Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai parkea
2021/03/30

IMk Areatzeko meandroa (Uharte) Nafarroako lehen CO2 hustuleku gisa erregistratu du

Aurreikusita dago Ibai Parkean sortu den baso berri horrek 503 tona CO2 xurgatzea 30 urtean

Martxo honetatik aurrera, Areatzeko meandroa (Uharte) Nafarroako lehen CO2 hustulekua da, Trantsizio Ekologikorako Ministerioan erregistratua, Estatu osoko beste 64 tokirekin batera. 

Iruñerriko Mankomunitatea hainbat ekintza gauzatzen ari da isurpenak murrizteko, esate baterako, hondakinetatik eta hondakin-uretik abiatuta ekoitzitako energia berriztagarriak erabiltzea, energia elektrikoa ekoiztea instalazio fotovoltaikoetan, ibilgailu elektrikoak erabiltzea bere flotan eta 9. linea (Renfe – Nafarroako Unibertsitate Publikoa), EHGan sartutako gainerako autobus hibridoez gain, eta energia elektriko berdea erostea. Edonola ere, erakundea ‘isurpenik gabea’ izatea lortzeko, ekintza horiek beste batzuekin osatu behar dira; isurpenak konpentsatzeko bidea ematen duten beste batzuekin, zehazki: alde batetik, CO2 xurgapenak edo absortzioak erostea proiektuen bankuetan, eta, bestetik, CO2 hustulekuak sortzea (atmosferatik gas hori erauzten duten eta metatzen duten sistemak). 

Areatzea, meandro lehengoratua

IMk Areatzeko meandroa lehengoratu izana aurreko urteko ekainean aurkeztu zen. Arga ibaiaren ezkerreko ertzean dagoen inguru bat da, Uharte udalerrian. Meandro horrek kalte larriak izan zituen 2004an eta 2005ean, ondoan dagoen Aretako industrialdea handitzeko obretatik heldu ziren materialen zabortegi moduan erabili baitzen. 2009an, meandroaren lehengoratze hidrologikoa egiteko proiektua onartu zen. 2017an, obra-hondakinak ateratzeko lanak egin ziren, eta 2018an Uhateko Udalak meandroko 45.000 metro koadro laga zizkion IMri, Iruñerriko Ibai Parkean sar zitzan. Azkenik, erakunde erkidetuak hainbat lan eta esku-hartze egin zituen lehengoratze-proiektuaren barnean, Uhartetik hurbil dagoen inguru hau leheneratzeko bidea eman dutenak.

503 tona CO2 30 urtean

Meandroa lehengoratzeko prozesuak landaketa bat hartu du barne, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak ezarritako irizpideen arabera (azalera, oinak/plantazio hektareako…), eta horren ondoren hustulekuen erregistroan inskribatu da. Aurreikusita dagoenez, sortu berri den baso horrek 503 tona CO2 xurgatuko ditu 30 urtean. Ministerioaren irizpideen arabera, orain bertan 92 tona CO2 daude erabilgarri, aurrerakin moduan eman direnak, IM eta SCPSAren isurpenen balantzean sartu ahal izateko. Basoa hazten doanean, gelditzen diren 411 tonak pixkana erabiltzen joan ahal izango da. Edozein kasutan, hemendik bost urtera, basoa nola dagoen aztertuko da eta horrek ahalbidetuko du zuhaitzen hazkuntza zehaztea eta berriro kalkulatzea CO2 isurpenak hartzea. 

Iruñerrian egin daitezkeen beste proiektu batzuk esploratzen jarraitzen du IMk, hala nola larre iraunkorrak sortzea eta hezeguneen ingurunea babestea. Helburu horretarako, hitz egiten da lehenago aipatu den ministerioarekin.

Klima Aldaketarako eta Energiarako Estrategia

IMk eta bera kudeatzen duen SCPSA sozietateak %1,3 murriztu zuten 2019an beren karbono-aztarna, 2018ko datuarekiko, eta hori, era berean, 2014ko datuarekiko %21,7 murriztea izan zen, urte horretan egin baitzen lehen erregistroa. AENOR erakundeak egiaztatu eta zertifikatu du karbono-aztarna hori, eta jarduera jakin baten ondorioz atmosferara isurtzen diren berotegi-efektuko gasen isurpenak kuantifikatzeko bidea ematen du. 

Gainera, joan den otsailean, IMk bere ‘Klima Aldaketarako eta Energiarako Estrategia’ onartu zuen, karbonoari dagokionez 2030ean erakunde neutroa izateko xedea duena, Europako helburuan 20 urtean aurreratuta. 

Adierazi den moduan, Mankomunitateak eta bera kudeatzeko SCPSA sozietatek hainbat ekimen jarri dituzte abian, beren karbono-aztarna gutxitzeko. Haien artean, garrantzitsuenak hondakinen arloko ekintzak dira, gai organikoak bereiz biltzea 5. edukiontziaren eta etxeko eta auzoko konpostajearen bidez, eta Iruñerriko ingurumen-zentro berria hondakinak tratatzeko.

Beste albiste batzuk