
Izotza egiteko arriskua dagoela-eta, ur instalazioak babestea gomendatzen du Mankomunitateak
Iruñerriko Mankomunitateak gogora ekarri nahi die herritarrei egun hauetan izango ditugun zeropeko tenperaturek kalte egin diezaieketela etxebizitza familiabakarretako eta industria nabeetako ur hodiei, kontagailuei eta instalazioei, ez badaude ongi eta egoki isolatuta.
Izotzak kontagailuetan eta hodietan izan ditzakeen eraginei aurrea hartzeko, Iruñerriko Mankomunitateak oinarrizko gomendio hauek eman nahi ditu:
- Lehenik eta behin, orube partikularraren barnean dagoen lotune zatia zein egoeratan dagoen berrikusi behar da. Elementu hauek arrisku berezia dute: egurats zabalean dauden kontagailuak, iturriak, giltzak eta galdarak. Horrenbestez, komeni da gainetik isolatzaile termikoa jartzea.
- Izotzak luzatzen badira, komeni da ur negar bat uztea, etengabe, hartara, ura ez izozteko hodietan.
- Gogora ekarri behar da badirela salgai termostatoa duten balbulak, erraz instalatzen direnak. Horiek automatikoki irekitzen dute iturria, zeropeko tenperatura egiten duenean. Egokiena da instalatzaileari kontsultatzea.
- Izotzak eragindako arazoak areagotu egiten dira, etxebizitzak hutsik badaude bi egunetan edo gehiagotan. Hori dela-eta, kasu horretan arreta berezia jarri behar da aurrea hartzeko neurrietan.
Onibarraren barnean instalazioa izoztu bada eta hornidura etenda gelditu bada, aholku hauek kontuan hartu behar dira:
- Ezarri ur edo aire beroa instalazioaren gainean, desizozteko.
- Ez saiatu instalazioa desizozten zuzenean sua erabilita.
- Arazoa ez bada konpontzen, jarri harremanetan instalatzailearekin.
Mankomunitateak gogorarazi nahi du ez duela mantentzearen arloko eskumenik onibar pribatuen barnean dauden lotune zatietan. Kanpoko lotune zatietan gorabeheraren bat detektatzen duten herritarrek horren berri eman dezakete Mankomunitateak herritarrei arreta egiteko duen telefono zenbaki honetara deituta: 948 42 32 42.
Beste albiste batzuk
- Bio-hondakinen kudeaketa konpostaren bidez egingo da osorik
- Orain arte, ostegunetako gaueko zerbitzua 00:00etan amaitzen zen
- Sutea, beharbada nahita eragindakoa, joan den larunbateko goizaldean gertatu zen