Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2022/08/01

Nafarroako Kontseiluak aldeko irizpena eman du Iruñerriko Ingurumen Zentroaren kontratuen gainean

Navarra Sumak irizpena eskatu zuen, bermatzen zuen hirigintza-plana baliogabetu ondoren proiektura funts publikoak esleitzea zalantzan jartzean

Uztailaren 27ko saioan, Nafarroako Kontseiluak irizpena eman du Garraioaren Hirian Iruñerriko Ingurumen Zentroaren proiektua idazteko eta gauzatzeko formalizatutako kontratuen jarraitutasuna bateragarria dela ordenamendu juridikoarekin eta Administrazio Publikoak eraentzen dituzten printzipio nagusiak errespetatzen dituela. Hartara, joan den apirilean Navarra Sumak egin zuen eskaerari erantzun dio Kontseiluak, eskaera hartan alderdi politikoak galdetu baitzuen legezkoa den diru publikoa proiektu horretara bideratzea, hura bermatzen zuen hirigintza-plana -Nafarroako Gobernuak eta NASUVINSAk sustatutakoa- baliogabetu ondoren.

Gogora ekarri behar da Nafarroako Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko kontsulta-organo gorena dela, entzute handiko bost legelarik osatzen dutena. Irizpen edo txosten horretan, lehenik eta behin adierazten du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Nafarroako Gobernuaren akordioa, Garraioaren Hiriaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala (UPS) aldarazten zuen akordioa, baliorik gabe deklaratzea Ingurumen Zentroa UPS horretan sartzeak izaera substantziala edukitzearen ondoriozkoa zela, eta sartze hori egokia den herritarren parte-hartze prozesurik gabe eta jendaurrean edukitzeko izapiderik gabe izapidetu zela. Horrenbestez, prozedurazko arrazoiak izan ziren, eta ez hirigintza-erabilera ezintasunekoak, erabaki hori eragin zutenak”.

Bigarrenik adierazten du hirigintza-erabilera horren “ezintasuna” aldi baterako modukotzat eta denbora-tarte labur batean konpongarri modukotzat hartu behar dela, tratamendu-zentroaren plangintzan beharrezkoak diren aldaketak egiteko prozesu berri bat egiten ari baita une honetan.

Azkenik, Nafarroako Kontseiluak zehazten du egungo egoera ez dela “hurbiltzen kontratuak eta aurreikusitako epeak betetzea aintzakotzat ez hartzera, eta, gainera, lagundu egiten du hura betetzea, hura gauzatzeko etete-ahalmena erabili baita”.

Hitz batean, Nafarroako Kontseiluaren iritziz ez dago arrazoi juridiko nahikorik uste izateko Ingurumen Zentroaren proiektua idazteko eta gauzatzeko eta laguntza teknikorako formalizatutako kontratuen jarraitutasuna bateraezina dela ordenamendu juridikoarekin edo ez dituela errespetatzen Administrazio Publikoa eraentzen duten printzipio nagusiak. Halaber, Nafarroako Kontseiluak ohartarazten du, egun, “hura eteteak baliteke kausarik ez izatea eta ezustean justifikaziorik gabeko kostu bat ekartzea, adjudikaziodunari nahitaez eta legez eman beharreko kalte-ordainarengatik, kalte-galerengatik”.  

Adjudikatzailearen aurreikuspena eta erantzukizuna

Beste alde batetik, Nafarroako Kontseiluaren txostenak adierazten du SCPSAk (kapitala osorik Mankomunitatearena duen merkataritza-sozietatea) Kontratu Publikoen Foru Legean ezarrita dagoen prozedurari jarraituta lizitatu eta esleitu zituela kontratuak, Nafarroako Gobernuak onartu ondoren Garraioaren Hiria handitzeko UPSa aldatzeko espedientea, zeinetan barne sartzen zen Iruñerriko hondakinak tratatzeko zentro bat ezartzeko aukera. Alde horretatik, Nafarroako Kontseiluak nabarmentzen du SCPSAk gauzatutako kontratu-jarduna, zeinaren interesa denboran mantentzen den, baliozkoa eta eraginkorra izan zela.

Era berean, hau adierazten du: “Esleitutako kontratu horien edukia, baldintza teknikoen agiriarena eta aldeak elkarrekin lotzen dituzten administrazio klausulena, ere ezin dira kudeaketa publikoan erantzukizun-printzipioen kontrakotzat hartu, lortu nahi diren helburuetara egokitu gabekotzat, edo ezin da esan haietatik esleipen ez eraginkorra eratortzen dela eta baliabide publikoen erabilera ez eraginkorra eratortzen dela. Aitzitik, kontratuetan dauden akordioek islatzen dute adjudikatzailearen aurreikuspena eta erantzukizuna proiektua lortzean oro har gerta zitezkeen gertaerei aurrea hartzean, kontratistekin egon zitekeen harremanaren beraren kanpoko inguruabarrengatik”.

Aldi baterako etetea ekainaren 1etik aurrera

Gogoan izango denez, SCPSAren Administrazio Kontseiluak onartu zuen SCPSAren eta enpresa kontratistaren arteko kontratua aldi baterako etetea ekainaren 1etik aurrera. Etete horren arrazoia Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren abenduko epaien ondoriozkoa izan zen, Garraioaren Hiriaren plan sektoriala aldatzeko NASUVINSAk egindako jarduketa baliogabetu baitzuten.

Behin epai horietan ezarritakoari men eginda, bai NASUVINSAk eta bai Mankomunitateak berriro hasi zituzten Garraioren Hiriaren plan sektoriala aldatzea onartzeko beharrezkoak diren izapideak, eta bai Ingurumen Zentroaren beraren proiektu sektoriala onartzekoak ere, urte honen amaieran amaituta egon litezkeela aurreikusita. Akordio-proposamen horretan bertan ezarri zen aldi baterako etetea amaituko dela Nafarroako Gobernuak hirigintzako bi tresna horiek onartzen dituen egunean, obrak hasi ahal izateko egokiak diren izapideen ondoren.

Nahitaezko azpiegitura  

Iruñerriko Ingurumen Zentro berria eraiki eta abian jartzea ezinbesteko azpiegitura da Iruñerrian sortzen diren hiri-hondakinak tratatzeko, eta horrez gain, Europako, Estatuko eta Foru Komunitateko hondakinen arloko legeriaren arabera, nahitaez ezarri beharreko azpiegitura da. Azpiegitura abian jartzea atzeratzeak berekin dakar hondakinak tratatzeko gaian legezko betebeharrak betetzean berriro ere atzeratzea. Hori dela-eta, Mankomunitateak erabaki zuen urte honetako otsailean, behin epai horien berri izandakoan, proiektu osoan aurrera egiten jarraitzea behin behar bezala konpondu ondoren epai horietan adierazitako prozedurazko akatsak, Garraioaren Hiriaren plan sektorialari dagokionez.

Alde horretatik, Nafarroako Kontseiluak adierazten du kontsultapean jarritako kontratuen lizitazioa eta esleitzea xede horri zor zaizkiola.

 

Beste albiste batzuk