Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2022/06/23

Emakumeentzako eskaeraren araberako geldialdien zerbitzua EHGaren gaueko linea guztietan aplikatuko da

Irailaren 1etik aurrera egongo da martxan, Hiri Garraioan neguko ordutegia aplikatzearekin batera

Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak, gaur goizean egin duen saioan, erabaki du bakarrik edo taldean bidaiatzen duten emakumeentzako eskaeraren araberako geldialdien sistema Eskualdeko Hiri Garraioraen gaueko linea guztietara hedatzea. Zerbitzua irailaren 1etik aurrera egongo da martxan, EHGaren neguko ordutegia aplikatzearekin batera.

Gogoan izango denez, joan den martxoan zerbitzu berri honen proba pilotu bat abiarazi zen N10 linean (Nafarroako Gorteen kalea – Sarriguren), eskaera gehien duten gaueko hiru lineetako bat delako, ibiltzen den hirigintza-tipologiarengatik daukan erabilera-potentzialarengatik eta probaren xede den publiko objektiboarengatik. Orain, Mankomunitateak eta hiri-garraioaren enpresa emakidadunak, TCCk, positiboki baloratu dute proba pilotu hori.

Zehazki, proba piloturako ezarritako aldian -hiru hilabete, martxoaren 8a eta ekainaren 7a artean-, 37 erabiltzailek zerbitzua eskatu dute guztira 30 geldialditan. Zerbitzua geraleku berean eskatu duten erabiltzaileen kopuru handiena 4 izan da, eta erabiltzaileen batezbestekoa 0,40 izan da eguneko. Nabarmendu behar da proba pilotuan ez dela inolako gorabeherarik izan eta ekimenari oso harrera ona egin diotela bai erabiltzaileek eta bai gidariek ere. 

Gainera, N10 linearen proba pilotua barne hartzeko beharrezkoak ziren operazio-baldintzak aldatzeak ez du atzerapen-arazorik ekarri linearen zerbitzuan. Hala ere, zerbitzua linea guztietara hedatzen denean, lineetan izan ditzakeen eraginak baloratuko dira, ibilbide-denbora doituagoekin.

Zerbitzu berria gaueko linea guztietara hedatu bitartean -irailaren 1ean gauzatuko da-, gidariek berariazko prestakuntza hartuko dute udan zehar. Beste alde batetik, N10 lineak eskaeraren araberako geldialdien sistemari eutsiko dio, martxoaz geroztik egin duen moduan. 

Segurtasuna hobetzea, genero-ikuspegi batetik

Eskaeraren araberako tarteko geldialdien helburua da erabiltzaileen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea, genero-ikuspegi batetik. Zehaztu behar da geldialdi horiek soil-soilik autobusetik jaisteko direla, eta emakumeek baino ezin dituztela eskatu eta erabili. Geraleku horiek, beren izaerarengatik, ez dute altzaririk ez eta berariazko seinaleztapenik ere.

Eskaeraren araberako geldialdien sistema erabiltzeko, emakumeak edo emakume-taldeak autobusera igotzen denean edo, gutxienez, aukeratutako tokia baino bi geraleku lehenago eskatu beharko du tarteko geldialdia, gidariari adierazita jaitsi nahi duen leku zehatza:

  • Geldialdia eskatu duen emakumea edo emakume-taldea lehenbiziko lerroetan eseriko da.
  • EHGaren zerbitzuan eskuarki erabiltzen diren geralekuetatik, gutxienez, 50 metrotara egongo da jaisteko aukeratutako lekua.
  • Gidariak aukeratuko du non gelditu autobusa, bide-segurtasuneko eta herritarren segurtasuneko irizpideak aintzat hartuta. Toki horretan ezin izango da inor igo autobusera.
  • Ibilgailutik ateratzeko aurreko atea erabiliko da, mugikortasun murriztuko pertsonen kasuan izan ezik, haiek arrapala erabili ahal izango baitute.

Beste albiste batzuk

  • Gasez hornitzeko estazio berria ere martxan hasi da, EHGaren garajeetan kokatuta
  • Uztailaren 6tik 14ra, aireporturako eskaerapeko taxi-zerbitzua bertan behera geldituko da eta haren ordez L23 linearen luzapen bat egongo...
  • Isurpen guztietatik, %4 Uraren Ziklo Integralari dagozkio, %28 EHGari eta %68 hondakinen kudeaketari