Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2022/09/23

%100 elektrikoak diren hogei autobus berri hartuko ditu zerbitzuan Eskualdeko Hiri Garraioak

IMk 5 milioi euro jasoko ditu NEXT GENERATION funtsetatik, inbertsio hau laguntzeko

Gaur goizean, TCC enpresak hogei autobus elektriko berriz hornitzeko kontratua sinatu du Irizar e-mobility enpresarekin. Zero isurpenekoak izango dira, eta Eskualdeko Hiri Garraioaren flotan sartuko dira. Zehazki, ibilgailuetako hamar 2023ko ekainean jasoko dira, eta beste hamarrak, 2024an.

%100 elektrikoak diren 20 autobus berri hauek 2019az geroztik 9. linean zerbitzua ematen duten 6 autobus elektrikoei gehituko zaizkie, eta, hortaz, horrek ahalbidetuko du billabesen flotaren eraldaketa digitalean aurrera egitea, isurpenei dagokienez, flota erabat neutroa izateko helburuan.

EHGan gutxiago kutsatzen duten energiak erabiltzeko plana

Gogoan izan behar da joan den uztailean jatorri berriztagarriko bermea duen gas natural konprimatuak propultsatutako lehen 13 billabesa berriak aurkeztu zituela IMk. Hain zuzen, ezaugarri horiek dituzten lehenak izan ziren Eskualdeko Hiri Garraioaren flotan sartzen, 2021ean EHGan gutxiago kutsatzen duten energiak erabiltzeko II. plana onartu zuenetik IMk, kutsatzen duten autobusak progresiboki ordezten joateko.

Plan horren arabera, IMk ez du sartuko flotan gasolio bidezko autobus gehiagorik eta Hiri Garraioaren flotan erregai hori erabiltzeari utziko dio progresiboki. Aipatu behar da gasolioa izan dela billabesak propultsatzeko etengabe erabili den erregaia zerbitzu hau 1929an abian jarri zenetik, duela 90 urte baino gehiago.

Ibilgailu berri hauek zerbitzuan sartuta, ‘2030ean karbonoari dagokionez neutroa’ izateko duen helburu orokorrerantz doa Mankomunitatea; zehazki, autobusetako erregai gisa jatorri berriztagarriko gasa erabiliko duen Estatuko lehen toki-erakundea izango da. 2014an bere zerbitzuen karbono-aztarna neurtzen eta zertifikatzen hasi zenetik Mankomunitatea, aztarna horrek Eskualdeko Hiri Garraioan duen inpaktua %16 gutxitu da 2021. urtea bitartean (14.291,4 tCO2baliokidetik 12.001,5 tCO2baliokidera).

Egun, Eskualdeko Hiri Garraioaren flota 159 autobusek eratzen dute, eta haietatik 135ek puntako orduetan ematen dute zerbitzua. Autobus horietatik 66 ibilgailu hibridoak dira, 6 elektrikoak eta 13 jatorri berriztagarriko gasak propultsatutakoak, eta, horrenbestez, flotako ibilgailuen %53 ingurumenari dagokionez eraginkorrak diren ibilgailuak dira. Sarearen batez besteko adina 6,64 urtekoa da. Aipatu behar da 2021ean flotako autobus hibridoek eta elektrikoek 2.097,4 tCO2baliokide isurtzea ekidin zutela.

‘Next Generation EU’ funtsak

Ibilgailu berriak Europako funtsei esker erosi dira, Hiri Garraioaren eraldaketa iraunkorrera bideratutako funtsak baitira. Hain zuzen, Garraioen, Mugikortasunaren eta Hiri Agendaren Ministerioak (MITMA) 4,9 milioi euro emango dizkio Iruñerriko Mankomunitateari. IMren proposamenak jasotzen zuen, batetik, 12 metroko 20 autobus elektriko eskuratzea (4 milioi euroko laguntza) eta, bestetik, karga moteleko 20 gune kokatzea, 90 kw-koa bakoitza, eta garajeak xede horretarako egokitzea (910.580 euroko laguntza).

Zehazki, ibilgailu bakoitzaren prezioa 498.000 euro da, eta MITMA Ministerioaren dirulaguntza, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barnean, 200.000 eurokoa da ibilgailu bakoitzeko. Elektrizitatez kargatzeko sareari dagokionez, proiektua idaztea, eta garajeetan beharrezkoa den azpiegituraz eta kargatzeko 20 gunez hornitzea eta instalatzea Iberdrolari esleitu zaizkio, 811.232,96 euroren truke. MITMAren dirulaguntzak kostu horren %90 estaliko du.

Gogoan izan behar da, pandemiak eragindako krisiaren erantzun moduan, Europako Kontseiluak ‘Next Generation EU’ funtsak sortzea onartu zuela 2020ko uztailean, Europar Batasunak finantzatutako pizgarri ekonomikoko plan bat. 750.000 milioi euroz hornituta, klima-aldaketaren kontrako borrokak eta deskarbonizazioak jarduketen %35 izan beharko dute, gutxienez. Kopuru horietatik, Espainiari 140.000 milioi euro dagozkio transferentzietan eta kredituetan. Isurpen baxuko eremuak ezartzeko eta hiri-garraioaren eraldaketa digitala eta iraunkorra bultzatzeko toki-erakundeei emango zaizkien laguntzak 1.000 milioi eurokoak dira eta leheneratze-planei dagozkie. Banaketa mugikortasun iraunkorreko proiektuak sustatzera bideratu da 50.000 biztanletik gorako Espainiako 170 udalerritan, probintzia-hiriburutan, eta 20.000 eta 50.000 biztanle arteko udalerritan, eta bai udalez gaindiko bi erakundetan ere: Iruñerriko Mankomunitatea eta Bartzelonako Metropoli Eremua (AMB). 

Tranbien itxura izango duten autobusak

‘Irizar ie tram’ modelokoak izango dira hogei autobusak, 12 metroko luzerakoak. Ibilgailuek diseinu abangoardista edukiko dute, tranbien itxurarekin, azken belaunaldiko Irizar bateriak izango dituzte, 430 kWh-koak, eta 206 kW-eko trakzio-motorrak. 80 lagunentzako edukiera izango dute ibilgailuek, hiru ate irristakor –trenetakoak bezalakoak–, 25 eserleku (haietako 4 mugikortasun murriztuko pertsonentzat), bi gune gurpil-aulkiak eta haur-kotxeak kokatzeko, eta gurpil-aulkiak sartzeko arrapala bikoitza (elektrikoa + eskuzkoa).

Ibilgailu-modelo honek duen teknologiaren adibide gisa esan daiteke, atzerako ispiluen ordez, bi kamera digital edukiko dituela, gidatzeko postuan kokatutako pantailetan proiektatuko dituztenak irudiak, eta horrek bermatuko du ikuspena bikaina izatea argiztatze-baldintza guztietan. Gainera, garrantzia emango zaio ingurunearen segurtasun pasiboari ADAS sistemekin (gidatzen laguntzeko sistema aurreratuak), gidatu bitartean sor litezkeen arrisku-egoerak minimizatzen laguntzeko.

Hiri-garraioan mugikortasun elektrikoa ezartzeak ingurumenerako abantaila handiak dakartza berekin. Gasolioa erretzeari lotutako eta gizakion osasunerako kaltegarriak diren gasak ez isurtzeaz gain, ibilgailu berriak askoz ere isilagoak dira, eta, beraz, hiri-inguruneetan zarata arintzen laguntzen du horrek.

Beste albiste batzuk

  • Iruñeko Planetarioan izango dira, urriaren 19an eta 20an. Eta horiek osatzeko, konpostajeari eskainitako beste bi jardunaldi egingo dira
  • 400 metroko luzerako hodi berri batek Munarrizko ur-biltegia Goñikoarekin konektatu du
  • Proiektuak hornikuntzarako, ur beltzetarako eta euri-uretarako sareak berritzea hartu du barne