Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2022/04/29

Hondakinak tratatzeko zentroaren proiektuaren eta eraikuntzaren kontraturako aurreikusitako aldi baterako etetea gauzatuko du IMk

IMk babes-klausulak ere baditu, lursaila erosteko inbertitutako dirua berreskuratzeko bidea emango lioketenak

Iruñerriko Mankomunitatearen mende dagoen sozietate publikoaren, SCPSAren, hurrengo Administrazio Kontseiluan bozkatu eta, pentsatzekoa denez, onartu egingo da SCPSAren eta enpresa kontratistaren arteko kontratua ekainaren 1etik aurrera aldi baterako etetea.

NASUVINSAk Garraioaren Hirirako proposatutako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa baliogabetu zuten joan den abenduko Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaien ondorioz etorri da etete hau, hain zuzen. Behin epai horietan ezarritakoari men eginda, bai NASUVINSAk eta bai Mankomunitateak ere berriro hasi dituzte Garraioaren Hiriko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzea onartzeko beharrezkoak diren izapideak, eta bai Ingurumen Zentroaren beraren proiektu sektoriala ere. Zehazki, aurreikusten dute urte honen amaieran bukatuta egongo direla. Alde horretatik, akordio-proposamen berberean jaso da aldi baterako etetea amaituko dela Nafarroako Gobernuak bi hirigintza-tresna horiek onartzen dituenean, hartara, egokiak diren izapideen ondoren obrak hasi ahal izateko.

Behin eta berriz esan den moduan, prozesu honek guztiak obrak abiaraztean eragin duen atzerapena kontratuan aurreikusitako aukera bat da, IMk sartu baitzuen bere garaian etete-klausula bat kontratuetan, obrak ezin baziren gauzatu besteren arrazoiengatik aurreikusitako epeetan, baliatu ahal izateko. Une oro zaindu da erabateko arretarekin ondasun publikoak babestea, eta, edozein arrazoirengatik azkenean obra egiterik ez balego, lursaila erosteko inbertitutako dirua ere berreskuratu ahal izango litzateke. Gogora ekarri behar da hondakinen plantarekin lotuta IMk egin dituen kudeaketa desberdinen aurka aurkeztu diren helegite guztiak gaitzetsi direla orain arte.

Iruñerriko Ingurumen Zentro berria eraiki eta martxan jartzea mankomunitatean bertan sortutako hiri-hondakinak tratatzeko ezinbesteko azpiegitura da, eta, gainera, Europako, Estatuko eta Foru Komunitateko hondakinen arloko legeriaren arabera, nahitaez ezarri beharreko azpiegitura da. Zentroa abian jartzea geroratzeak berekin dakar hondakinak tratatzearen gaian legezko betebeharrak betetzean beste behin ere atzeratzea. Hori dela-eta, aurtengo otsailean Mankomunitateak, behin epai horien berri izan zuenean, proiektua jarraitzea erabaki zuen, Garraioaren Hiriko proiektu sektorialari dagokionez, epai horietan adierazitako prozedura-akatsak behar bezala konpondu eta gero.

Joan den martxoaren 29an SCPSAk egin zuen Administrazio Kontseiluan Navarra Sumak iragarri zuen proiektua eteteko eskatuko zuela, eta hurrengo egunean egin zuen. Eta zentzu horretan bertan, Navarra Sumak Nafarroako Kontseilura jo zuen duela gutxi, hark irizpena emateko Iruñerriko Mankomunitateak jarrai dezakeen edo ez Hondakinak Tratatzeko Zentro berria eraikitzeko proiektua gauzatzen. 

IMk errepikatu du obrak horiek ez direla hasi eta gogorarazi nahi du, beste behin, erakundeak babes-klausulak, salbaguardako klausulak, dituela, kontratua geldiarazteko eta lursaila erostean inbertitutako dirua berreskuratzeko bidea ematen diotenak, arrazoi batengatik edo beste batengatik, azkenean planta eraikitzerik ez dagoen muturreko kasurako. 

Horrenbestez, hori guztia aintzat hartuta, azkenean ez badira gauzatzen tratamendu-zentroa eraikitzeko obrak, horrek ez dio kosturik eragingo erakunde erkidetuari, nahiz eta agerikoa den hiri-hondakinen tratamendu eraginkorra azkenean abian jartzean gertatzen den edozein atzerapenek ekarriko duen ingurumen-kaltea.

Kontseiluko kide guztiei txosten juridiko eta tekniko bana bidali zaie, UTE FCC obraren enpresa kontratistarekin kontratua eteteko akordio-proposamenaz gain. 

Aldi baterako etete hau nahitaezko egintza da Ingurumen Zentroaren kontratuen arabera, eta dakar berekin, inolaz ere, kontratu horiek baliogabetzea edo deuseztatzea. Azkenik, kalkulatzen da obrak 2023ko udaberrian hasi ahal izango direla, eta, horrenbestez, hasieran aurreikusitakoaren gainean gutxi gorabehera 6 hilabeteko benetako atzerapena izango dela.
 

Beste albiste batzuk

  • Iruñeko Planetarioan izango dira, urriaren 19an eta 20an. Eta horiek osatzeko, konpostajeari eskainitako beste bi jardunaldi egingo dira
  • IMk 5 milioi euro jasoko ditu NEXT GENERATION funtsetatik, inbertsio hau laguntzeko
  • 400 metroko luzerako hodi berri batek Munarrizko ur-biltegia Goñikoarekin konektatu du