Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2022/11/25

Arazuriko lohiak eguzkitan lehortzeko plantak emaitza onak izan ditu bere lehen urtean

2021eko uztailetik 2022ko uztaila arte bildutako datuek adierazten dute pisua %51 murriztu dela batez beste  

2021eko uztailaz geroztik Arazuriko Hondakin Uren Araztegian (HUA) lohiak eguzki bidez lehortzeko egiten den prozesuak emaitza bikainak izan ditu esperientziaren lehenbiziko urtean. Hain zuzen ere, eguzki bidez lehortzeko planta pilotua beirazko negutegi bat da eta bertan lohiak deshidratatu egiten dira eguzkiaren eraginez, hartara, haien bolumena murrizteko. Horrek kostuak optimizatzeko bidea ematen du, bai konpost bihurtzean eta bai lohiak alorretara garraiatzean, nekazaritzan aplikatzeko.

2021eko uztailetik 2022ko uztaila arte 2.438 tona lohi tratatu ziren, 18 lohi-zati edo -sortatan banatuta (136 tona batez beste sorta bakoitzeko). Kantitate hori Arazuriko ekoizpen osoaren %6,13 da, aldi horretan 39.777 tona ekoitzi baitziren. Denbora horretan, lortutako lohi lehorraren kantitatea 1.203 tona izan da, eta horrek berekin dakar pisua %51 murriztu izana. Prozesuan lurrundutako ura 1.235 tona izan da –batez beste 4,60 t/egun–, eta, beraz, horrek esan nahi du kamioien 123 bidaia aurreztu direla lohiak alorretara garraiatzeko.

Aldeak udaren eta neguaren artean

Logikoa denez, eguzki bidez lehortzeko prozesua baldintza klimatologikoen mende dago erabat. Hori dela-eta, neguan eta udan aztertzen da prozesuaren jokaera. Hala, ikusi da, neguko 31 egunen aldean, udan lehortzeko denbora erdia dela, batez beste 15 egun.

Eguzki-erradiazioa eta aireztapena

Gogora ekarri behar da arazteko prozesuan lortutako lohi-zati edo -sorta bakoitza lehorketa-plantaren azaleraren 1.024 metro koadroen gainean jartzen dela, gehienez ere 25 zentimetroko altuera gainditu gabe. Eguzki-erradiazioak eta aireztapen eraginkor batek lohiak deshidratatzea emendatzea ahalbidetzen du. Ura lurruntzen laguntzeko, lohiak iraultzeko sistema autonomo bat dago: robot bat da, “pala” batzuen eraginez materiala iraultzen duena, hartara, goiko geruza, airearekin kontaktuan dagoena (lehorragoa), beheko aldearekin nahasteko (hezeagoa), eta lehortzea homogeneoagoa izatea lortzeko. Lurrundutako ura erauzgailu eta haizagailu batzuen eraginez aterarazten da instalaziotik, eta gailu horiek, gainera, aire beroko korronteak sortzen dituzte, lohietara bideratuak, lehortzea maximizatzeko.

Prozesua automatikoa da, eta bai lohiak iraultzeko robota eta bai haizagailuak ere ordenagailu batek kontrolatzen ditu. Ordenagailu horrek, hain zuzen, tenperatura-, hezetasun- eta eguzki-erradiazioko baldintzak ebaluatzen ditu negutegiaren barnean eta kanpoan, eta, hartara, ekintza-denbora optimizatzen du. Nabarmendu behar da instalazioa %100 elektrikoa dela eta, lohien aurretiko digestioan lortutako biogasetik abiatuta, HUAn lortutako energia berdeak elikatzen duela. Hori dela-eta, instalazioaren karbono-aztarna nulua da.

Planta pilotuaren xedea da kudeatu beharreko lohiaren kantitatea nabarmen minimizatzeko aukera ematen duen eguzki-lehorketako sistema honekin Arazuriko lohiak duen jokaera ezagutzea.

Eguzkitan lehortu den lohia gero Arazuriko HUAko konpostaje-plantan tratatu da, eta araudiek ezartzen dituzten espezifikazio teknikoak betetzen dituen konposta lortu da harekin.

Lohiak kudeatzeko estrategia aurreratua

Duela gutxi araztegiko lohien inguruan Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin diren jardunaldietan, Iraunkortasunerako NILSA Katedraren esparruan, hondakin horrek Nafarroan duen etorkizunaz eztabaidatu zuten. Nafarroako Gobernuaren Hiri Zikloko Uraren Plan Integralarekin bat etorrita, araztegiko lohien tratamendu aurreratu baterantz lan egitea planteatzen da, non eguzki bidez lehortzeak eginkizun garrantzitsua izango duen kudeaketan.

Ildo horretan kokatzen da Mankomunitateak eguzki bidez lehortzeko eta konposta sortzeko duen estrategia, jada Arazuriko HUAn gauzatzen dena Iruñerrian sortutako lohiekin eta ekoizpen osora zabaldu beharko dena.

 

Beste albiste batzuk