Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2022/02/15

Aurrera doa Iruñerriko Ingurumen Zentroari buruzko parte-hartze prozesua

Proiektuaren gaineko informazioa lortzeko eta ekarpenak egiteko epea hurrengo ostiralean bukatuko da

Iruñerriko Ingurumen Zentroaren Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren inguruko informazio eta parte-hartze publikoko prozesu berriak aurrera egiten jarraitzen du, eta joan den astean bi bilera telematiko egin ziren. Zehazki, 23 erakundek, elkartek eta profesionalek parte hartu zuten haietan.  

Aurreneko bilera otsailaren 8an egin zen, eta hartarako deia Noain-Elortzibarko Udaleko eta kontzejuetako ordezkariei eta Iruñerriko Mankomunitatearen hondakinen eremuan sartuta dauden udalerrietakoei egin zitzaien. Bigarren bilera otsailaren 10ean egin zen, eta hartara joateko gonbidapena, berriz, Garraioaren Hirian egoitza duten enpresei, ingurumenaren, enpresaren eta kontsumitzaileen arloko hainbat elkarteri, alderdi politikoei eta elkargo profesionalei egin zitzaien, beste agente interesdun batzuen artean.

Dena den, egin diren saioak gorabehera, nahi duen edonork eskuratu dezake proiektuari buruzko informazioa eta egin ditzake ekarpenak, Mankomunitatearen webgunean egokitu den gunearen bidez, hurrengo otsailaren 18a bitartean.

Behin parte-hartze prozesua bukatutakoan, itzulera-dokumentu bat sortuko da, jasotako ekarpen guztien balorazioarekin, eta Nafarroako Gobernuaren aurrean izapidetzeko faseari ekingo zaio. 

Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren edukian arreta jartzen duen prozesua

Gogoan izango denez, Garraioaren Hiria handitzeari dagokion Udalez gaindiko Plan Sektoriala, NASUVINSA sozietateak sustatua, baliogabetzea ekarri duten Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak direla-eta, Iruñerriko Mankomunitateak (SCPSA) berriro izapidetu behar izan du bere Iruñerriko Ingurumen Zentroaren proiektu sektoriala. Horretarako, berriro jarri du martxan informaziorako eta parte-hartze publikorako prozesu berria, Iruñerriko Ingurumen Zentroaren Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren inguruan. Prozesu hori gauzatu zen jada 2020ko irailean eta 2021eko apirilean, udalez gaindiko proiektu sektorial hori izapidetzean eskatzen den moduan. Alabaina, Nafarroako Gobernuaren akordioa baliogabetu zuen epaiak berekin ekarri du IMk egindako prozesua berriro hastea beharrezkoa izatea.

Aipatutako parte-hartze prozesu horrek –bertan berriro ezagutarazi dira, bai izapidetzearen zioa, bai eta Iruñeko Garraioaren Hiriko 4. fasean proiektatzen ari den hondakin-tratamendurako plantaren ezaugarriak ere– Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren edukian jartzen du arreta, eta, nahiz eta ez den bete beharrekoa, proiektua hobetzeko bidea emango duten ekarpenak lortu nahi dira haren bidez.

Zer da Udalez gaindiko Proiektu Sektorial bat?

Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala lurralde-antolamendurako tresna bat da, eta bere xedea da, besteak beste, ingurumen-kudeaketako azpiegiturak edo instalazioak ezartzea, hala nola Iruñerriko Ingurumen Zentroa, baldin eta horien eraginak eta ondorioek, lurralde-antolaketari dagokionez, dituzten tamaina, garrantzi edo ezaugarri bereziengatik, gainditu egiten badute oinarri duten udalerria edo udalerriak. Ezaguna den moduan, instalazio horren helburua da hondakinen frakzio nagusiak tratatzea, hau da, 5. edukiontziko gai organikoak, ontzien eta materialen edukiontzi horiko hondakinak eta gainerakoen frakzioa, industrialdeetan bildutako zuraz gain. Hori guztia hondakinen zerbitzua ematen zaien 48 udalerriei dagokienez; ia 380.000 biztanle hartzen dituen zerbitzua, hain zuzen.

Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala egiteko prozesuan parte-hartze prozesu hau sartzen da, eta behin amaitutakoan, jasotako ekarpen guztien balorazioa jasotzen duen itzulera-dokumentu bat sortzea ekarri beharko du. Ondoren, Nafarroako Gobernuaren aurrean izapidetzeko fasea hasiko da, eta horrek ere barne hartuko du informazioa hilabete batean jendaurrean jartzeko aldi bat.

Beste albiste batzuk

  • Gasez hornitzeko estazio berria ere martxan hasi da, EHGaren garajeetan kokatuta
  • Uztailaren 6tik 14ra, aireporturako eskaerapeko taxi-zerbitzua bertan behera geldituko da eta haren ordez L23 linearen luzapen bat egongo...
  • Isurpen guztietatik, %4 Uraren Ziklo Integralari dagozkio, %28 EHGari eta %68 hondakinen kudeaketari