Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2022/06/29

Hiri Garraioaren ordutegiak sanferminetan

Uztailaren 6tik 14ra, aireporturako eskaerapeko taxi-zerbitzua bertan behera geldituko da eta haren ordez L23 linearen luzapen bat egongo da martxan

Eskuragarri daude jada Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuak sanferminetan edukiko dituen ordutegiak, maiztasunak eta ibilbideak. Garraio-zerbitzuak aldaketa handia izaten du San Fermin jaiak iristen direnean, batetik, Alde Zaharretik hurbilen dauden bideetako sarbideetan zirkulazio-murrizketak izaten direlako, eta, bestetik, egun horietan zerbitzua erabiltzen duten bidaiarien kopurua nabarmen handitzen delako. Hartara, aldaketa gehien izaten duten lineen artean, eskuarki Iruñerriaren iparraldetik hegoaldera ibiltzen direnak daude –haien ibilbidea bitan zatitu behar da– eta bai hiriburuko Alde Zaharraren inguruetan ibiltzen direnak ere.

Aurreko urteetan bezala, linea gehienek (denak, L7, L19 eta azoka-eremurako linea izan ezik) eguneko 24 orduetan emango dute zerbitzua, etengabe.

23. linea aireportura luzatzea 

Uztailaren 6a eta 14a artean, Noaingo aireporturako eskaerapeko taxi-zerbitzua bertan behera geldituko da eta haren ordez Eskualdeko Hiri Garraioko L23 linearen ‘Aireportua – Cordovilla – Olloki’ luzapena egongo da martxan. Hain zuzen, aireportu horretaraino iritsiko da, ordu bateko maiztasunarekin.

Aireportura joateko, eskaerapeko taxi-zerbitzuak geraleku bakarra dauka, Sarasate pasealekuan dagoena. Sanferminetan L23 linearen luzapen berria erabiltzeko, geraleku hurbilena izango da Zaragozako etorbidearen 6-8an dagoena. Aireportutik itzultzeko bidaian, aldiz, hirigunetik gertuen dagoen geralekua Vianako Printzearen plazaren 2-3an dagoena izango da.

Baliogabetutako taxi-geralekuak

Uztailaren 6tik 14ra, bi egun horiek barne, Sarasate pasealekuaren 1eko eta Ahumada Dukearen kalearen z/g-ko taxi-geralekuak baliogabetuta egongo dira. Haien ordez, behin-behineko geralekua egokituko da San Ignazio etorbidearen 5-7an. 

Informazioa euskarri desberdinetan

Hiri Garraioaren webgunean (www.infotuc.es) ez ezik, Eskualdeko Hiri Garraioaren sanferminetako zerbitzuari buruzko informazioa zutoin eta markesinetan ere kontsultatu ahal izango da, eta bai tokiko egunkarien bidez banatuko den informazio-triptiko batean ere.

Beste alde batetik, Iruñerriko hotel guztietan banatuko diren eskupaperak editatu dira eta 25.000 triptiko, Iruñearen erdigunean EHGak dituen geraleku guztiei buruzko informazioarekin. Iruñeko Udalaren Herritarren Segurtasuneko Alorrak banatuko ditu, babes zibilerako laguntzaileen bidez (“naranjito” esan ohi zaie).

“Tu Villavesa” mugikorrerako aplikazioari dagokionez, jaietan ez du eskainiko okupazioaren iragarpena egiteko zerbitzua, iragarpen horiek nahiko doituak izateko behar duen sanferminetako informazio historikorik ez baitauka. Aplikazioaren gainerako informazioa normaltasunez emango da.

Beste albiste batzuk