Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2021/11/24

IMk heziketa-eskaintza aurkeztu du, jarduera digital eta aurrez aurrekoekin

Eskaintzak 1.500 erreserba baino gehiago ditu dagoeneko, 32.000 parte-hartzailerentzat

Mankomunitateko Ingurumen Heziketarako Programak 2021-22 ikasturte honetarako bere heziketa-proposamena aurkeztu die Iruñerriko ikastetxeei. Ikasturtean zehar, jarduera digitalak eta aurrez aurrekoak konbinatuko ditu jardueren programa horrek. 

Eskaintza digitala joan den ikasturtean bururatu eta antolatu zen, pandemiaren ondorioz, mugikortasuna eta interakzio pertsonala murrizteko. Edonola ere, irauteko ikuspegitik egin zen planteamendua eta horrek ahalbidetu du lanerako gune digital bati eustea, irakasleentzat eta ikasleentzat interesgarriak diren ikaskuntza-era berriak garatzeko, aurrez aurreko jardueren osagarriak direnak.  

Aurrez aurreko jarduerak berreskuratzeak barne hartzen ditu urteetan zehar gehien eskatu izan direnetako batzuk, hala nola ura tratatzeko instalazioetara eta Mankomunitatearen hondakinak tratatzeko zentrora bisitak egitea. Edukierak handitzea pixkanaka ahalbidetzen doa mugak dituzten jardueretan bisitari gero eta gehiagori arreta eman ahal izatea.

Gauden ikasturte honetarako eskaintza aurkeztu zaie jada ikastetxeei, eta baditu dagoeneko 1.500 erreserba, guztira, 32.000 parte-hartzaile hartzen dituztenak. 

Emendatzea, mailaka 

Jardueren eskaintza mailaka emendatuko da ikasturtean zehar, jarduera digitalak eta aurrez aurrekoak nahastuta. Ikasturtea jarduera digitalak, aurrez aurreko tailerrak eta Iruñerriko Ibai Parkerako eta Mendillorriko ur-biltegietarako bisitak eginez hasi da. Eta urtarriletik aurrera, gainera, Mankomunitatearen gainerako instalazioetarako aurrez aurreko bisitak egingo dira. 

Berrikuntzen artean, klima-aldaketarekin eta aztarna hidrikoarekin lotutako edukiak nabarmendu behar dira. Gainera, hil honetan, azaroan, jarduera berriak hasi dira Emausko Trapuketariek Berriozarren duten zentroan. Hain zuzen, bisita bat da, ehunen atalaz gain, hondakin elektriko eta elektronikoena eta tamaina handikoen arloa ere ezagutzeko bidea emango duena. Zentro horretan, gainera, ihes-joko bat jarri da martxan, ekonomia zirkularraren kontzeptua jorratzeko bertan.

Orain arte, uraren arloan, gehien eskatu diren jarduerak hauek izan dira: “Uraren bidaia” tailerra, “Zer egiten dut ura zaintzeko?” bisita Mendillorriko ur-biltegietan, eta “Arazuri eta arazketaren erronka berriak” jarduera. Hondakinekin lotuta, “Sorkuntza hondakinekin”, “Hondakinik gabeko hamaiketakoa” eta “Nola egin paper birziklatua” tailerrak nabarmendu behar dira. Iruñerriko Ibai Parkeari eskainitako arloan, “Ezagutu Ibai Parkeko bizitza” bisita aipatu behar da, Atarrabiako eremuan egiten dena. Azkenik, Hiri Garraioaren arloan, “Klima-aldaketa eta arnasten dugun airea” tailerra aipatu behar da, Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako ikasleentzat. Tailer horretan, zehazki, arnasten ditugun gasetako batzuk ezagutu eta neurtu ahal dira ikastetxe bakoitzaren inguruan, gure osasunean eta planetarenean dituzten eragin eta ondorioak aztertzeko. 

Heziketa-eskaintzari buruzko informazioa

Xeheki ezagutzeko heziketa-eskaintza programetako bakoitzean, Mankomunitatearen heziketa-programaren webgunea bisita daiteke (www.mancoeduca.com), eta Twitterreko eta Instagrameko kontuak (@mancoeduca). Horrez gain, 948 203444 telefono-zenbakira deituta edo atencion@mancoeduca.com helbide elektronikora idatzita ere egin daitezke kontsultak. 

Beste albiste batzuk

  • Horiek egiten ari diren pertsonek etxera joateko hitzordua eskatzen dute objektu bat entregatzeko, bi euro ordaindu ondoren
  • European Week for Waste Reduction ekimenaren webgune ofizialean eman du izena Mankomunitateak, ekintzen garatzaile moduan
  • Gaur martxan jarri dira bilketa pneumatikorako bi zentral, Lezkairun eta Erripagañan