | 2018 | |
---|---|---|---|---|---|
Eugiko zentrala | 6.085.155 | 4.137.151 | 4.028.364 | 4.357.459 | 5.540.278 |
Urtasungo zentrala | 883.350 | 814.110 | 873.920 | 725.100 | 834.200 |
Egillorko zentrala | 15.833.914 | 11.861.571 | 11.251.635 | 10.240.878 | 15.758.221 |
KOGENERAZIO ENERGETIKOA (ARAZURIKO HONDAKIN UREN ARAZTEGIA)
Arazuriko HUAn autohornikuntza energetikoko maila handia lor daiteke. Zehazki, 2018an %103,5koa izan zen. Izan ere, lohien digestio prozesuan biogasa sortzen da eta gero biogas hori bihurtzen da:
- energia elektrikoa: motogeneradoreen bidez lortzen da, eta arazteko planta bera hornitzeko eta sare publikoari saltzeko erabiltzen da.
- energia mekanikoa: turbokonpresoreen bidez lortzen da, eta arazteko prozesu biologikoko erreaktoreetan behar den airea emateko erabiltzen da.
- energia termikoa: ihes gasak eta motorrak hoztuta lortzen da, eta digestoreak berotzeko eta beste aplikazio batzuetarako erabiltzen da (berokuntza, higienizatzea…).
URTEKO EKOIZPENAREN TAULA (kWh)
2014 | 2015 | 2016 | 2017 | 2018 | |
---|---|---|---|---|---|
Energia elektrikoa | 11.827.760 | 11.425.911 | 11.614.141 | 11.910.738 | 11.972.057 |
Energia mekanikoa | 244.400 | 164.000 | 313.223 | 314.903 | 517.374 |
Bero energia | 6.653.604 | 6.778.643 | 7.202.861 | 6.015.205 | 6.239.901 |