
Iltzarbeko Erdi Aroko zubia zaharberritzeko lanak amaitu dira, Ollaranen
Duela gutxi amaitu dira Iltzarbeko (Ollaran) Erdi Aroko zubia zaharberritzeko joan den irailean hasi ziren lanak. Proiektuaren emaitzaren berri izateko, gaur goizean toki horretan izan dira Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari eta Ollarango alkatea, David Campión, eta Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietateko kudeatzailea, Alfonso Amorena.
Zubia Udarbe ibaiaren gainean dago, eta zirkuluerdi-formako arku nagusi bat du, gutxi gorabehera 20 metroko argia duena horma-bularren artean. Zubiak ez du karelik, eta, horrenbestez, ez zen oso segurua pertsonak igarotzeko. Harzola hondatuta zegoen denboraren joanaren ondorioz.
Zaharberritze-lanak izan dira hondatuta zeuden inguruak lehengoratzea eta babes-hormak sendotzea. Era berean, harzola berritu da eta zeuden harriak garbitu egin dira, kalte hartuta zeuden tokietan junturak berdintzeaz gain. Euskarriak eta kateak jarri dira, segurtasuna handitzeko, eta elementu horiek zubiarekin berarekin integratzea bilatu da, zubiaren estetikari eusteko. Azkenik, zubia babesteko eta ikuspena hobetzeko, ertzetan landaredia garbitzeko lanak egin dira.
Iruñerriko Mankomunitateak eta Ollarango Udalak 2022. eta 2023. urteetarako izenpetutako hitzarmenari esker egin ahal izan da proiektua, eta aurrekontua 20.759,47 eurokoa izan da, gehi BEZa.
Ollaranen egokitu den pasealeku baten barnean dago zubia. Hain zuzen, ibilbide zirkular baten bidez, pasealekuak Artetako iturburutik eta gatzagetako pasealekutik gertu dauden herri eta bazter nabarmenenak konektatzen ditu.
Beste albiste batzuk
- Mankomunitateak gomendatzen du arreta berezia jartzeko prebentzio neurrietan, izotzak kontagailu eta hodietan izan ditzakeen eraginak...
- Bio-hondakinen kudeaketa konpostaren bidez egingo da osorik
- Orain arte, ostegunetako gaueko zerbitzua 00:00etan amaitzen zen