
Eskualdeko Hiri Garraioan % 22 hazi zen bidaia-kopurua 2022an
Eskualdeko Hiri Garraioak 36.230.056 bidaia erregistratu zituen joan den urtean, eta hori 2021ean baino % 22,11 gehiago izan zen. Nolanahi ere, pandemiaren aurreko egoera aintzat hartuta, % 10,85eko jaitsiera izan zen, 2019an 40 milioi bidaia baino gehiago izan baitziren. Eskaera suspertzea oso pixkanaka ari da gertatzen, 2022ko eskaeraren kopuruak 2019ko kopuruen % 89 baitira oraindik ere.
EHGko hilez hileko bidaien bilakaera hau izan zen 2019 eta 2022 urteen artean:
Eguneko lineek garraiatutako pertsona-kopurua 35.524.214 izan zen (guztizkoaren % 98,05), aurreko urtean baino % 20,98 gehiago, hain zuzen. Eguneko linea guztiek bidaiari-igoera nabarmena izan zuten, aurreko urtearen aldean, bereziki Sadar futbol-zelairako errefortzu-zerbitzu berezikoek.
2022an, gehien erabili ziren lineak hauek izan ziren: 4. linea (Barañain - Atarrabia), 7.475.708 bidaiarekin, 7. linea (Atarrabia - Txantrea - Barañain), 3.446.584 bidaiarekin, eta 16. linea (Aitzoain - Noain – Beriain), 3.325.904 bidaiarekin. Gehikuntza erlatibo handiena izan zuten lineak, Sadar futbol-zelairako errefortzu-zerbitzu berezikoak aintzat hartu gabe, 22. linea (Merindadeen plaza – Mutiloa), % 37,00ko gehikuntzarekin, 17. linea (Berriozar - Mutiloa), % 32,40ko gehikuntzarekin, eta 15. linea izan ziren (Sarasate pasealekua – Zizur Nagusia), % 30,83ko gehikuntzarekin.
L22 (Merindadeen plaza – Mutiloa) eta L17 (Berriozar - Mutiloa) lineen hazkundea Lezkairu, Mugartea (Mutiloa) eta Mutiloartea (Mutiloa) auzoen hirigintza-garapenarekin bat dator. L15 (Sarasate pasealekua – Zizur Nagusia) linearen hazkundea, berriz, Ardoiren (Zizur Nagusia) hirigintza-garapenari egokitu zitzaion. Eta Sadar futbol-zelairako errefortzu-zerbitzu bereziaren hazkundea COVID-19aren ondoriozko murrizketak amaitu eta futbol-partidak berreskuratu izanari egokitu zitzaion.
Gaueko lineetan, bidaiariak 705.842 izan ziren (guztizkoaren % 1,95), hau da, aurreko urtean baino % 132,18 gehiago. Gaueko linea guztietan izan zen bidaia-igoera nabarmena aurreko urtearekiko (% 100 baino handiagoa). Hain zuzen, gehien erabili ziren lineak hauek izan ziren: N7 (Sarasate pasealekua - Sanduzelai – Txantrea – Nafarroa beherea), 171.152 bidaiarekin, N5 (Nafarroako Gorteak – Uharte), 134.046 bidaiarekin, eta N2 (Sarasate pasealekua – Barañain), 101.506 bidaiarekin. Portzentajezko emendatze handiena R3 lineak (Errefortzua Nafarroa Arenara), % 293,16rekin, N9 lineak (Sarasate pasealekua - Orkoien), % 168,66rekin, eta N4 lineak (Merindadeen plaza - Aitzoain), % 143,40rekin, izan zuten.
Gaueko zerbitzuan izan zen hazkunde nabarmen hau COVID-19aren ondoriozko murrizketak amaitzeari lotutako gaueko aisia igo izanari eta Nafarroa Arenan egindako ekitaldiak berreskuratu izanari egokitu zitzaion. Gogoan izan behar da 2021ean pandemiak askoz ere kalte handiagoa egin ziola gaueko zerbitzuari egunekoari baino, zenbait kasutan guztiz edo zati batean bertan behera utzita egon baitzen (2021eko apirila arte N1, N2 eta N7 lineak baino ez ziren egon martxan), gaueko aisia eta ostalaritza zabaltzeko une bakoitzean aplikatzen zihoazen irekiera-ordutegiekin bat eginez.
Tarifengatiko diru-sarrerak % 20,87 igo ziren
2022an erabiltzaileek ordaindutako tarifengatiko diru-sarrera garbien behin-behineko datuan (BEZik gabe), guztizkoa 15.647.580,03 euro izan zen, hau da, aurreko urtean baino % 20,28 gehiago. Hala ere, 2019ko diru-sarrerekin alderatuta (pandemia aurretik), % 17,93ko jaitsiera ekarri zuen horrek.
Nabarmendu behar da 2022an gutxi gorabehera % 4 igo zirela tarifak, zazpi urtean igo gabe edo izoztuta egon ondoren, eta F tarifa bereziaren, gizarte-arlokoaren, erregulazioa aldatu zela, Mankomunitateak ematen dituen zerbitzuetako gainerako tarifekin bateratuta. Dena den, ekainaren 25eko 11/2022 Errege Lege Dekretuan hiriko eta hiriarteko garraio publiko kolektiboan eskumenak dituzten administrazioei emateko onartutako laguntzaren kariaz –laguntzaren xedea zen ohiko erabiltzaileen tarifak jaistea–, IMk % 30eko deskontua aplikatu zuen txanpon-tituluen eta aldi baterako abonuen tarifetan, 2022ko irail eta abendu artean. Tarifen aldi baterako beherapen honek hazkunde apala ekarri zuen EHGko bidaiarien kopuruan.
2022an, tarifa erabilienak txanpon-txartel orokorra (% 37,15) eta F tarifa berezia, gizarte-bazterketarako arriskuan dauden pertsonentzakoa, (% 12,02) izan ziren. Eta, aurreko urtearekin alderatuta, gehien hazi zirenak sanferminetako noizbehinkako erabilerako txartelak izan ziren (2021ean ez ziren San Fermin jaiak egin), gaueko tarifako bidaiak (% 234,94) eta 65 urtetik gorako pertsonentzako bidaiak (B tarifa berezia: % 33,48), nagusiki, COVID-19aren ondoriozko murrizketak bukatu zirelako.
2022an, Hiri Garraioko 30 Eguneko 111.726 abonu kargatu ziren, aurreko urtean baino % 24,66 gehiago. Abonu horiek baliatuta, guztira, 6.862.757 bidaia egin ziren.
Tiket arrunta bankuko txartelen bidez ordaintzea
Azaroan zehar, EHGko tiket arrunta bankuko txartelaren bidez ordaintzeko aukera jarri zen martxan. Hartara, zerbitzua noizean behin erabiltzen duten eta une jakin batean garraio-txartela eskura ez duten pertsonek, txartelean saldorik ez dutenek edo turismoko bisita edo bisita profesionala egiten ari direnek tiket arrunta bankuko txartel fisikoarekin edo mugikorrean gaitutako txartel birtualarekin ordaindu ahal izango dute.
Gaueko zerbitzua berrezartzea
Zerbitzuaren aldaketei dagokienez, otsailaren 18an gaueko zerbitzuaren funtzionamendu osoa berrezarri zen, 2021eko abenduaren 29az geroztik zerbitzu hori, igandetik ostegunera, 00:00etan amaitzen baitzen, eta ostiraletan, larunbatetan eta jaiegunen bezperetan, 02:00etan.
Beste alde batetik, martxoaren 8an, proba gisako esperientzia bat hasi zen emakumeentzako eskaeraren araberako tarteko geralekuak probatzeko gaueko N10 linean (Nafarroako Gorteen kalea – Sarriguren), hiru hilabeteko iraupenarekin. Gero, emaitzak aztertu ondotik, esperientzia hori gaueko linea guztietara zabaldu zen irailaren 1ean.
Klima Aldaketarako eta Energiarako Estrategia
Uztailean eta abuztuan, 6 autobus zurrun eta 7 autobus artikulatu hasi ziren zerbitzua ematen, hurrenez hurren. Autobus horiek guztiak higiarazteko, hain zuzen, jatorri berriztagarriko bermea duen gas natural konprimatua erabiltzen da. Eta aldi berean, gasez hornitzeko instalazio bat jarri zen martxan, autobusen garajeen kanpoko zelaian, autobus berri horien depositua betetzeko.
Horrenbestez, 2022an, EHGko flotaren estrategia energetikoan aurrerabideak egiten jarraitu da. Gogoan izango denez, “Karbonoari dagokionez 2030ean IM neutroa izateko Klima Aldaketarako eta Energiarako Estrategia” onartu eta EHGaren zerbitzuan aplikatzearen ondorioz, progresiboki utziko zaio Eskualdeko Hiri Garraioren flotan gasolioa erabiltzeari eta gas natural konprimatua, jatorri berriztagarriaren bermea duena, erabiltzen duten autobusak sartuko dira flotan, flota osoaren bi herenak lortu arte. Era gehigarrian, eta modu esperimentalean, hidrogenoa baliatzen duen autobusen bat ere sartuko da.
Era berean, nabarmendu behar da, Garraioetako eta Mugikortasuneko Idazkaritza Orokorraren maiatzaren 20ko Ministerio Aginduaren bidez, isuri baxuko eremuak ezartzeko eta hiri-garraioren eraldaketa digital eta iraunkorrerako udalerrietarako laguntzen programaren lehen deialdiko laguntzak eman zirela, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Hartara, IMk 4.910.580 euroko dirulaguntza jaso zuen (kostu osoaren % 41 gutxi gorabehera), EHGko flotan 20 autobus elektriko, BEV autobusak (Battery Electric Vehicle – Ibilgailu Elektriko Bateriaduna), sartzeko, haietako 10 2023an eta beste 10ak 2024an, eta Ezkabako garajeetan, ibilgailu horiek kargatu eta haien mantentze-lanak egiteko beharrezkoa den azpiegitura ezartzeko. Zehazki, jarduketa horren aurrekontu osoa 12 milioi euro baino zertxobait gehiago da.
Eskaera berreskuratzea Taxiaren zerbitzuan
2022a Taxiaren zerbitzuaren eskaera suspertu izanak markatu zuen, bereziki otsailetik aurrera, pandemiaren ondorioz ezarritako muga eta murrizketetako asko amaitzearekin batera. Hala, Teletaxi San Fermín elkartearen datuen arabera –zerbitzu-hitzartzeei buruzko datuak–, 2019an egindako zerbitzuen % 92 berreskuratu ziren 2022an. 2019a izan zen, zehazki, segida historiko osoan erregistratutako zerbitzu-kopuru handiena izan zuen urtea.
Eskaeraren araberako taxi-zerbitzu erregularrek hitzartutako zerbitzuen berreskuratze antzekoa izan zuten. Hala, aireporturako zerbitzuak 3.047 pertsona garraiatu zituen 1.938 zerbitzutan, eta, beraz, batezbestekoa egunean 5,31 zerbitzukoa eta 8,35 erailtzailekoa izan zen. Iruñeko espetxerako zerbitzuak, berriz, 4.774 pertsona garraiatu zituen 2.805 zerbitzutan, eta, horrenbestez, batezbestekoa egunean 7,68 zerbitzukoa eta 13,08 erailtzailekoa izan zen.
Azkenik, pandemiaren ondoriozko murrizketak kentzean agerian gelditu zen taxi-eskaintza ezaren arazoak arintzeko, Mankomunitateak Hiri Garraiorako X. Planean, 2023rakoan, Taxi-eskaintza hobetzeko txoke-plan bat onartu du.
Beste albiste batzuk
- Margolan irabazleen eta hautatuen erakusketa San Andres Errotan egingo da, ekainaren 6a eta abuztuaren 6a artean
- Azpiegitura berriak biogas-ekoizpena handitzen eta nekazaritzarako lohien egonkortzea hobetzen lagunduko du
- Jai bat egingo da ekainaren 3an, larunbata, Urkien basoan (Mariano Arigita pasealekua)