Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2021/05/11

IMren eta udalen arteko bilera, hondakinen ordenantza ez betetzeagatik zehapen-prozesuak koordinatzeko

Poltsak edukiontzietatik kanpo eta tamaina handikoak kalean botata uztearen kontra jardutea da xedea.

Atzo, astelehena, bilera egin zuten Iruñerriko Mankomunitateak eta udaltzaingoa duten eta hondakinen eremuaren barnean dauden zenbait udalek. 

Bilera hori bideokonferentziaz egin zen, eta 14 udalerri zeuden gonbidatuta parte hartzera. Hain zuzen, udal horiekin lankidetzan aritzeko hitzarmenak landu ziren, udaltzainen eta inspektoreen jarduna koordinatze aldera, poltsak edo tamaina handikoak kalean botatzeari dagokionez hondakinen ordenantza betetzen ez duten pertsonen edo establezimenduen aurka zehapen-prozesuak hasteko helburuarekin. 

Hauek dira gonbidatu ziren udalak: Antsoain, Aranguren (Mutiloa), Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Galar (Getze Galar), Uharte, Noain (Elortzibar), Iruña, Eguesibar, Atarrabia eta Zizur Nagusia.

Bilera horretan, azaldu zen kalean poltsak eta tamaina handikoak botata uztea arazo orokortua dela Iruñerrian, baina edukiontziak irekitzeko sistema berria ezarrita duten tokietan areagotu egiten dela arazo hori. Hori dela-eta, aurreikusita dagoenez sistema hori Iruñerriko hiri-eremu osora hedatzea, hitzarmen hau planteatu da, eta bere asmoa ez da dirua biltzekoa, disuasiokoa baizik, jardunbide txar horiek alboratzeko. Izan ere, hala jokatuta, birziklapena eta hondakinak zuzen kudeatzea galarazteaz gain, ingurumen- eta osasun-arazoak sor baitaitezke auzoetan. 

Poltsak edukiontzietatik kanpo eta tamaina handikoak kalean uztea ekiditeko IMk abiarazi dituen ekintzei gehitu behar zaie hitzarmen horiek izenpetzea: joan den apirilaren 26an hasi zen eta Artika Berrian eta Azpilagañan arreta jartzen duen informazio-kanpaina bat gauzatzea; gainerakoen edukiontziko sarrailak berriro programatzea Azpilagañan, asteko egun guztietan irekitzeko aukera izateko; eta, azkenik, irailetik aurrera instalatuko diren organikoen eta gainerakoen frakzioetarako edukiontzi berriak irekitzeko, pedalak edukitzea edukiontzi horiek. 

Hitzarmenean jasotako konpromisoak

Iruñerriko Mankomunitatearen hiri-hondakinen edukiontzietan hondakinak zaindu, ikuskatu eta kontrolatzeko lanak antolatzeko oinarriak finkatuko ditu lankidetza-hitzarmen bakoitzak, hondakinak gaizki botatzearekin lotuta legez kontrako ekintzak gauzatzea saihesteko helburuarekin. 

IMk bere gain hartuko dituen konpromisoak izango dira, lehenik eta behin, bera kudeatzeko sozietatearen bidez (SCPSA), araudia betetzea zaindu, ikuskatu eta kontrolatzeko aurretiazko lanen ardura hartzea, kontrol-lanak errazteko Udaltzaingoari beharrezkoa zaion informazioa emanez. Horrez gain, aurkeztutako salaketak kontuan harturik, dagozkion zehapen-espedienteak izapidetuko ditu IMk, haien garapenaren informazio osoa emanez ukitutako udaleko Udaltzaingoari. Azkenik, egoki jotzen den instalazioetan (saneamendu-sarea, edukiontzien irlak) aldian behingo desinfekzio-lanetan elkarlanean ariko da IM, dagokion udalari egindako lanen garapenaren informazio osoa emanez. 

Bere aldetik, hitzarmena sinatzen duen udal bakoitza, bere udaltzaingoaren bidez, kontrol-lanaz arduratuko da eta polizia-salaketako agiriak edo buletinak izapidetuko ditu. Agiri edo buletin horiek zehapen-espedientea hasteko beharrezkoak diren oinarrizko datuak edukiko dituzte: egilearen identifikazioa eta gertakarien deskribapena, bildutako frogak eta datu teknikoak, garrantzitsutzat jotzen badute, prozeduraren tramiteak egin ahal izateko. 

Hitzarmenaren indarraldia lau urtekoa izango da. Edonola ere, hitzarmenaren indarraldi hori amaitu aurretik, udalak eta IMk hitzartu ahal izango dute, berariaz eta idatziz, beste lau urtetarako luzatzea. 

Atzoko bileran partekatutako protokoloak, beste arau-hauste suposizio batzuen artean, hondakinak edukiontzietatik kanpo uztea jasotzen du, frakzioka bereizi gabe edo hondakinen frakzio bakoitzerako identifikatutakoak ez diren edukiontzietan, eta bai, behin hondakinak zuzen bota direnean, hondakin horiek lapurtzea ere. Betebehar horiek ez betetzea arau-hauste arintzat jotzen da ordenantzan, eta berarekin dakartza 100 euro (50 euro, azkar ordaintzen badira) eta 750 euro arteko zigorrak, arau-haustearen ezaugarrien arabera. 

Beste albiste batzuk

  • Erakundeak iraunkortasunarekin duen konpromisoa nabarmendu du Campiónek, bere jarduketa guztiak markatzen dituena
  • Parte hartzeko, Mankomunitatearen webgunean izena eman behar da: www.mcp.es
  • Gainera, gaueko zerbitzuaren ordutegia pandemiaren aurreko bera izatera itzuliko da