
Iruñeko Udalak bi lurzati lagako dizkio IMri, EHGaren etorkizuneko garajeetarako
Gaur goizean, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak, David Campiónek, eta Iruñeko Udaleko alkateak, Enrique Mayak, jarduteko protokolo orokor bat izenpetu dute, Agustindarren industrialdean bi lurzati lagatzeko eta, hartara, IMk Eskualdeko Hiri Garraioaren etorkizuneko garajeak bertan eraikitzeko erabiltzeko.
Zehazki, Agustindarren industrialdeko 7. poligonoko ZN2/UI.I unitatean kokatuta dauden lurzatiak dira hitzarmenak hartzen dituenak, eta hurrenez hurren 40.200 eta 4.100 metroko azalera dute.
Aurreneko hitzarmena 2011n
Gogora ekarri behar da IMk Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuaren kudeaketa 1999an bere gain hartu zuenetik Iruñeko Kanaleko Bidea kalean (z/g) kokatuta dauden garajeak erabili izan dituela, baina egun txikiegiak dira zerbitzuari atxikita dagoen autobusen flota hartzeko.
2011n, Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuak instalazio berri batzuez hornitzeko beharra ikusirik, IMk azterlan bat egin zuen kokalekuak aztertzeko, eta bertan ondorioztatu zen lurzatirik egokiena zela, kokapena, irisgarritasuna, neurriak eta konfigurazioa aintzat hartuta, 7. poligonoko (Agustindarren industrialdea) hiru lurzatiri eragiten zien Iruñeko Udal Planaren aldaketaren ondorio moduan aurreikusitako zuzkidura-lurzatia.
Hori dela-eta, 2011ko ekainean, IM eta Udalaren arteko hitzarmen bat formalizatu zen, behin beharrezkoak ziren plangintza- eta kudeaketa-tresnak onartuta, eta titulartasuna eskuratuta, Udalak Mankomunitateari laga zekion aipatutako lurzati horren jabetza.
Alabaina, bi administrazioen borondatearenak ez ziren arrazoiengatik, geroztik ezin izan zen hitzarmen hori bururatu, eta, hortaz, Eskualdeko Hiri Garraioaren etorkizuneko garajeak kokaleku horretan egin ahal izateko beharrezkoak diren akordioak eguneratu nahi dira orain. Horrek berekin ekarriko du unitatearen egungo antolamendua berriro aldatzea, ondoren birpartzelazio-proiektu bat egitea eta Iruñeko Udala izatea lurzatien jabea. Hala, gaur izenpetutako protokoloari jarraikiz, Iruñeko Udalak, EHGaren zerbitzua emateko eremuko kidea denez, berretsi du lurzati horien jabetza IMri lagatzeko prest dagoela.
Halaber, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak EHGaren zerbitzuaren egungo instalazioetan, Ezkaba mendiaren mazelan, kokatuta dagoen tokia hirigintzari dagokionez garatzeko aukera aztertuko du, izan ditzakeen erabilerak analizatuta.
159 ibilgailuko flota
EHGaren flotak, egun, 159 ibilgailu ditu, eta haien batez besteko adina 6,64 urtekoa da. Flotako ibilgailuen % 53 eraginkorrak dira ingurumenari dagokionez, 66 ibilgailu hibrido, 6 elektriko eta jatorri berriztagarriko gasak propultsatutako 13 baitaude bertan. Gogoan izan behar da IMk 2021ean EHGan gutxiago kutsatzen duten energiak erabiltzeko II. plana onartu zuela, eta, hari jarraikiz, ez duela gasolio bidezko autobus gehiagorik eskuratuko eta pixkana baztertuko duela erregai horren erabilera Eskualdeko Hiri Garraioaren flotan.
Beste albiste batzuk
- Margolan irabazleen eta hautatuen erakusketa San Andres Errotan egingo da, ekainaren 6a eta abuztuaren 6a artean
- Azpiegitura berriak biogas-ekoizpena handitzen eta nekazaritzarako lohien egonkortzea hobetzen lagunduko du
- Jai bat egingo da ekainaren 3an, larunbata, Urkien basoan (Mariano Arigita pasealekua)