Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2021/02/19

IMk bere ibilgailuak gas naturalez hornitzeko estazio bat jarri du martxan

Sareen eta Instalazioen Mantentze Zentroan kokatu du, Agustindarren industrialdean

Gaur goizean, Iruñerriko Zerbitzuak, S.A, (SCPSA) sozietatearen ibilgailuak gas naturalez hornitzeko estazioa aurkeztu dute, erakundearen Sareen eta Instalazioen Mantentze Zentroan, Agustindarren industrialdean. Aurkezpen-ekitaldian, David Campión Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak parte hartu du. 

Gaur martxan jarri den gas-hornitegiak edo gasinerak gasa baliatzen duten 10 ibilgailu hornitzen ditu (6 kamioi eta 4 furgoneta), Uraren Ziklo Integralaren zerbitzukoak (UZI). Edonola ere, kopuru hori handitzen joango da, flota berritzen doan neurrian. 

12 furgonetaren eskaerari erantzuteko ahalmena 

Instalazioak gas naturalaren unitate hartzaile bat du –konexio-puntu moduan gasa banatzeko sarea duena, Nedgia enpresarena–, erregulazio- eta neurri-estazio bat, eta konpresio- eta biltegiratze-ekipoak, gasaren instalazio hartzailetik datorren gas naturala konprimatzeko bidea ematen dutenak, hartara, biltegiratu eta ibilgailuetara administratzeko.  

Azkenik, banaketarako, hornigailu bat kokatu da (metalezko markesina batek babestuta dago). Gasez hornitzeko bi aho ditu, eta matrikulak irakurtzeko eta erabiltzailea identifikatzeko sistema automatiko baten bidez desblokeatzen dira. 

Gas-hornitegiak gas natural konprimatuaren (GNK) 188 kg-ko erabilgarritasuna du erabateko kargarako, eta GNKren 17,8 kg-ko edukierako eta eguneroko kontsumoko 5,93 kg-ko 12 furgonetaren eskaerari erantzuteko ahalmena, edo GNKren 73,7 kg-ko edukierako eta eguneroko kontsumoko 14,75 kg-ko 15 kamioren eskaerari erantzutekoa. Gas naturalaren eguneroko kontsumoa 292,41 kg-koa da gutxi gorabehera, eta konpresoreak orduko 30,27 kg inguruko emaria ematen du. 

Egun, instalazioak Nedgia enpresaren sare nagusiko gasa hartzen du. Baina aurreikusten denez, 2022tik aurrera, estazioan erabiliko den gas naturalak Jatorri Berriztagarriaren Ziurtagiria edukiko du, bere instalazioen funtzionamendurako Mankomunitateak behar duen energia elektrikoarekin egiten den moduan. Hartara, estazioan kontsumituko den gasak bera sortzean eragiten diren berotegi-efektuko gasak konpentsatuko ditu.

Proiektua esleitzeko aurrekontua –obraz gain, zazpi urtean mantentze-lanak egitea hartzen du barne– 232.640 euro izan da, BEZik gabe.

Klima aldaketarako estrategia

Bere flotetako erregai moduan gasolioa kentzen joateko Mankomunitatearen erabakiaren barnean dago gas-hornitegi hau jartzea, eta bai ibilgailu astunetan gas naturalaren alde egitekoan ere, gas hori erabat garbia baita ibilgailu horiek hiri-inguruneetan jarduteko. 

Jakina denez, hirien barnean gasolioa erabiltzeak arazo bikoitza eragiten du: berotegi-efektuko gasen isurpenak, zuzenean klima-aldaketaren kalterakoak direnak, eta partikulen isurpenak, bide publikoetan arnastearen ondorioz gizakion osasunari eragiten diotenak. Ibilgailu ertainetan eta astunetan gasolioaren ordez gas naturala erabiltzean, IMk erabat ezabatuko du giza osasunaren gaineko kaltea, gas naturalak errekuntza garbia baitakar berekin, osagai toxikorik gabea. 

Gas-hornitegiaren aurkezpenean, David Campiónek adierazi du instalazio hau Mankomunitatearen asmo handiko proiektu baten beste pauso bat dela, energia- eta ingurumen-eraldaketa baten alde egiteko bere politikaren barnean, 2022an hornitutako gasa jatorri berriztagarrikoa izatea aurreikusita baitago. Alde horretatik, iragarri du IMk ‘Klima-aldaketarako eta Energiarako Estrategia’ idatzi duela. Zehazki, instalazio hau proiektu horren barnean dago, eta hiru egun barru estrategia erakundearen Batzar Nagusiak onesteko proposatuko da. “Estrategia horretan, 2030erako, karbonoari dagokionez, neutroak izatea lortzeko erabaki irmoa jasotzen da, 20 urte aurreratuta Europako helburuari. Klima-aldaketaren kontrako borrokak politika guztien ardatzetan egon behar du, eta, jakina, gurearen ardatzean dago”, gehitu du IMko lehendakariak.

Nabarmendu behar da Uraren Ziklo Integraleko gainerako ibilgailu arinak pixkana ordezten ari direla 2017az geroztik, %100 elektrikoak diren ibilgailuak erabiltzeko. Hori dela-eta, urte gutxiren buruan, Uraren Ziklo Integralaren zerbitzuko flota %100 iraunkorra edo jasangarria izango da, dela ibilgailuak elektrikoak direlako, dela jatorri berriztagarriko gas naturala erabiltzen dutenak direlako. 

Beste albiste batzuk