Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2022/10/14

IMk esker ona adierazi dio Mendillorriri, hondakinak gaika bereiztearekin duen konpromisoarengatik

Auzoko etxebizitza eta establezimenduen %77k behar bezala irekitzen dituzte gainerakoen frakziorako eta gai organikoetarako edukiontziak

Iruñerriko Mankomunitateak esker ona adierazi nahi izan dio Mendillorriri, edukiontziak elektronikoki irekitzeko sistema berria ezarri ondoren auzoak hondakinen kudeaketarekin erakutsi duen konpromisoarengatik. Hain zuzen ere, urte honetako bigarren hiruhilekoan bildutako emaitzek adierazten dute auzo horretako etxebizitza eta establezimenduen %77k ongi irekitzen dituztela bi edukiontziak, gainerakoen frakzioa botatzekoa eta gai organikoak botatzekoa.

Halaber, sistema berria ezarri zenean, hasieran, IMk detektatu zuen edukiontzietatik kanpo utzitako poltsen kopurua handitu egin zela, baina egun espaloian uzten diren poltsak 7 izaten dira egunean 1.000 biztanleko, eta hori sarraila elektronikoa duela urte bat justu iritsi zen beste toki batzuetan baino heren bat gutxiago da. Horrenbestez, horrek guztiak ekartzen du Mendillorri eredugarria izatea Iruñerrian hondakinen bilketan, elektronikoki zabaltzen diren edukiontziak dauzkaten eremuen artean.

Hori dela-eta, Mankomunitateak gutun bat bidali du Mendillorriko etxebizitza guztietara, bizilagunak zoriontzeko eta esker ona adierazteko sistema berriarekin erakusten ari diren konpromisoarengatik. Era berean, hurrengo astean Iruñean egingo diren ‘Hondakinen kudeaketa eraginkorra’ jardunaldien esparruan, hilaren 22an, larunbata, Konpostaren Jaia egingo da Mendillorriko ur-biltegietan. Jai horretan, auzoko bizilagunek birziklapen-kita hartu ahal izango dute (ontzia, poltsak eta konposta).

Gai organikoen bilketa hirukoiztu egin da

Sistema aldatzearen helburua da gai organikoen bilketa handitzea, 2027an gutxienez %70 bereiz biltzea lortzeko, Nafarroako Hondakinen Planak jasotzen eta zehazten duen moduan. Gainera, gai organikoak etxebizitzetan eta establezimenduetan gaika bereiztea klima-aldaketaren kontra egin dezakegun ekarpen handienetako bat da.

Sistema ezartzeko lehen fasearen aurreneko sei hilabeteen emaitza (Mendillorrin, Sarrigurenen, Mutiloan eta Zabalgunean ezarrita) hau izan da: edukiontzi marroian bereiz bildu diren gai organikoen kantitatea hirukoiztu egin da, hilean 81.640 kilogramo biltzetik 271.826 kilogramo biltzera igarota. Adierazi behar da, gainera, hondakinak berreskuratzean izan den hazkunde horrek hobekuntza ekarri duela beste frakzio batzuetara, paperaren bilketa %32 handitu baita, eta ontziena, %50.

‘Hondakinen kudeaketa eraginkorra’ jardunaldiak

Iruñerriko Mankomunitateak eta Composta en Red koordinakundeak, Nafarroako Hondakinen Partzuergoarekin lankidetzan, lehenago aipatu diren “Hondakinen kudeaketa eraginkorra: Edukiontzi adimendunak eta datuen kudeaketa / Gai organikoak konpostatzea” jardunaldiak egingo dituzte hurrengo astean. Jardunaldiak gai horiekin lotutako profesionalentzat dira, bai arlo publikokoentzat eta bai pribatukoentzat ere.

Hain zuzen ere, jardunaldiak Iruñeko Planetarioan egingo dituzte, urriaren 19an eta 20an, aurrez aurreko formatuan eta online. Urriaren 19ko saioan, edukiontzi adimendunak eta datuen kudeaketa aztertuko dituzte, eta hilaren 20koan, gai organikoak konpostatzea. Bi egunetan, mahai-inguruak eta debateak egingo dituzte, hondakinen kudeaketako arlo horietako espezialistekin.

Horrez gain, urriaren 21ean, bisita teknikoa egingo dute Iruñerrian konpostajeari lotuta dauden instalazioetara. Eta azkenik, hilaren 22an, Konpostaren Jaia egingo dute Mendillorrin, eta hori herritar ororentzat izango da.

Jardunaldietara joatea doakoa da, baina nahitaez eman behar da izena (hilaren 22ko jairako ez da izenik eman behar). Jardunaldien programa hemendik deskargatu ahal da. Ekitaldiari buruzko informazio guztia eskuragarri dago lotura honetan.

Beste albiste batzuk