
IMk ‘intsektuentzako hotela’ kokatu du Areatzeko meandroan (Uharte)
Aste honetan, Iruñerriko Mankomunitateak ‘intsektuentzako hotela’ kokatu du Areatzeko meandroan (Uharte): ingurunearen naturalizazioa sustatzen duten espezie desberdinentzako babeslekua den egitura artifizial bat.
‘Hotela’ erabiltzea espero den espezieen artean, osmia bicolor izenekoa dago –erle txiki bakarti bat, oso onuragarria, egiten duen polinizazio-lanarengatik–, eta bai amona mantangorriak, zizareak eta kakalardoak ere.
Ornitolan Servicios Medioambientales enpresak kokatu du instalazioa, eta hura eraikitzeko Arazuriko Hondakin Uren Araztegiko inauste-hondakinak erabili ditu. Urez bete ohi den inguru bat izatean, urarekin arazoak izatea saihesteko, meandroan altuen dagoen kokalekua aukeratu da. Gainera, hegoalderantz kokatu da egitura, eguzki-erradiazioa ahalik eta gehiena aprobetxatzeko eta intsektuak bertara joatea laguntzeko baldintza garrantzitsua baita.
‘Intsektuentzako hotelaren’ ondoan, azalpenak emateko mahai bat kokatu da, Areatzeko meandroa lehengoratzeko prozesua, 2009an hasi eta 2020an amaitu zena, zehazki kontatze aldera.
Meandro lehengoratua
Areatzeko meandroa Arga ibaiaren ezkerreko ertzean dagoen inguru bat da, Uharte udalerrian. Inguru horrek kalte larriak izan zituen 2004an eta 2005ean, ondoan dagoen Aretako industrialdea handitzeko obretatik heldu ziren materialen zabortegi moduan erabili baitzen. 2009an, meandroaren lehengoratze hidrologikoa egiteko proiektua onartu zen. 2017an, obra-hondakinak ateratzeko lanak egin ziren, eta 2018an Uhateko Udalak meandroko 45.000 metro koadro laga zizkion IMri, Iruñerriko Ibai Parkean sar zitzan. Azkenik, Mankomunitateak, Uharteko Udalarekin batera, hainbat lan eta esku-hartze egin zituen lehengoratze hidraulikoa, ingurumenekoa eta paisaiakoa egiteko proiektuaren barnean, Uhartetik hurbil dagoen inguru hau leheneratzeko bidea eman dutenak.
Nafarroako lehen CO2 hustulekua
2021eko martxoaz geroztik, Areatzeko meandroa (Uharte) Trantsizio Ekologikorako Ministerioan erregistratuta dagoen Nafarroako lehen CO2 hustulekua da. CO2 hustulekuak atmosferako CO2-a era naturalean xurgatzen duten lekuak dira, metatzeko.
Meandroa lehengoratzeko prozesuak barne hartu zuen 1.195 zuhaitz landatzea, beste espezie batzuen artean, Populus alba (zurzuria), Crataegus spp. (elorri zuria) eta Salix spp. (sahatsa). Hustuleku honek 30 urtean izango duen xurgatzeko ahalmena 503 tona CO2-koa izango da.
Gogoan izan behar da Mankomunitateak eta bera kudeatzeko SCPSA sozietateak hainbat ekimen jarri dituztela abian karbono-aztarna murrizteko, 2030ean erakunde neutroa izateko, IMren eta SCPSAren Klima Aldaketarako eta Energiarako Estrategian jasota dagoen moduan. Haien artean, garrantzitsuenak dira hondakinen arloko ekintzak, hondakinetako gai organikoak 5. edukiontziaren eta etxeko eta auzoko konpostajearen bidez bereiz biltzea, eta bai hondakinak tratatzeko Iruñerriko ingurumen-zentro berriaren proiektua ere.
Beste albiste batzuk
- Proiektua Txulapain ibaiaren saneamenduaren aldeko apustu handia da
- Erakusketetako bi, ‘Bigotes’ eta ‘Comedy Wildlife Photo’, apirilaren 6tik aurrera bisitatu ahal izango dira, osteguna
- Iruñerrian konposta egiten duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute