Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2020/10/16

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak abala eman dio hondakinak biltzea kontratatzeko SCPSAren prozedurari

Kostuak ordaintzera zigortu du alderdi demandatua, Nafarroako Kontratuen Administrazio Auzitegia

Hondakinak biltzea kontratatzeko Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. (SCPSA) sozietatearen –Iruñerriko Mankomunitatea (IM) kudeatzeko sozietatea– prozedura baliorik gabe uzten zuen Nafarroako Kontratuen Administrazio Auzitegiaren ebazpena baliogabetu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salak.

Gogora ekarri behar da kontratu hori –lau urterako planteatua, eta beste sei gehiagorako, urtez urte luzatuta– FCC enpresari esleitu ziola 2014an, eta esleitze horren aurka helegitea aurkeztu zuela Urbaser enpresak Kontratuen Auzitegian. Auzitegi horrek ebazpena eman zuen 2015eko otsailaren 18an, eta haren arabera, hondakinen bilketa esleitzea ekarri zuen SCPSAko Administrazio Kontseiluaren 2014ko akordioa legez kanpokotzat jo zuen.

SCPSAk helegitea aurkeztu zuen Kontratuen Auzitegiaren ebazpenaren aurka, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan.

2018ko irailean, Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak partzialki onartu zuen helegite hori, eta ezarri zuen Kontratuen Auzitegiak ez zuela legea bete, erreklamazio-prozeduran aldeei alegazioak aurkezteko fasea alde batera uztean. Epai horrekin, Kontratuen Auzitegiak atzera egin behar zuen une hartaraino eta SCPSAk bere defentsa gauzatu ahal izatea erraztu behar zuen. Ondorioz, Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietateak, Iruñerriko Mankomunitatea kudeatzeko sozietateak, egokiak ziren alegazioak aurkeztu zituen.

2019ko maiatzean, Kontratuen Auzitegiak agiriaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen esparruan hondakinak biltzea kontratatzeko prozeduraren baliorik eza ebatzi zuen. Ezarritako epearen barnean, SCPSAk administrazioarekiko auzi-helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan.

Orain kaleratu den Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salaren epaiak helegite hori onartzen du eta ezartzen du kontratatze-prozedura hori zuzenbidearen araberakoa dela. Justizia Auzitegiak uste du Kontratuen Auzitegiak lortutako ondorioa ez zela zuzena izan, agirian jasotako hobekuntzen irizpidearen zehaztugabetasuna seinalatzean, eta iruditzen zaio klausula horrek bai mugatzen dituela hobetzeko modukoak diren alderdiak, alderdi hobegarriak: eraginkortasun energetikoko irizpideak, birziklapena emendatzea sustatzen duten bitartekoak eta sentsibilizazio-kanpainen bitartekoak. Halaber, kostuak ordaintzera zigortu du alderdi demandatua, Nafarroako Kontratuen Administrazio Auzitegia.

Beste albiste batzuk