Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Parkearen jatorria

 

1950eko eta 1960ko hamarkadetan izan zen urbanizatze prozesuaren ondorioz, kalte berezia eta handia egin zitzaien eskualdeko ibai inguruneei. Gero, ibai ingurune horiek lehengoratzeko aurreneko pausoa saneamenduko kolektoreak egitea izan zen. Hartara, hondakin urek edo ur zikinek ez zieten kalte egiten ibaiei, Arazuriko Hondakin Uren Araztegiraino bideratzen baitziren. 1990az geroztik bertan arazten dira ur zikin horiek.

Testuinguru horretan, ibaien uberkak lehengoratzea beste aurrerapauso bat zen gure ibai inguruneetako balio naturala gordetzeko asmoan. Burlata, Atarrabia, Uharte, Zizur Nagusia, Barañain, Egues, Ezkabarte eta Esteribarko udalak horretaz ohartu ziren eta eskualdeko ibai parke bat sortzeko oinarriak ezarri zituzten. Ibai parke hori sortzeak ekarri behar zuen Arga, Ultzama eta Elortz ibaien ertzak lehengoratzea, udalerri horiei zegozkienak. Hartara, Nafarroako Gobernuarekin eta NILSA sozietate publikoarekin, 2000ko urtarrilaren 12an, Iruñerriko Ibai Parkearen Partzuergoa sortu zuten.

Partzuergo horren asmoa zen Arga ibaiaren eta horren adarren inguruak lehengoratzea, beharrezkoak ziren garbiketa eta lehengoratze neurriak hartuta, honako hiru helburu hauekin:  

  • ingurumen helburua, landare eta animalia espezieei jarraipena emateko korridore berde handi bat sortzeko. 
  • aisia helburua, pasealeku jarraitu bat egokitzeko oinezko eta txirrindularientzat, eta bai jolas edo aisia eremuak ere, azpiegiturez eta eremu landatuez hornituak, herritarrek gozatzeko. 
  • kultura helburua, parkean dagoen ondarea lehengoratzeko: errotak, zentral hidroelektrikoak, pilategiak…

2003ko udaberrian inauguratu zuten parkea, eta Partzuergoak bere gain hartu zuen kudeaketa. Kudeaketa horrek lan osagarriak eta azpiegiturak konpontzea hartu zuen. 2006an, uraren ziklo integralarekin bat zetorren ikuspegi bat emateko xedearekin, Partzuergoak hitzartu zuen Iruñerriko Mankomunitateari ematea ibai parkearen kudeaketa 2007tik aurrera, Partzuergoa bera desegitearekin batera.