Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2022/06/28

IMk %29 murriztu du bere karbono-aztarna 2014az geroztik

Isurpen guztietatik, %4 Uraren Ziklo Integralari dagozkio, %28 EHGari eta %68 hondakinen kudeaketari

Iruñerriko Mankomunitateak eta hura kudeatzeko SCPSA sozietateak 2021ean karbono-aztarna %1 murriztea lortu zuten 2020arekiko, eta %29, 2014. urtearekiko, lehen erregistroa egin zen urtearekiko, hain zuzen. 
 
2014az geroztik, IMk eta SCPSAk urtero kalkulatu eta egiaztatzen dute beren karbono-aztarna enpresa zertifikatu baten bidez eta, aldi berean, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren Erregistro Nazionalean inskribatzen dute. Karbono-aztarna horrek ahalbidetzen du erakundeak ematen dituen zerbitzuen ondorioz atmosferara aireratzen diren berotegi-efektuko gasen isurpenak kuantifikatzea. Horrenbestez, jarduera horrek berotze globalean eragiten duen inpaktua ezagutzeko bidea ematen du kuantifikazioak, eta, hartara, berotegi-efektuko gasen isurpenak murrizteari ekiteko funtsezko lehen pauso bihurtzen du karbono-aztarna. 
 
2021eko Berotegi Efektuko Gasen (BEG) isurpenetarako egindako kalkuluak 42.978 tona CO2baliokide zenbatu ditu, eta haietatik %4 Uraren Ziklo Integralari dagozkio, %28 Eskualdeko Hiri Garraioari eta %68 hondakinei.

Karbono-aztarna murrizteko ekimenak

Karbono-aztarna murrizte aldera, Mankomunitateak eta hura kudeatzeko SCPSA sozietateak hainbat ekimen jarri dituzte abian. Haien artean, garrantzitsuenak dira hondakinetako gai organikoak bereiztea, 5. edukiontziaren eta etxeko eta auzoko konpostajearen bidez, eta Eskualdeko Hiri Garraioan autobus hibridoak eta elektrikoak sartzea. Beste ekintza aipagarri batzuk dira Egillorko EUTEn (hidrotermia) eta Urtasungo EUTEn (egurrezko pelleten biomasa baliatzen duen galara) klimatizazio-sistemak instalatzea, gasak bulkatutako kamioiak baliatzea Sareen eta Instalazioen Mantentze Zentroan, eta gas-ihesak gutxitzea Arazuriko HUAn.
 
Gogoan izan behar da IMren berotegi-efektuko gasen isurpenen eragile nagusiak gainerakoen frakzioarekin batera botatzen diren eta Gongorako zabortegira bideratzen diren gai organikoak direla. Hori dela-eta, behar-beharrezkoa eta nahitaezkoa da etxebizitzetan gai organikoak bereiztea eta 5. edukiontzira botatzea. Alde horretatik, IM eta SCPSAren erronka handiak dira 5. edukiontziaren bidez gai organikoen bilketa handitzea eta Iruñerriko Ingurumen Zentroa eraikitzea Garraioaren Hirian (Imarkoain), gai organikoak lurperatzeari uzteko eta nabarmen gutxitzeko hondakinak tratatzearen ondoriozko BEGen isurpenak. 
 
Isurpenen eta kutsadura atmosferikoaren bigarren iturria hondakinetako kamioien, hiri-garraioko autobusen eta erakundeko ibilgailuen gasolio-kontsumoa da. Isurpen horiek murrizten joateko helburuarekin, Mankomunitateak sei urte daramatza billabesa hibridoak sartzen EHGaren flotan eta 2022 honetatik aurrera gasolioa erabiltzeari utziko dio, soil-soilik jatorri berriztagarriko gasa eta elektrizitatea erabiltzen dituzten autobusak sartzeko flotan.

Isurpenak konpentsatzea

Amaitzeko, nabarmendu behar da IM eta SCPSA 2018az geroztik isurpenak konpentsatzen ari direla. Zehazki, ‘Calculo-Reduzco-Compenso’ zigilua (Kalkulatzen dut-Murrizten dut-Konpentsatzen dut) lortu zuen Espainiako lehen toki-erakundea izan da, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioarena (MITERD), bere jardueraren hiru norainokoetarako. Erakundearekin lan egiten duten 17 enpresak, guztira, beren jardunean sortzen dituzten BEGen isurpenak konpentsatzen dituzte. Gainera, gogora ekarri behar da IMk isurpenak konpentsatu ahal izan dituela Areatzeko meandroa lehengoratzeari esker, Uharten, Iruñerriko Ibai Parkean. Zehazki, Nafarroko lehen karbono hustuleku moduan erregistratuta gelditu zen.
 

Beste albiste batzuk