Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai parkea
2022/03/10

400 pertsona elkarlanean aritu ziren ibaiak garbitzeko bi jardunaldietan, Iruñerriko Ibai Parkean

Guztira, 9.000 kilogramo hondakin baino gehiago bildu ziren ibaien inguruetan

400 pertsona inguruk parte hartu zuten Iruñerriko Mankomunitateak ibaiak garbitzeko antolatu zituen bi jardunaldietan. Bi auzolan horiek, hain zuzen, otsailaren 26an (Arga Garaia eta Ultzama) eta martxoaren 5ean (Arga Beherea, Elortz eta Arakil), larunbatak, egin ziren, eta guztira 9.000 kilogramo hondakin baino gehiago bildu dira.

Lehenbiziko jardunaldiak, otsailaren 26koak, Atarrabia, Uharte, Burlata, Ezkabarte eta Esteribarko inguruak hartu zituen. 125 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten, eta ibaien ingurunean 3.000 kilogramo hondakin baino gehiago bildu zituzten, plastiko txikiak, gurpilak, tamaina handikoak eta egurrezko paletak, besteak beste.

Bigarren jardunaldia, berriz, joan den larunbatean egin zen, martxoak 5, eta Barañainen, Arazurin, Ororbian eta Iberon aritu ziren (Iruñerriko Ibai Parkearen barnean), eta bai egungo ibai-parkearen barnean ez dauden beste leku batzuetan ere, esate baterako, Etxaurin, Etxarrin, Ziritzan, Bidaurretan, Oltza Zendean eta Ollaranen. Bigarren auzolan honetan 270 lagun inguru aritu ziren, eta 6.000 kilogramo hondakin baino gehiago jaso zituzten. Haien artean nabarmendu behar dira bidoiak, tamaina handiko plastikoak eta bai metalezko hondakinetarako edukiontzi bat ere.

Gero, boluntarioen taldeek gune desberdinetan utzi zituzten hondakinak auzolanen ondorengo egunetan bildu ziren.

Jarduketa-plan berezia

Iruñerrian 2021eko abenduan eta 2022ko urtarrilean gertatu ziren uholdeen ondorioz, kalte larriak izan ziren Ibai Parkean. IMk jarduketa-plan berezia jarri zuen abian, parkearen ohiko egoera ahalik eta azkarrena lehengoratzeko helburuarekin. Lehenbiziko neurriek segurtasuna bermatzean eta tokia herritarrentzat zabaltzean jarri zuten arreta. Ondoren, garbiketa-lanak eta kalteak konpontzekoak egin ziren. Era berean, garrantzi handiagoko beste jarduketa batzuei heldu zaie, hala nola Arazuri – Ibero zatia birgaitzeari, eta aurreikusita dago apirilean amaitzea jarduketa hori.

Aldi berean, aipatu diren boluntariotza-jardunaldiak antolatu zituen Iruñerriko Mankomunitateak, ukitutako inguruetako udalen laguntzarekin.

35 kilometrotik gorako ibai-pasealekua

Iruñerriko Ibai Pasealekua Arga, Ultzama eta Elortz ibaien ertzean dago, eta 35 kilometroko baino gehiagoko korridore berde bat da. Ipar-ekialdetik hego-mendebaldera doa, Soraurendik eta Iroztik Iberoraino. Iruñetik igarotzean, Arga ibaiak 16 kilometro gehitzen dizkio parkearen luzerari, udal-barruti horretan duen ibilbidearenak, hain zuzen.

Ibai Parkeak ibaiko ekosistemak babesten ditu, eta ibilbidea eskaintzen du eskualdeko ibaiei lotutako arkitektura- eta industria-ondarearen bidez. Bizitza naturalerako babeslekua da, eta espazio irisgarria da oinezko eta txirrindularientzat, aisiarako, kirolerako eta gizarte-arloko ekitaldietarako baliatzen dena.

Beste albiste batzuk

  • Iruñeko Planetarioan izango dira, urriaren 19an eta 20an. Eta horiek osatzeko, konpostajeari eskainitako beste bi jardunaldi egingo dira
  • IMk 5 milioi euro jasoko ditu NEXT GENERATION funtsetatik, inbertsio hau laguntzeko
  • 400 metroko luzerako hodi berri batek Munarrizko ur-biltegia Goñikoarekin konektatu du