Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2022/07/01

Erregai fosilak erabiltzeari behin betiko uzten hasi da IM, gas berriztagarriak propultsatutako 13 billabesa berrirekin

Gasez hornitzeko estazio berria ere martxan hasi da, EHGaren garajeetan kokatuta

Gaur goizen, Eskualdeko Hiri Garraioaren garajeetan egin den ekitaldi batean, jatorri berriztagarriko bermea duen gas natural konprimatuak propultsatutako lehen 13 autobus berriak aurkeztu ditu Iruñerriko Mankomunitateak, gaurtik aurrera Eskualdeko Hiri Garraioaren flotaren barnean egongo direnak. Halaber, EHGaren flota gas naturalez hornitzeko instalazio berria aurkeztu du. Aurkezpen ekitaldi horretan esku hartu dute Nafarroako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko zuzendari nagusi Berta Mirandak, IMko lehendakari David Campiónek eta Moventis Taldeko zuzendari nagusi Juan Giménezek.

Gasolioa erabiltzen duten azken ibilgailuak

Gaur aurkeztu diren autobusak Eskualdeko Hiri Garraioaren flotan sartuko diren eta gas natural konprimatua erabiltzen duten lehenak dira, 2021ean EHGan gutxiago kutsatzen duten energiak erabiltzeko II. plana onartu zuenetik IMk, kutsatzen duten autobusak progresiboki ordezten joateko. Ondorioz, IMk ez du sartuko flotan gasolio bidezko autobus gehiagorik eta Hiri Garraioaren flotan erregai hori erabiltzeari utziko dio progresiboki. Aipatu behar da gasolioa izan dela billabesak propultsatzeko etengabe erabili den erregaia zerbitzu hau 1929an abian jarri zenetik, duela 90 urte baino gehiago.
 
Gasolioa erabiltzeari uzteak eta jatorri berriztagarriko gasak mugiarazitako autobus berriak sartzeak flotan helburu bikoitza du: alde batetik, billabesa berriak “ibilgailu garbiak” izango dira, hiriko airearen kalitateari kalterik egingo ez diotenak, Iruñeko Isurpen Baxuko Eremuaren mugaketari aurrea hartuta; eta, bestetik, “neutroak izango dira karbonoari dagokionez”, jatorri berriztagarriko bermea duen gasa erabiltzean sarean injektatutako biometano-bolumenaren berdina den erregai baliokidea kontsumituko baita. Pauso garrantzitsu hau emanda, ‘2030ean karbonoari dagokionez neutroa’ izateko duen helburu orokorrerantz doa Mankomunitatea; zehazki, autobusetako erregai gisa jatorri berriztagarriko gasa erabiliko duen Estatuko lehen toki-erakundea izango da.
 
2014an bere zerbitzuen karbono-aztarna neurtzen eta zertifikatzen hasi zenetik Mankomunitatea, aztarna horrek Eskualdeko Hiri Garraioan duen inpaktua %16 gutxitu da 2021. urtea bitartean (14.291,4 tCO2baliokidetik 12.001,5 tCO2baliokidera).

Ekonomia zirkularra. Hiri-hondakinek autobusak mugiaraziko dituzte

Gainera, hurrengo urteetan, Mankomunitateak bere biometanoa sortuko du, bai Arazuriko lohietatik abiatuta, bai eta Imarkoaingo Ingurumen Zentro berrian hiri-hondakinetako gai organikoen tratamendutik abiatuta ere. Proiektu hau tokiko mailako ekonomia zirkularreko politiken barnean dago, Iruñerriko hondakinetan jatorria duen biometano hori Mankomunitatearen ibilgailu astunen flotetarako erregaia izan dadin: EHGko autobusak, zaborrak biltzeko kamioiak eta Uraren Ziklo Integraleko mantentze-lanetarako ibilgailuak.
 
Behin proiektu hau amaitu denean, hondakin organiko guztiak autobusen eta hondakinen kamioien flotak mugiarazteko oinarri energetikoa izango dira, nekazaritzako helburuetarako konposta egin aurretik.

Gasez hornitzeko instalazio berria

Gaur aurkeztu duten beste berrikuntzetako bat izan da garajeen kanpoaldeko zelaian kokatu den gas-hornitegiaren instalazioa, gas natural konprimatuak propultsatutako autobus berriak hornitzeko bidea emango duena.
 
Sistemak Nedgiaren saretik lortzen du gasa -Naturgy taldearen gas-banatzailea-, eta presioa egonkortzen du, konpresoreen bidez 250 barretaraino igoarazi aurretik. Gero, gasa metatze-gune batera banatzen da. Autobusen karga presio-diferentziagatik egiten da. Gasez hornitzeko bi puntu egokitu dira: bata depositua betetzeko gunean dago, kanpoaldeko zelaian; eta beste gas-hornigailua autobusak aparkatzeko nabearen sarreraren ondoan dago.
 
Nabarmendu behar da konpresoreak eta laguntza-zerbitzuak elikatzeko transformazio elektrikoko zentro berria egin dela, 1.000 kVA-koa, ibilgailu elektrikoen kargagailuetarako etorkizunean instalazio bat egiteko linea-gelaxka bat utzita erreserba moduan.


 
Hitza hartu duenean, David Campiónek ohartarazi du gas bidezko autobus berriak aurkeztea garrantzi handiko pausoa dela Mankomunitaterako, mugikortasun modernoaren egungo erronkekin lerrokatzeko. “Alde batetik, erabat inplikatzen gara klima-aldaketaren kontrako borrokan, erregai fosilak baliatzen dituzten ibilgailuak erosteari utzita, eta, bestetik, airearen kalitatea hobetzen dugu, gasa bezalako erregai bat erabiltzen hastean, partikulen isurpena askoz ere txikiagoa baita”, azaldu du IMko lehendakariak.
 
Bere aldetik, Juan Giménezek gogora ekarri du 2015ean EHGaren flotarako lehen ibilgailu hibridoak aurkeztu zirela eta garraio publikoaren iraunkortasunaren bideari ekin zitzaiola hala. Halaber, iragarri du 2023 eta 2024 artean 20 ibilgailu elektriko eta gasak propultsatutako beste hamabi sartuko direla flotan, eta, horrenbestez, 2024aren amaieran, 159 ibilgailutik 115 iraunkorrak izango direla, hau da, flota osoaren %75.
 
Azkenik, Berta Mirandak garraio publikoaren aldeko apustua nabarmendu du: “Administrazio publiko guztien artean garatu behar dugun errealitate bat da, garraio-zerbitzu publiko ezin hobea eta eraginkorra eskaintzea funtsezkoa baita herritarrentzat”. Nafarroako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko zuzendari nagusiak, gainera, hau azpimarratu du: “Ibilgailu berri hauek flotan sartzea eta haiek hornitzeko azpiegitura martxan jartzea une garrantzitsua da Nafarroako garraiobide kolektiboen deskontaminazio progresiboan”. 

Gasak propultsatutako autobus berriak

Gasak propultsatutako 13 ibilgailu berriak Scania etxekoak dira, C340 CASTRO New City modelokoak. Haietatik zazpi artikulatuak dira, 18 metroko luzerakoak, eta beste seiak zurrunak, 12 metrokoak. Kalkulatzen da autobus bakoitza hornitzeko batez besteko denbora 4 minutu izango dela gutxi gorabehera, eta gas-karga bakoitzaren ondoren autobus bakoitzak izango duen autonomia 300 km ingurukoa.
 
Gaur aurkeztutako autobus berriek belaunaldi berriko motorrak dauzkate, 340 CV-koak, eta aurreko modeloen aldean kontsumoa %15 murrizten dute. Gainera, hobekuntzak dituzte txasisean, pisua 150 kg gutxituta eta pisaketa-gainaldea %15 hobetuta. Ibilgailuek airea arazteko ekipoak dauzkate, eta bai segurtasuneko bideokamerak ere; horrenbestez, berri hauek ordeztuko dituzten autobusak kentzen direnean, flotako autobusen %100ek sistema hori edukiko dute. Horrez gain, 13 billabesa berriek Mobileye segurtasun aktiboko sistema dute. Bost kamera daude ibilgailu bakoitzean eta gidaria ohartarazten dute, talka egiteko berehalako arriskua badago. Amaitzeko, aipatu behar da ibilgailu berriek gurpildun aulkiak igotzeko eta jaisteko arrapala egokia dutela, CERMIN batzordeak egiaztatua.
 
Sei ibilgailu zurrun berriak jada flotaren barnean daude, eta zazpi artikulatuak abuztuan zehar sartuko dira. Ibilgailu hauen erosketa 2021eko urrian esleitu zen. Autobus zurrun bakoitzak 296.500,00 euroko kostua izan du (BEZik gabe), eta ibilgailu artikulatu bakoitzak, 402.100,00 eurokoa (BEZik gabe). Hortaz, ibilgailu guztien kostua 4.593.700,00 eurokoa da (BEZik gabe).

159 ibilgailuko flota, 6,64 urteko batez besteko adinarekin

13 ibilgailu berri hauek flotan sartuta eta 13 zaharrenak kenduta, EHGaren flotak 159 ibilgailu izango ditu eta batez besteko adina 6,64 urtekoa izango da. Flota osoan, 62 ibilgailu artikulatuak dira (18 metrokoak), 95 12 metrokoak eta 2 10 metrokoak. Bestalde, aipatu behar da ibilgailu berri hauek Eskualdeko Hiri Garraioan sartuta 66 ibilgailu hibridoak direla, 6 elektrikoak eta 13 jatorri berriztagarriko gasak propultsatutakoak, eta, horrenbestez, flotako ibilgailuen %53 ingurumenari dagokionez eraginkorrak diren ibilgailuak dira.

 

Beste albiste batzuk