Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2020/05/25

Mankomunitatearen egoitza berria salestarren garai bateko komentuan kokatzeko lanak hastea

Obrek ingurune horretan eragin ditzaketen eragozpenak ahal den neurrian minimizatzen saiatuko da IM

Zaharberritze-proiektua idazteko eta obra esleitzeko prozesuak amaitu ondoren, ekaineko lehen egunetan Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza berria salestarren garai bateko komentuan berritzeko eta egokitzeko lanak hasiko dira, eta kalkulatzen da iraupena bi urtekoa izango dela. Aurretik eman den azken pausoa esku-hartze arkeologikoa izan da, martxoaren amaieratik apirilaren erdialdera egin zena eta eremua ebaluatzeko bidea eman duena.

Egun hauetan, eraikinaren inguruetan bizi diren auzokideei gutuna eta eskupapera bidaltzen ari zaie, obra hauek eragin ditzaketen eragozpenak ahal den neurrian minimizatzen saiatuko dela azaltzeko. Dena den, gutunean adierazten den moduan, ezin saihestuzkoa izango da une jakin batzuetan makineria astunaren zaratarekin, mugimenduarekin eta instalazioarekin lotutako eragozpenak sortzea, eta bai inguru horretan noizean behin zirkulazioa etetea ere.  

Gogoan izango denez, SCPSAko Administrazio Kontseiluak joan den abenduan hitzartu zuen salestarren garai bateko komentua eta IMren etorkizuneko egoitza birgaitzeko obrak Construcciones ACR, S.A. enpresari esleitzea. Esleipenaren zenbatekoa 13.182.764,17 eurokoa izan zen (BEZa barne), kontratuaren lizitazio-zenbatekoaren aldean %15 gutxiago.  

Proiektu malgua etorkizuneko beharretarako

Andre Mariaren Bisitazioaren komentua Iruñeko Alde Zaharreko eraikin enblematikoenetako bat da. 1905ean eraiki zuten, Florencio Ansoleagaren proiektu baten arabera, eta 2003a bitartean salestar lekaideen klausurako komunitate bat hartu zuen.

San Zerningo Burguaren hego-mendebaldeko muturrean dago komentua, San Frantzisko kalearen eta Aduanako zokoaren artean, eta 3.000 metro koadroko eremua hartzen du. XI. mendeaz geroztik, orube honek Iruñeko historian esanahi handia izan duten eraikinak hartu izan ditu: Erdi Aroko lursailetako baratzeak, Burguko harresiaren atzealdea, Erregeren Dorreko gunearen zati bat, Cruzaten eta Armendaritzen jauregiak, Erresumako Etxea, Aduana eta Tabakalera.

IMk 2010ean eskuratu zuen Andre Mariaren Bisitazioaren garai bateko komentuaren higiezina, salestarren komentua ere esaten zaiona, bertan biltzeko eskualde-erakundearen administrazio-zerbitzuak eta herritarrei arreta ematekoak. 

Zaharberritzeko eta egokitzeko proiektuak eraikinaren balio historikoa errespetatzen du, dagoenaren diseinua gordetzen du eta bai kanpoko bolumetria ere. Salestarren eraikina birgaitzeko proposamenak espazio soilak eta atseginak lortu ditu, eta eraikinaren kanpoaldetik barnealdera planteatutako trantsizioa nabarmendu behar da. Ikuspuntu funtzionaletik, proposamenak ahalbidetzen du sinergiak sortzea sail desberdinen artean eta ingurumen-kalitate egokia bermatzen du.

Azkenik, egungo beharrei erantzuteaz gain, egoitza berria malgua izango da etorkizuneko eskakizunetarako edo IM eta SCPSAren egituraren berrantolatzeetarako. Halaber, Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak lankidetza-protokolo bat onartu zuen 2019ko maiatzean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta erakunde erkidetuaren artekoa, instalazioetako espazioen erabilera partekatzeko –bai IMren egoitza berrian, bai NUPen ikasgelategian ere–, eta prestakuntza-jarduerak diseinatu eta garatzeko. 

Beste albiste batzuk