Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2021/07/09

10 billabesa hibrido berri Eskualdeko Hiri Garraiorako

Ezaugarri horietako azkenak izango dira: 2022tik aurrera gas natural bidez mugiarazitako autobusak erosiko ditu IMk

Gaur goizean, Eskualdeko Hiri Garraioaren garajeetan egindako ekitaldi batean, Iruñerriko Mankomunitateak 10 autobus hibrido berri aurkeztu ditu, gaurtik aurrera Eskualdeko Hiri Garraioaren flotan arituko direnak. Ekitaldi horretan, hain zuzen, IMko Garraio arloko zuzendari Jesús Velasco eta Moventia taldeko kontseilari delegatu Josep María Martí izan dira.

10 ibilgailu berriak artikulatuak dira, 18 metroko luzerakoak, MAN markakoak eta ‘Lions’s City 19C Efficient Hybrid’ modelokoak. Haien motorra hibridoa da, gasolioa eta elektrizitatea baliaten duena, eta 265 kW-eko potentziakoa. Ibilgailu bakoitzak 141 plaza ditu guztira (haietatik 38 eserita joateko), gehi bi aulki gurpildunetarako tokia.

Autobus berri guztiek EURO VI kutsadura-mugak betetzen dituzte, Europar Batasunak ezartzen dituenak. Eta, gainera, denek segurtasuneko manparak dituzte (pandemiaren ondorioz, manparak jarri dira EHGaren flotaren %100ean, gidariak babesteko helburuarekin) eta bai segurtasuneko bideokamerak ere, eta, horrenbestez, ia flota osoak sistema hori du. Gainera, hamar billabesek Mobileye segurtasun aktiboko sistema dute. Hain zuzen, ibilgailu bakoitzak bost kamera ditu, eta talka egiteko berehalako arriskua badago, langilea ohartarazten du sistemak. Azkenik, nabarmendu behar da ibilgailu berriek aulki gurpildunak sartzeko arrapala egokia dutela, CERMIN batzordeko kideek egiaztatua, joan den martxoan modelo hobetua, egonkorragoa eta funtzionalagoa sartu ondoren 2020an flotan sartutako ibilgailuetan. 

Ibilgailu hauek erostea 2020an esleitu zen, eta lanean hasteko prest daude, matrikulazio-izapideak eginda baitaude. Ibilgailu bakoitzaren kostua 402.850,00 euro izan da (BEZa kanpo).

Hitza hartu duenean, Jesús Velascok hau adierazi du: “Hamar autobus berri hauek iristeak flota gaztetzea dakar, segurtasuna emendatzea eta aurrera egitea zerbitzuaren iraunkortasunean. Hori guztia garraioa erabiltzen duten herritarren eta ibilgailu berriekin lan egingo duten langileen onurarako izango da, ondorio positiboa izango du”.

Bere aldetik, Josep María Martík aipatu du joan den urteko martxoaren 14az geroztik EHGak bizi duen egoera ohiz kanpoko eta berezia, eta zerbitzua ematen jarraitzeko langile guztiek egiten duten ahalegina aitortu du. Horrez gain, gogorarazi nahi izan du EHGa segurua dela, eta higiene- eta kontrol-protokoloak aplikatzen direla bertan. 

Gasolioa eta elektrizitatea baliatzen duten azken ibilgailu hibridoak 

Gaur aurkeztu diren autobus hauek Eskualdeko Hiri Garraioaren flotan sartuko diren azken ibilgailu hibridoak dira, gasolioa eta elektrizitatea baliatzen dutenak, IMren Batzar Nagusiak ekainaren 30ean egin zuen saioan EHGan gutxiago kutsatzen duten energiak sartzeko II. plana onartu baitzuen, kutsatzen duten autobusak progresiboki ordezten joateko. Ondorioz, IMk Hiri Garraioaren flotan progresiboki gasolioa erabiltzeari utziko dio eta gas natural konprimatuaren bidez mugiarazitako autobusak sartzen joango da, jatorri berriztagarriaren bermea dutenak. 

Azken xedea da Mankomunitateak, karbonoari dagokionez, neutroak diren zerbitzuak ematea 2030ean, eta horretarako jarduketa nagusia ekonomia zirkularreko proiektu bat da. Hain zuzen, proiektu horren bidez, hondakin-uren tratamenduan eta zaborren gai organikoak tratatzean sortutako biogasa Mankomunitatearen ibilgailu astunen flotetarako erregaia izango da: EHGko autobusak, zaborrak biltzeko kamioiak eta Uraren Ziklo Integraleko mantentze-ibilgailuak. 

159 ibilgailuko flota, batez besteko adina 6,76 urtekoa duena

10 ibilgailu berri hauek erosi eta zortzi zaharrenak kenduta, EHGko flotak 159 ibilgailu izango ditu (duela urte bat baino 2 gehiago), eta batez besteko adina 6,76 urtekoa izango da. Flota osoa kontuan hartuta, 61 autobus artikulatuak dira (18 metro), 97 autobus 12 metrokoak eta 2 ibilgailu 10 metrokoak. Adierazi behar da ibilgailu berri hauek eskuratuta Eskualdeko Hiri Garraioak 66 ibilgailu hibrido eta 6 elektriko dituela, eta, beraz, horrek esan nahi du flotako autobusen %45 eraginkorrak direla ingurumenari dagokionez.

Udako ordutegia astelehenetik aurrera, uztailak 12

Uztailaren 12tik aurrera, astelehena, Eskualdeko Hiri Garraioak udako ordutegia aplikatuko du eta, beraz, zenbait lineatan maiztasunak murriztuko dira. Gogoan izan behar da aurreko urteetan ordutegi hori uztailaren 15ean hasten zela aplikatzen, sanferminak amaitzen zirenean.

Ordutegi-aldaketaren arrazoi nagusia izaten da urte-sasoi honetan bidaiari-kopurua nabarmen gutxitzen dela, herritar asko oporretan baitira, eta ikastetxeak eta unibertsitateak itxita baitaude. Aurreko urtean gertatu zen moduan, sanferminak bertan behera uzteak eta mugikortasun txikiago batek ekarri dute udako ordutegia martxan jartzea aurreratzea.

Udako ordutegiari dagokion informazio zehatza sareko zutoin eta markesinetan jarriko da. Horrez gain, Eskualdeko Hiri Garraioaren webgunean ere kontsultatu ahal izango da, www.infotuc.es, eta ‘Tu Villavesa’ aplikazioan.

Aldaketak, uztailaren 10ean eta 11n 

Eskualdeko Hiri Garraioan eskaera handitu daitekeela aurreikusita, bihar, larunbata, uztailak 10, lanegunetako zerbitzu bera emango da. Halaber, igandean, hilak 11, larunbatetako zerbitzua emango da.

Gaueko EHGaren kasuan, arrazoi berberarengatik, bihar arte, larunbata, hilak 10, zerbitzua goizaldeko 02:00ak arte emango da gutxi gorabehera, hau da, larunbatetan eta jaiegunen bezperetan ematen den zerbitzu bera eskainiko da.

Beste albiste batzuk

  • Horiek egiten ari diren pertsonek etxera joateko hitzordua eskatzen dute objektu bat entregatzeko, bi euro ordaindu ondoren
  • Eskaintzak 1.500 erreserba baino gehiago ditu dagoeneko, 32.000 parte-hartzailerentzat
  • European Week for Waste Reduction ekimenaren webgune ofizialean eman du izena Mankomunitateak, ekintzen garatzaile moduan