Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ura
2021/02/05

2020an, 29.798.737 m3 ur ekoitzi ziren, 2019an baino %1,77 gutxiago

Azken bosturtekoan erregistratutakoa baino %1,06 gutxiago izan zen

2020an, ur-ekoizpena 29.798.737 metro kubokoa (942,3 l/s) izan zen, eta, beraz, 2019an baino %1,77 gutxiago ekoitzi zen eta azken bost urteetako batezbestekoa baino %1,06 gutxiago. 

Ekoizpenaren jaitsiera horren arrazoia COVID-19aren krisia izan da. Alarma-egoera deklaratu bitarteko ekoizpena 2019koa baino %1,2 handiagoa zen eta azken bost urteetako batezbestekoa baino %2,2 handiagoa. Egoera hori deklaratu eta hurrengo hamabi asteetan, ordea, kontsumoa %3,9 gutxitu zen 2019arekiko eta %7,4 aurreko bost urteetako batezbestekoarekiko. Kontsumo-jaitsiera handiena apirilaren 1a eta 13a artean izan zen, egun horietan, konfinamenduaz gain, funtsezkoak ez ziren jarduerak eten behar izan baitziren. Gainera, nabarmendu behar da apirilean ur-ekoizpen totala erregistroak daudenetik izan den hileko baxuena izan zela.

Beste alde batetik, konfinamendu-aldiak aldaketak ekarri zituen kontsumo-ereduetan. Hartara, asteko kontsumo-eredu normala baldin bada kontsumo handiagoa izatea lanegunetan eta txikiagoa izatea asteburuetan, konfinamenduan kontsumoak asko berdindu ziren asteko egun guztietan. Era berean, eskuarki, lanegunetako kontsumo maximoa goizeko zortziak aldera erregistratzen da, baina aldi horretan hamaikak arte atzeratu zen.  

Horrez gain, nabarmendu behar da Aste Santua urtean kontsumo txikiena izaten den aldia izan ohi dela, baina joan den urtean, konfinamenduaren ondorioz, aldi horretako ur-kontsumoa azken urteetako handiena izan zen. Zehazki, 2019koa baino %11,2 handiagoa izan zen. 

Bilakaera eremuka aztertzen badugu, aldi horretan izan ziren kontsumo-jaitsiera handienak industria-guneetan eta ostalaritzako jarduera duten guneetan erregistratu ziren, eta kontsumo-emendatze handienak, berriz, nagusiki etxebizitzetako kontsumo-eredu normala duten auzoetan edo udalerrietan.

Konfinamendua arintzeko aldiak kontsumoak lehengoratzea ekarri zuen, nahiz eta jarduera ekonomiko baxuak eragin zuen ez lortzea kontsumo-balio normalak. Uztailean eta abuztuan, aldiz, kontsumoak lehengoratu ziren, eguraldi onari eta prezipitazio-ezari esker. 

Uraren jatorria Egillorko Edateko Uren Tratamendu Estazioa (EUTE) izan zen (Artetako iturburua), %51,43rekin, Urtasungo EUTE (Eugiko urtegia), %39,2rekin, eta azkenik Tiebasko EUTE (Nafarroako Ubidea), %9,4rekin. Tiebasko estazioa 114 egunetan baino ez zen egon martxan, ekainetik urrira, baina eskualdeko beharren %24ri baino gehiagori erantzun zien.

Erregistratu gabeko uraren koefizientea (%11,68) aurreko urtekoa baino pitin bat handiagoa izan zen, nahiz eta minimo teknikoaren barnean egoten jarraitu zuen. Ur-ihesak etengabe bilatu eta konpontzeko politika eta ur-ihesak detektatzeko teknologia berriak erabiltzea datu on hori ahalbidetzen duten faktore nagusiak dira.

Osasun-gorabehera minimoak

COVID-19aren krisiaren ondoriozko osasun-egoera gorabehera, kalitateko gorabeherak ez dira nabarmentzeko modukoak izan. Uraren Osasun Planaren esparruan egindako ekintzak aipatu behar dira, hornidura-sarean osasun-arriskuak minimizatzera bideratuak. Egillorko hornidura-kalitateko laborategiaren jarduna nabarmendu behar da, aztertutako laginen bolumenarengatik (5.663) eta zehaztutako parametroengatik (70.940). 

Arazuriko Hondakin Uren Ponpatze Estazioa eta Robo ibaiaren saneamenduaren bigarren fasea 

Saneamenduari dagokionez, martxoan Arazuriko kolektore berria eta Hondakin Uren Ponpatze Estazioa inauguratu zen, Ororbia, Zuasti, Orkoien eta Arazuri udalerrietako hondakin-urak Arazuriko Hondakin Uren Araztegira (HUA) bulkatzeko (guztira, 5.607 biztanle dituzte udalerri horien artean). Azpiegitura horri esker, bulkatutako ur-emaria nabarmen handitu da eta, horrenbestez, ponpatze zaharrak zituen edukiera-arazoak konpontzea ekarri du.

Gainera, ekainean, Robo ibaiaren saneamenduaren bigarren fasea osatu zen, Legarda, Muruzabal eta Utergako hondakin-urak biltzen dituena. Horrek ahalbidetu zuen inguru horretan zeuden lau hobi septikoak baliogabetzea, ponpaketa bat eginda Legardan eta bost kilometroko kolektore bat, Robo ibaiaren ondoan dagoen kolektoreari lotzen zaiona, hartara, hondakin-urak Garesko araztegiraino bideratzeko. NILSAk kudeatzen du Garesko araztegia. 

HUAn araztutakoa, %1,93 gutxiago 

Arazuriko HUAko hondakin-urei dagokienez, 35.817.843 metro kubo (1.132,7 l/s) araztu ziren, azken bost urteetako batezbestekoa baino %1,93 gutxiago. Batez besteko karga 544.758 biztanle baliokidekoa izan zen. Zehazki, hori erreferentziazko magnitudea da, eta Iruñerriko biztanleriaren eta HUAn tratatzen diren isurketa guztien batura irudikatzen du. Adierazle hori azken bost urteetako batezbestekoa baino %12,39 txikiagoa izan zen, beharbada, pandemiaren ondoriozko krisitik eratorritako jarduera ekonomikoaren etete partzialaren ondorioz. Nabarmendu behar da krisialdi osoan zerbitzuaren funtzionamendu zuzenari eutsi zaiola. 

Arazketako errendimenduak oso onak izan ziren, eta 2019an zehar izapidetutako baimen berrian Ebroko Ur Konfederazioak ezarritako baldintzekin bat etorri ziren denak. Baimen hori 2024a bitartean izango da balioduna. Gainera, HUAn ezabatutako karga organikotik abiatuta, 5.825.887 Nm3 biogas lortu ziren, azken bost urteetako batezbestekoa baino %11,68 gehiago, eta horrek energia elektrikoa ekoizteko bidea eman zuen. Jatorri berriztagarriko energia hori araztegiaren kontsumoaren %102,26 izan zen. Ekoitzitako energia prozesuan kontsumitutako energia baino gehiago izan zen bigarren urtea izan zen 2020a HUAren bizitzan. 

Arazuriko kalitatearen kontrola

2020an zehar, saneamendu-laborategiak 10.049 lagin aztertu zituen (90.679 parametro), eta haietatik %50 gutxi gorabehera Iruñerriko laginei zegozkienak izan ziren eta beste %50a Nafarroako gainerako tokietakoak. Arazuriko laborategiaren jardunean, tokiko araztegi txikien sistemak kontrolatzea (120) eta Iruñerriko industrien isurketak kontrolatzea nabarmendu ziren.

Arazketa-prozesuan sortutako lohiak nekazaritzan birziklatzea 

Arazketa-prozesuan 41.742 tona lohi sortu ziren, azken bost urteetako batezbestekoa baino %14,08 gehiago, eta haietatik 32.657 tona nekazaritzaren bidez birziklatu ziren. Gainerakoak, 9.085 tona, araztegian jasotako hondakin berdeekin batera, konposta egiteko baliatu ziren.

Nekazaritzako sailetara bideratutako lohiak, batez ere Nafarroako Erdialdera, gai organikoetan dituzten eduki altuengatik nabarmentzen dira (%65 baino gehiago) eta ongarriengatik (nitrogenoa eta fosforoa). Duela 25 urte baino gehiago Arazuriko lursail esperimentalean Nafarroako Gobernuko INTIA enpresa publikoak egiten dituen probasaioetatik abiatuta lortutako gomendio agronomikoen arabera egin ziren aplikazioak.

Irozko Erdi Aroko zubia zaharberritzea eta Areatzea lehengoratzea 

Pandemia-urte honetan, ibai-pasealekuaren eta Iruñerriko Ibai Parkeko jolas- eta aisia-eremuen erabilera masiboa izan da. 

Alde batetik, Irozko Erdi Aroko zubia zaharberritu izana nabarmendu behar da. Besteak beste, zubiari atxikita zegoen kanalizazioa kendu zen eta segurtasuna hobetu zen, kanalizazioa zubiko taularen barnean sartuta. Halaber, inguru horretako landaredia garbitu zen eta argiteria publikoa jarri zen.   

Beste alde batetik, Uharten, Areatzeko meandroa lehengoratzeko prozesuaren jarraipen moduan, 2020an, bertara iristeko bidea eta zaldaina egokitzeko lanak eta gozamenerako bizikleta-zirkuitu bat sortzekoak egin ziren. Berroako gunea handitu zen, meandroaren ondoan kokatua, mahaiak eta erretegi berria jarrita. Eta horrez gain, inguru horretan dagoen Krainer horma konpondu zen, Arga ibaian uraldiak gertatzen direnean babesteko. 

Bi zaldain, Ororbia eta Ibero artean

2020an, Ibai Parkea Arga Behereko zatian handitzeko obrak hasi ziren. Guztira, 5.200 metro izanik, Arazuri eta Ibero herriak elkartuko ditu, Oltza udalerrian. Joan den abenduan, bi zaldain jarri ziren: bata Iberon, 38,74 metrokoa, eta bestea Ororbian, 66,70 metrokoa. Pasealekua 2021 honetako otsailean inauguratuko da. 

Beste albiste batzuk

  • Erakundeak iraunkortasunarekin duen konpromisoa nabarmendu du Campiónek, bere jarduketa guztiak markatzen dituena
  • Parte hartzeko, Mankomunitatearen webgunean izena eman behar da: www.mcp.es
  • Gainera, gaueko zerbitzuaren ordutegia pandemiaren aurreko bera izatera itzuliko da