Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Mankomunitatea
2020/07/23

IMk %21,7 murriztu du bere karbono-aztarna 2014az geroztik

AENOR erakundeak egiaztatu eta zertifikatu du datua, 2019ko ekitaldiari dagokiona

Iruñerriko Mankomunitateak eta hura kudeatzeko SCPSA sozietateak 2019an karbono-aztarna %1,3 murriztea lortu dute 2018arekiko, eta %21,7 2014. urtearekiko, lehen erregistroa egin zen urtearekiko, hain zuzen.

AENOR erakundeak egiaztatu eta zertifikatu du karbono-aztarna hori, eta aztarna horrek ahalbidetzen du jarduera jakin baten ondorioz atmosferara aireratzen diren berotegi-efektuko gasen isurpenak kuantifikatzea. Horrenbestez, jarduera horrek berotze globalean eragiten duen inpaktua ezagutzeko bidea ematen du kuantifikazioak, eta, hartara, berotegi-efektuko gasen isurpenak murrizteari ekiteko funtsezko lehen pauso bihurtzen du karbono-aztarna. 

Karbono-aztarna kalkulatzeko, Iruñerriko Mankomunitateak instalazio guztien eta ematen dituen zerbitzuen analisi oso bat egin du, eta helburua izan da zerbitzu hauek emateagatik urtez urte sortzen diren berotegi-efektuko gasen isurpenen bolumena zein den kalkulatzea: Uraren Ziklo Integrala, Hiri Hondakinak Bildu eta Tratatzea, eta Eskualdeko Hiri Garraioa. 

Urte hauetan, karbono-aztarna murriztea etengabea izan da, eta 2014an 60.275,3 tCO2baliok. izatetik 2019an 47.211,4 tCO2baliok. izatera igaro da. Nabarmendu behar da IM eta SCPSAren energia-autosufizientzia 2019an (kontsumitutako eta erositako energiaren arteko ratioa) %19,3koa izan zela, 2018ko %18,0koaren aurrean. Beste alde batetik, SCPSAren zazpi enpresa kontratistak beren isurpenak neutralizatu dituzte 2019an, kudeaketa-sozietatearekin dituzten kontratuetan. Horrenbestez, aurrerabide berriak dira, karbonoari dagokionez, Mankomunitateak 2030. Urterako neutroa izateko daukan konpromisoan. Konpromiso hori, zehazki, IM eta SCPSAren 2017-2030 aldirako Plan Estrategikoan jasota dago.

Gai organikoak bereiztearen garrantzia

Karbono-aztarna murrizte aldera, Mankomunitateak eta hura kudeatzeko SCPSA sozietateak hainbat ekimen jarri dituzte abian. Haien artean, garrantzitsuenak dira hondakinetako gai organikoak bereiztea, 5. edukiontziaren eta etxeko eta auzoko konpostajearen bidez, eta Eskualdeko Hiri Garraioan autobus hibridoak sartzea. IMren berotegi-efektuko gasen isurpenen eragile nagusiak gainerakoen frakzioarekin batera botatzen diren eta Gongorako zabortegira bideratzen diren gai organikoak dira. Hori dela-eta, berebiziko garrantzia du etxebizitzetan gai organikoak bereizteak eta 5. edukiontzira botatzeak.

Isurpenen eta kutsadura atmosferikoaren bigarren iturria hondakinetako kamioien, hiri-garraioko autobusen eta erakundeko ibilgailuen gasolio-kontsumoa da. Isurpen horiek murrizten joateko helburuarekin, Mankomunitateak sei urte daramatza autobus hibridoak sartzen EHGaren flotan, eta jada billabesen %27 halakoak dira. Gainera, 2019an, %100 elektrikoa den autobusen lehen linea jarri zen abian, 9. linea (Renfe – Nafarroako Unibertsitate Publikoa). Urtean zehar, 300.000 kilometro baino gehiago egin zituen eta 1.800.000 pertsonatik gora garraiatu zituen, soil-soilik energia elektrikoa baliatuta. Hiri Garraioaren kasuan, 2019an, IMk 1.121,1 tCO2baliok. gutxiago isurtzea lortu du aurreko urtearekiko, hau da, aurreko urtean baino %7,7 gutxiago.

Horri gehitu behar zaio 2017. urteaz geroztik zerbitzuko ibilgailu arin berri guztiak ere elektrikoak direla. Horrez gain, erakundeak bere energia elektriko guztia berdea erosten du, eta, hortaz, horrek ere ahalbidetzen du nabarmen gutxitzea isurpenak kontzeptu horretan.

Gogora ekarri behar da IM-SCPSA izan dela ‘Calculo-Reduzco-Compenso’ zigilua lortu duen Espainiako lehen toki-erakundea, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioarena (MITECO), bere jardueraren hiru norainokoetarako.

Beste albiste batzuk