Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2022/06/24

Hondakinak biltzeko zerbitzu berezia Alde Zaharrean, sanferminetan

Heldu den asteartean, ekainak 28, hasiko dira bilketa pneumatikoko buzoiak kentzen

Sanferminak direla-eta eta festetako ekitaldiak zuzen gauzatzea errazteko, beste urte batez, Iruñerriko Mankomunitateak bilketarako zerbitzu berezia jarriko du martxan. Hurrengo asteartetik aurrera, ekainak 28, bilketa pneumatikoko buzoiak kenduko dira. Buzoi horien ordez gaikako bilketarako edukiontziak jarriko dira, jaiek iraun bitartean frakzio desberdinak bereiz bota ahal izateko (gai organikoak, gainerakoa edo errefusa, papera-kartoia eta ontziak), eta ontziak, beira bota ahal izateko (etxebizitzak). Gogora ekarri behar da Alde Zaharrean eta sanferminetan bilketa bereizia egiteko zerbitzu hau 2016an jarri zela martxan.

Entzierroaren ibilbidean dauden kaleen kasuan (Santo Domingo, Mercaderes eta Estafeta), uztailaren 5a arte frakzio guztien gaikako bilketa-zerbitzua emango da berariazko edukiontzien bidez. Uztailaren 6ko goizaldean, kendu egingo dira edukiontzi guztiak, eta uztailaren 6a eta 14a artean kale horietan bizi direnek zaborra duten poltsak ondoko kaleetako edukiontzietara bota beharko dituzte. Edonola ere, kale horietako etxebizitzetara bidaliko den informazio-gutun batean daude jarraibide guztiak. 

Oro har, bilketarako ordutegiak hauek izango dira:

- Goizean, 07:00etatik aurrera Alde Zahar osoan, entzierroaren ibilbidean izan ezik. Bertan, entzierroa amaitu eta gero egingo da.

- Arratsaldean, 15:00etatik aurrera Alde Zahar osoan. 

Bilketa pneumatikoko buzoiak uztailaren 16a eta 19a artean kokatuko dira berriro, larunbatetik asteartera. 

Atez ateko bilketak saltokietan

Bestalde, Mankomunitateak gutun bat eta informazio-triptiko bat argitaratu ditu Alde Zaharreko saltokietarako, jaiek iraun bitartean egingo diren bilketa desberdinei buruzko informazioa emate aldera.

Aurreko urteetan bezala, San Fermin jaietan, beira atez ate bilduko da saltokietan eta ostalaritzako lokaletan. Zehazki, uztailaren 6an, bi bilketa egingo dira: 08:30ean eta 15:30ean. Gero, uztailaren 7a eta 14a artean, 06:00etatik aurrera egingo da. Entzierroaren ibilbidean dauden kaleetako merkatarien kasuan, ordea, entzierroa amaitzen denean egingo da, berehala.

Uztailaren 1ean eta 4an, arratsaldeko ordutegian, beira biltzeko edukiontzi osagarriak utziko dira saltoki horietan.

Kartoi-bilketaren kasuan, 15:00etatik aurrera jasoko dira hondakinak atez ate. Ohikoa den moduan, Mankomunitateak gomendatzen du merkatariek kaxak tolestuta uztea.

Nabarmendu behar da, bosgarren urtez, gai organikoak atez ate bilduko direla ostalaritzako establezimenduetan. Zehazki, egunean behin bilduko dira, 15:00etatik aurrera, eta zeregin horretarako erabiltzen den berariazko ontziaren bidez egingo da.

Ontziak eta errefusa saltokietan

Ontzien eta errefusaren bilketei dagokienez, Mankomunitateak gomendatzen die merkatariei gertuen dituzten berariazko edukiontzietara botatzeko. Entzierroaren ibilbidean dauden merkatarien kasuan, gogora ekarri behar da bilketarako zerbitzu berezia izango dela uztailaren 6a eta 14a artean, poltsak kaletik bilduko dituena. Edonola ere, ontziak alboko kaleetan egongo diren edukiontzi-guneetako edozeinetara eraman ahal izango dira. Bilketa horiek entzierroak amaitzean eta 15:00etatik aurrera egingo dira.

Aurten, laugarren aldiz, Mankomunitateak Alde Zaharreko saltoki guztietan poltsa horiak banatuko ditu, eta ontziak frakzio horretako edukiontzietan (horiz identifikatuta daude) botatzeko erabili beharko dituzte.

Aholkuak, azoketako salerosleentzat eta eskualdeetako etxeetarako

Aurreko urteetan bezala, Mankomunitateak azoketako salerosleentzako eta eskualdeetako etxeetarako aholku batzuk ere zehaztu diru. Profesional horientzat eta gune horietan banatuko den informazio-diptiko batean, frakzio desberdinak (gai organikoak, gainerakoa edo errefusa, ontziak, papera eta kartoia, eta beira) bereizteko jarraibideak azaltzen dira. Halaber, aipamen berezia egiten da olio erabiliaren gainean: adierazten da ezin izango dela saneamendu-sarera isuri eta ezin izango dela edukiontzietako bakar batean bota. Hartara, azoketako salerosleek eta eskualdeetako etxeek hondakin hori tratatzeko baimena duten kudeatzaileetako batekin jarri beharko dute harremanetan.

Beste albiste batzuk

  • Iruñeko Planetarioan izango dira, urriaren 19an eta 20an. Eta horiek osatzeko, konpostajeari eskainitako beste bi jardunaldi egingo dira
  • IMk 5 milioi euro jasoko ditu NEXT GENERATION funtsetatik, inbertsio hau laguntzeko
  • 400 metroko luzerako hodi berri batek Munarrizko ur-biltegia Goñikoarekin konektatu du