Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2022/09/21

Goñin ur-hornikuntza bermatua eta kalitatekoa ahalbidetuko duen azpiegitura berria lanean hasi da

400 metroko luzerako hodi berri batek Munarrizko ur-biltegia Goñikoarekin konektatu du

Gaur goizean, Goñi herria urez hornitzeko azpiegitura berria aurkeztu dute, hartara, herriko 30 biztanleei hornikuntza bermatua eta kalitatekoa emateko aukera emateko.

Azpiegituraren aurkezpen ekitaldian izan dira Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria, David Campión, Goñibarko alkatea, Gumersindo Induráin, Goñiko kontzejuko lehendakaria, María Elena Apesteguía, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús Mª Rodríguez, eta Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietateko kudeatzailea, Alfonso Amorena.

Azpiegitura berri honen aurrekontua 1.000.187 euro izan da, BEZa barne. Jarduketa Nafarroako Gobernuak finantzatu du –%80 jarri du, Tokiko Inbertsioetarako Planaren bidez– eta bai Goñiko Udalak ere –%20 jarri du–. Iruñerriko Mankomunitatea proiektua idatzi eta obra zuzentzeaz arduratu da, eta hornikuntza-sistema kudeatuko du.

Obra urtarrilaren amaieran hasi zen, eta Munarrizko ur-biltegiaren (300 metro kuboko edukiera) eta Goñikoaren artean (90 metro kubokoa) 4.400 metroko luzerako hodi bat kokatzea izan da. Hodia burdinurtu nodularrezkoa da, eta 100 mm-ko diametroa dauka. Hain zuzen, hodia malda handiko tokietan jarri da, eta, ondorioz, hodiaren 312 metro juntura morroilodunekin egin dira, trakzio-esfortzuak jasateko erresistentzia handiagoa ematen duen lotura-teknika berezia baita. Halaber, 55 metroko hodi bat kokatu da, Goñiko ur-biltegia eta herri horretako sarea konektatzen dituena.

Gainera, obrak barne hartu du Goñiko ur-biltegia konpontzea, 1950eko hamarkadakoa baita: ontziak eta estalkia iragazgaitz bihurtzea, giltzen ganbera erabat birmoldatzea, neurtzeko elementu hidraulikoak kokatzea, hargune elektrikoa, eta PLC bat (ekipo elektroniko programagarria) eta uraren kalitatea aztertzeko gailu bat kokatzea. Azkenik, ur-biltegiaren eremua urbanizatu da, bide berri bat egokituta eta sarbidea izateko zelaigunea.

Azpiegitura berriari esker, Munarrizko ur-biltegiko ura (943 metroko altitudean kokatua) grabitatez iristen da Goñikora (903 m), eta horrek hornidura bermatzen du egun 30 biztanle dituen herri horretan. Nabarmendu behar da aurreikusita dagoela edukiera handiagoko ur-biltegi berri bat eraikitzea, eta goragoko kota batean, eta une horretatik aurrera konpondu berri den ur-biltegia nekazaritza eta abeltzaintzako erabileretarako eta berdeguneak ureztatzeko erabiliko litzateke Goñi herrian, bertako iturburuetako ura aprobetxatuz.

Hitza hartu duenean, David Campiónek gogora ekarri du Iruñerriko Mankomunitateak lurralde handi bat hartzen duela, 280 herrirekin, eta haiei hainbat zerbitzu ematen dizkiela: “Gehienak txikiak edo oso txikiak dira, eta haietako bost jendez husteko arrisku kritikoan daude, haien artean Goñibar”. Hori dela-eta, “egoera aldarazi edo irauli egin behar da, herri horietako biztanleekin hasita eta administrazioekin jarraituta. Arazoaz ohartzen hasi gara azterlan batzuekin, eta azpiegitura hau administrazioren sentsibilitatearen adibidea da”, zehaztu du IMko lehendakariak.

Goñibarko alkate Gumersindo Induráinek nabarmendu du gaur egun garrantzitsua dela Udalerako, “Goñi herriaren hornikuntzak ibarreko kontzeju guztietara ura eraman ahal izateko 2001ean hasi zen proiektu bat amaitu baitu”. Halaber, eskerrak eman dizkie Nafarroako Gobernuari, Mankomunitateari eta eraikuntza-enpresari, azpiegitura gauzatzeko egindako lanengatik.

Azkenik, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariak, Bernardo Cirizak, adierazi du ibarreko bost kontzejuak IMren Uraren Ziklo Integralean sartzeko zirkulua ixten duela obra honek: “Azpiegitura berriak kalitateko uraren hornikuntza bermatzen du, eta aurrerabide garrantzitsua da Iruñerrian uraren goi-hornidura hobetzen jarraitzeko”. 

Era berean, Cirizak esan du ura izango dela “klima-aldaketarekin gehien sufrituko duen baliabidea”, eta, horrenbestez, ezinbestekoa dela “aprobetxamendu maximoa egitea eta azpiegitura hidrauliko guztiak ahalik eta eraginkorrenak izatea”, eta horren adibide gisa jarri du gaur Goñin aurkeztu dena.

 

Beste albiste batzuk

  • Iruñeko Planetarioan izango dira, urriaren 19an eta 20an. Eta horiek osatzeko, konpostajeari eskainitako beste bi jardunaldi egingo dira
  • IMk 5 milioi euro jasoko ditu NEXT GENERATION funtsetatik, inbertsio hau laguntzeko
  • Proiektuak hornikuntzarako, ur beltzetarako eta euri-uretarako sareak berritzea hartu du barne