Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2020/11/16

IMk 2021erako aurrekontuak onartu ditu, 131,6 milioi eurokoak, eta zerbitzuei eta inbertsioei eutsi die

Halaber, Uraren Ziklo Integralaren, hondakinen eta EHGaren tarifak onartu ditu, 2020ko tarifekiko aldaketarik gabe

Iruñerriko Mankomunitateak, gaur goizean Ezkabarteko udal-kiroldegian egin duen Batzar Nagusian, erakundearen 2021erako aurrekontuak onartu ditu. 2020ko aurrekontuen aldean, 7.582.808,08 euroko jaitsiera izan dute, hau da, %5,44koa. Hain zuzen, 2021erako aurrekontu bateratua 131.590.840,83 eurokoa da, eta aldeko 32 boto izan ditu eta aurkako 20. Hurrengo urterako onartutako kontuek 40.575.422,93 euroko inbertsioak egitea aurreikusten dute. 

Aurrekontu oso horretatik 85.402.434,12 euro Iruñerriko Mankomunitateko sozietateari dagozkio, Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietateari (SCPSA). Zehazki, 2020rako egin zen aurrekontuaren aldean (84.772.068,55 euro), %0,74 gehiago da.

Inbertsioen atalean, partida hauek nabarmendu behar dira: gai organikoak, ontziak-materialak eta gainerakoen frakzioa tratatzeko plantarako lursailak eskuratzekoa (9.466.071 euro), salestarren eraikinean IM eta SCPSAren egoitza berria kokatzekoa (5.701.636 euro), Uraren Ziklo Integralaren azpiegituretan eta instalazioetan obrak egitekoa (8.783.392 euro), eta ibai-pasealekua Urbi eta Elortz ibaietan handitzekoa (1.600.000 euro). Azkenik, beste batzuen obra moduan, Goñi herria hornitzea (886.138 euro) eta Garraioaren Hiria eta Elortzeko industrialdea (2.000.000 euro) hornitzea adierazi behar dira. 

Gastu arrunta ahalik eta gehiena eutsita egin dira aurrekontu hauek, baina aurreikusita zeuden inbertsioak mantenduta, pandemiak eragindako zailtasun ekonomiko handiko une hauetan ekonomia dinamizatzeko saiakera eginez. Egoera honek ekarriko dio SCPSAri 2020rako 2.800.000 euroko diru-sarrera jaitsiera zenbatetsia, beren jarduera eteteagatik ukitutako negozio-lokalei hondakinen fakturazioa murriztu delako nagusiki, uraren eta hondakinen zerbitzuetarako dauden gizarte-tarifei heldu dieten pertsonen kopurua handitu delako eta, azkenik, berankortasuna handitu delako. Eskualdeko Hiri Garraioan, bidaiarien kopurua gutxitzeak ekarriko duen diru-sarreren jaitsiera 6.000.000 eurokoa izango dela zenbatesten da. 

Beste alde batetik, gaur goizean, 2021erako prezioen ordenantzak onartu dira: Uraren Ziklo Integralekoak (2019ko eta 2020ko ekitaldietako prezioei eutsi zaie), hondakinetakoak (2020ko prezioei eutsi zaie) eta Eskualdeko Hiri Garraiokoak (zazpigarren urtez jarraian, ez dute igoerarik izango). Taxiaren zerbitzuari dagokionez, tarifetan jasota dago eguneratzea, 2018an egin zen tarifen berregituratzean aurreikusi zen moduan. 

Epe luzerako Plan Estrategikoa

Batzar Nagusiak, gainera, erakundearen 2017-2030erako Plan Estrategikoa berrikusi eta eguneratzea onartu du. Egoki jo da analisirako gune bat zabaltzea, non duela lau urte zehaztutako erronka eta proiektuetako asko berresten diren eta erronka berriak beste batzuetan orientatzen diren berriro, aurreikusten diren etorkizuneko egoeretan gizarteari erantzuteko modu onena bilatzen. 

Planak sei ardatz estrategiko jasotzen ditu:  

  • Erakunde-esparrua. Bertan, Ezkabako Eskualde Parkearen kudeaketa eta IMren eta SCPSAren instalazio kritikoen ingurunean arriskuen prebentzio-paisaietako proiektuak egitea nabarmendu behar dira. 

  • Herritarrekiko eta ingurunearekiko harremanak, gardentasunean sakontzeko, aldaketarako faktore gisa, eta herritarrak inplikatzea sustatzeko, parte-hartze prozesuak antolatuta.

  • Zerbitzu iraunkorrak herritarrentzat. Uraren Ziklo Integrala: kontsumoko uraren hornidura bermatzea, eta bai hondakin-uren arazketa eta saneamendua ere, eta ibai-pasealekua handitzea, eskualde-mailako mugikortasunerako ardatz moduan. Hondakinak: hondakinak gutxitzea eta jatorrian bereiztea maximizatzea, bilketa eraginkorra eta, bukatzeko,  tratamendua eta balorizazioa, azken isurketa minimizatzeko. Eskualdeko Hiri Garraioa eta Taxia: mugikortasun-eredu berri bat bultzatu eta babestea Iruñerrian, finantza-esparru egonkorra ematea EHGari COVID-19aren ondorengo aldian, eta taxiaren sektorea modernizatu eta optimizatzea. Klima-aldaketa: Mankomunitatea 2030ean neutroa izan dadila lortzeko helburua.

  • Bultzada teknologikoa. Zerbitzuak ematean eta herritarrekin harremanak izatean aldaketa disruptiboak sortzeko bidea emango duten hobekuntzak eta tresnak ematea erakundeari. 

  • Pertsona antolatuak. Lanerako esparru bat edukitzea langileentzat, bilakaera antolatzailea eta teknologikoa barne hartuko duena, erakunde malguagoa, arinagoa eta zeharkakoagoa lortze aldera. Ardatz honen barnean dago IM eta SCPSAren egoitza berria.

  • Baliabide ekonomikoak. Pandemiaren aurretik ikusten ziren egiturazko joerak ebaluatzen jarraitzea, eta epe luzerako eraginak ebaluatzea, bai pandemiaren ondoriozkoak eta bai negozioaren beraren bilakaeraren ondoriozkoak.

Dokumentua Urteko Kudeaketa Planek biribiltzen dute. Zehazki, Plan Estrategikoan ezarritako ildoak garatu nahi dituzte, epe labur eta ertainerako ekintza jakinen bidez. Hartara, 2021erako Urteko Kudeaketa Planak 10 egitasmo biltzen ditu, eta haien artean hauek nabarmentzen dira: 2030erako, karbonoari dagokionez, erakundea neutroa izatea lortzeko helburua; garraioa ordaintzeko eta kargatzeko modalitate berriak; edukiontziak zabaltzeko sistema ezartzea hedatzea; eta etxebizitzetako eta merkataritzako hondakinak tratatzeko zentro berria gauzatzean aurrera egitea. 

Beste albiste batzuk

  • Ostiral, larunbat eta jaiegunen bezperetako gauetako gaueko zerbitzuaren ordutegia luzatu da
  • Udazken honetan, sistema berria Mendillorrin, Sarrigurenen, Zabalguneetan, Beloson, Lezkairun, Erripagañan, Arrosadian eta Mutiloan...
  • Helburua da urtegiaren hondoan dauden manganesoa eta burdina kentzea, horrek uraren kalitatea hobetzeko bidea ematen baitu