Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2021/08/30

Beste digestore bat, Arazuriko Hondakin Uren Araztegirako

IMren helburua da energia berriztagarrien ahalik eta kantitate handiena lortzea hondakin-uretatik abiatuta

Iruñerriko Zerbitzuetako (SCPSA) Administrazio Kontseiluak, biharko, abuztuak 31, programatuta duen saioan, Arazuriko Hondakin Uren Araztegirako (HUA) beste digestore bat lizitatzea onartzea eztabaidatuko du.  

Jakina denez, Arazuriko HUAn, hondakin-urak arazteaz gain, baliabideak sortzen dira, hondakin-ur horien tratamenduan transformazio biologikoak egitetik abiatuta: energia berriztagarria eta nekazaritzarako produktu organikoak. Hartara, arazteko prozesuan sortzen diren lohiak tratatu eta balorizatu egiten dira zuzenean nekazaritzan aplikatzearen eta hondakin berdeekin batera konpost bihurtzearen bidez. 

Digestio-errendimenduak hobetzea

Arazuriko HUAn gauzatzen den digestio anaerobioa lohiak egonkortzeko sistema bat da, eta hartan mikroorganismoek material biodegradagarria deskonposatzen dute oxigenorik ez dagoenean. Digestore hau lehendik dauden beste laurei gehituko zaie, eta hondakin-urak arazteko prozesutik heldu diren lohien digestio anaerobioa hobetuko du, emaitza den lohiaren egonkortasun handiagoa ekarriko du eta araztegiko biogas-ekoizpena emendatuko du.  

Beste alde batetik, 4.100 m3-ko edukiera izango duen digestore hori lohien linean sartzeak egun digestioa egiteko dagoen ahalmena %25 emendatzea ekarriko du. Gainera, emaitza izango den lohiak digestio-aldia handituko du 22,7 egunetik 28,4 egunera, eta horrek landan aplikatzeko gaitasun agronomikoa hobetzea eragingo du.

Nabarmendu behar da egun araztegia, nahiz eta arazketa-prozesuetarako energia-kontsumo handia behar duen, energia-ekoizle garbia ere badela, biogasa erregai moduan erabilita. Horri esker, 2020an, 19,7 MWh sortu zituen eta 19,0 MWh kontsumitu, eta, horrenbestez, autosufizientzia energetikoa %104koa izan zen.

Bosgarren digestore honetarako inbertsioa, saneamendu-kanonaren kontura, 2.178.585 euro izango da.

Lohiak eguzki bidez lehortzeko planta berria

Digestore hau HUAren instalazioetan egin den azken hobekuntzetako bat da, uztailean lohiak eguzki bidez lehortzeko planta pilotua abian jarri zenetik. Planta horrek, hain zuzen, ahalbidetuko du jakitea eguzkiak zer aukera ematen dituen Arazuriko HUAn lortutako araztegiko lohietan dagoen ur-kantitatea murrizteko, modu eraginkorrean eta, ingurumenari dagokionez, iraunkorrean, batere inpakturik izan gabe Berotegi Efektuko Gasak isurtzeari dagokionez. Egun, lohien ekoizpena 42.000 tonakoa da urtean. 

Inbertsio-sail honek –Navarra de Infraestructuras Locales, S.A. (NILSA) sozietateak onartutako inbertsioak– sendotu egiten du Mankomunitateak hondakin-uretatik abiatuta energia berriztagarrien ahalik eta kantitate handiena lortzeko egin duen apustua, eta bai Iruñerriko biztanleek sortutako hondakinetan gai organikoak ahalik eta gehiena aprobetxatzeko ere. 

Irudian, digestoreak eta banaketa-dorrea (Arazuriko HUA).

 

Beste albiste batzuk

  • Erakundeak iraunkortasunarekin duen konpromisoa nabarmendu du Campiónek, bere jarduketa guztiak markatzen dituena
  • Parte hartzeko, Mankomunitatearen webgunean izena eman behar da: www.mcp.es
  • Gainera, gaueko zerbitzuaren ordutegia pandemiaren aurreko bera izatera itzuliko da