Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2020/11/20

IMk heziketa-eskaintza berriro orientatu du 2020-21 ikasturterako, eta lehen hiruhilekoan erabat digitala izaten ari da

Aurrez aurrekoaren formatuaren funtsa galdu gabe, jarduera digitalen programa bat prestatu da

Mankomunitateko Ingurumen Heziketako Programak  2020-21 ikasturte honetarako bere heziketa-proposamena aurkeztu die ikastetxeei. Jardueren programa berriro orientatu du, mugikortasuna eta interakzio pertsonala murrizteko helburuarekin, eta lehen hiruhilekorako soil-soilik digitala den eskaintza planteatu du. Edonola ere, aurrez aurrekoaren formatuaren ezaugarrietara ahalik eta gehiena hurbilduko den esperientzia bat eskaintzea bilatu da era berean. Eskaintza jada aurkeztu zaie ikastetxeei, eta 296 erreserba ditu oraingoz, guztira, 6.058 parte-hartzaile hartzen dituztenak. 

Plangintza-aldaketa

Martxoan alarma-egoera deklaratu zenean eta haren ondoriozko konfinamendua, IMk erraztu zien ikastetxeei bertan behera gelditutako jardueren kudeaketa eta pandemiaren lehen egunetan lan akademikoan erabilgarriak izan zitezkeen baliabide digitalak eskaini zituen.

Aurrerago, Mankomunitatearen heziketa-programak unitate didaktiko digitalak prestatu zituen. Irakasleek era autonomoan erabil zitzaketen, eta, gainera, erraz aldatu eta ikasleekin partekatu zitzaketen. Azkenik, joan den ekainean, Iruñerriko ikastetxeetako irakasleekin egin ziren zenbait online saioren bidez, gogoeta egin zen hurrengo ikasturtean –orain gauden honetan– egoera berrian heziketa-sistemak edukiko zituen beharren gainean. Horrek guztiak lagundu zuen unitate didaktikoak hautatu eta hobetzea, jada ikastetxeen eskura daudenak.

Lehen hiruhilekorako jarduera digitalen eskaintza 

Lehen hiruhileko honetan, heziketa-programaren eskaintza digitala jarduera hauek eratzen dute:

Online bisitak. Zuzeneko jarduera digitala, hezitzaile batek gidatua. Mankomunitatearen instalazioak ezagutzeko lehen eskaintzen ziren aurrez aurreko bisiten bertsio digitala da.

Online tailerrak. Zuzeneko jarduera digitala, hezitzaile batek gidatua. Ikasgelako tailerren bertsio digitala da, eta IMren heziketa-programan ohikoak diren edukiak lantzen dituzte.

Unitate didaktikoak. Irakasleek era autonomoan erabiltzeko materialak dira, eta kopiatzeko eta/edo aldatzeko aukera ematen dute.

Bisita eta tailer digitalen planteamendua zuzeneko telebista-saio batenaren antzekoa da, hezitzaile batek gidatuta eta ikasgelatik parte hartzeko aukera ematen duena. Denek elkar ikus dezakete eta komunika daitezke, hitzartutako keinuen bidez, hitz egiten edo txat baten bidez. Lotura honetan ikus daiteke nola planteatu diren formatu digitaleko jarduera hauek.

Interes handiena pizten ari diren heziketa-eskaintza berriko jarduerak hauek dira:

  • Osasuna, garraioa eta planeta.
  • Mendillorri, ur-biltegia baino askoz ere gehiago.
  • Billabesetako istorioak.
  • Inoiz baino gehiago, BEREIZI.
  • Gongora eta birziklapenaren mitoak.

Ikasturte honetan, gainera, Iruñerriko Mankomunitatea elkarlanean ari da unibertsitateekin, zenbait heziketa-jarduera garatzeko. Esate baterako, “Herritarren zientzia: Arga Ibaia proiektua” izenekoa, ibai horretako biodibertsitateari buruzkoa eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzien Sailarekin gauzatzen ari dena. Horrez gain, Nafarroako Unibertsitatearen Museoko heziketa-programa Vik Munizen lanaren inguruan eskaintzen ari den jardueretan parte hartzen ari da Mankomunitatea. Muniz nazioarteko ospea duen artista da, gaien eta teknika artistikoen aukera ikaragarria proposatzen du eta bertan IM ingurumen-osagaia lantzen ari da (hondakinak, jan-edanak alferrik galtzea eta aztarna hidrikoa). 

Azkenik, eskaintza eguneratzen ari da jarduera berrien bidez. Besteak beste, “Nire lagun Retreto, komun-ontzia”, Haur Hezkuntzarako jarduera eta Komunaren Mundu Egunaz geroztik (azaroak 19) erabilgarri dagoena; eta “Ez nazazu bota, bereiz nazazu”, Hondakinen Prebentziorako Astean (azaroak 21-29) heziketa-eskaintzan sartuko dena. 

Heziketa-eskaintzari buruzko informazioa

Heziketa-eskaintza zehatz-mehatz ezagutzeko programetako bakoitzean eta eskaintza berri honek berekin ekarri dituen aldaketen berri izateko, Mankomunitatearen heziketa-programaren webgunea bisitatu ahal da (www.mancoeduca.com) eta bai Twitterreko @mancoeduca kontua ere. Horrez gain, 948203444 telefonora deituta edo atencion@mancoeduca.com helbidera mezu elektronikoa idatzita egin daitezke kontsultak.

Beste albiste batzuk

  • Halaber, Uraren Ziklo Integralaren, hondakinen eta EHGaren tarifak onartu ditu, 2020ko tarifekiko aldaketarik gabe
  • N1, N2 eta N7 lineek emango dute zerbitzua, gaueko zerbitzuko egungo eskaeraren %70 hartzen baitute hiruren artean
  • Lauhilekoaren amaieran ordainduko litzateke itxialdiak ukitutako egunei dagokien fakturaren zatia