Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Ibai parkea
2021/03/11

Iruñerriko Ibai Pasealekua Arazuri eta Ibero artean handitzeko gauzatu diren lanak aurkeztu dira

Zati berri honek 5.200 metroko luzera du, eta joan den abenduan kokatu ziren bi zaldain dauzka

Gaur goizean zenbait agintari izan dira bisitan Iruñerriko Ibai Pasealekua handitzeko egitasmoaren II. fasean, “Arga beherea” zatian, Arazuri eta Ibero artean. Zehazki, zati horrek 5.200 metroko luzera du Arga ibaiaren ondoan.

Zati berria Arazuriko Berokizelaia kirol-instalazioen ondotik abiatzen da, ibaiaren eskuineko ertzean. Handik Ororbiaraino joaten da, eta bertan ezkerreko ertzera igarotzen da, 67 metroko luzera duen eta zurezkoa den zaldain bati esker. Joan den abenduan kokatu zen zaldain hori, eta, bao bakar bateko zaldainen artean, handienetakoa da Estatu osoan.

Behin Ororbiako zubia gurutzatuta, ibilbideak ibaiaren eskuineko ertzetik jarraitzen du Iberon Jaizbidea zaldain berriraino heldu arte. Zaldain hori ere zurezkoa da, 39 metroko luzera du eta era berean jarri zen joan den urteko abenduan. Zaldain honetatik, 1.450 metroko ibilbide bat eginez –berriro ere ibaia gurutzatuta Isterriako zubitik–, Ibero herrira iristen da.

Ingurumen-integrazioko guneak

Pasealekuaren zabalera 3,5 metro da, eta bide-zorua egiteko material birziklatu trinkotua erabili da. Malda duten inguruetan edo urez bete daitezkeenetan, ordea, bide-zorua hormigoizkoa da. Nabarmendu behar da zati batzuetan pasealekua ibaitik aldentzen dela, parkean ‘ibaiko ingurumen-integrazioko gune’ gisa sartutako eremuak eratzeko bidea emanez, ibaiko ekosistemaren orekaren mesedetan. Gainera, inguru horretan ibiltzen diren pertsonentzat aisia- eta atseden-lekuak izan daitezke. Halaber, erortzeko arriskua duten ezpondak dauden pasealekuko zatietan, zurezko hesiak jarri dira.

Era berean, proiektuak barne hartu du 425 metroko bidexka egitea Jaizbidea zaldainetik Hiru Gurutzeen monolitoraino. Beste alde batetik, kanalizazio elektrikoa kokatu da Iberdrolarentzat Ororbiako zaldainetik herri horretako zubiraino (994 m), Oltza udalerriko inguru horretako konexioak indartze aldera. Azkenik, seinaleak jarri dira paseoari buruz eta ibilbidean dauden intereseko lekuei buruz, eta horrek ahalbidetuko du inguru honen historia eta urteetan zehar izan duen bilakaera ezagutzea.

Pasealekua handitzeko obrak –lehendik zituen 28,8 kilometroei beste 5,2 gehitu zaizkie– 2020ko uztailean hasi ziren, eta aurtengo urtarrilean amaitu dira. Obraren lizitazio-aurrekontua 1.804.979,98 euro izan da (BEZa kanpo), eta IM-SCPSAk eta Oltza Zendeako Udalak finantzatu dute.

Ibai Parkea handitzeko udalez gaindiko plan sektorialean jasota gelditu zen pasealekua handitzeko proiektuaren esparrua, eta Nafarroako Gobernuak 2010ean onartu zuen. Urte horretako urrian, Nafarroako Gobernuak eta IMk hitzarmen bat izenpetu zuten, eta haren arabera dirulaguntza eman zitzaion eskualde-erakundeari Etxauriraino handitzeko lursailak erostea finantzatzeko.

Ororbiako zaldaina

Iberoko Jaizbidea zaldaina

 
Handitzea aurkeztea

Pasealekua handitu izana aurkezteko ekitaldia gaur goizean egin da, Ororbiako zaldainaren ondoan, eta bertan izan dira ekitaldiaren buru: David Campión, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria; Moisés Garjón, Oltza Zendeako alkatea; Jesús Gárriz, Ororbiako kontzejuko lehendakaria; Pedro Mari Mina, Arazuriko kontzejuaren ordezkaria; eta Ana Echeverría, Iberoko kontzejuko lehendakaria.

Hitza hartu duenean, Moisés Garjónek adierazi du “zati berri honekin ibaiaren espazioa erabili eta gozatzea lortzen” dugula, “beharrezkoa den mugikortasun iraunkorra batuta aldi berean, errealitatea izan dadin, eta kudeaketa desberdinak modu lasai eta seguruan egin ahal izateko”.

Bere aldetik, David Campiónek nabarmendu nahi izan du azpiegitura mota hauetarako zeinen garrantzitsua den udal guztien, kontzejuen, IMren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza ekonomikoa eta pertsonala. Mankomunitateko lehendakariak adierazi du pasealekuak oinezkoen eta txirrindularien mugikortasuna laguntzen duela, Iruñerria egituratzen duen bide bat antolatuz. “Olgetarako pasealekua da, eta IMn Iruñerriko herri desberdinen arteko bizikleta-konektibitatearen azterlan bat garatzeko asmoa dugu, bai beren artean eta bai Iruñeko Metropoli Eremuarekin”, gehitu du Campiónek.

Amaitzeko, Alfonso Amorena SCPSAko kudeatzaileak nabarmendu du “Ibai Parkea irmotasunaren, lanaren eta adostasunaren monumentua” dela, pasealekuaren egungo konfiguraziora heltzeko bidea eman duten ahaleginen 15 urteren ondoren. Amorenak azpiegitura hau garatzen parte hartu duten erakunde guztien elkarlana ekarri du gogora, “Iruñerria batzeko, eta landakoa eta hirikoa konektatzeko bidea ematen baitu”.

Etorkizuna: III. fasea (Ibero – Etxauri)

Gogora ekarri behar da handitzeko proiektuaren lehen fasea, Barañain eta Arazuri artekoa, 2014an gauzatu zela. Zati horren luzera 3.800 metrokoa da. Gaur aurkeztu den bigarren zati hau amaitu eta gero, pasealekua handitzeko hirugarren fase bat planteatzen da, Ibero eta Etxauri herriak batuko dituena eta 4.000 metroko luzera izango duena. Horretarako, Arakil ibaiaren gainean zaldain bat eraikitzea planeatu da.

Hirugarren fase hori gauzatu ondotik, aurreikusita dago pasealekua Etxauritik Ziritzaraino luzatzea, handik bat egiteko jada badagoen pasealekuarekin, Etxarri eta Bidaurretako udal-barrutietatik igarotzen denarekin. Beste alde batetik, aztertzen ari da pasealekua Arakil ibaiaren urari goiti konektatzea Asiaingo herriraino.

Beste albiste batzuk

  • Erakundeak iraunkortasunarekin duen konpromisoa nabarmendu du Campiónek, bere jarduketa guztiak markatzen dituena
  • Parte hartzeko, Mankomunitatearen webgunean izena eman behar da: www.mcp.es
  • Gainera, gaueko zerbitzuaren ordutegia pandemiaren aurreko bera izatera itzuliko da