Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2020/09/23

Iruñerriko Ingurumen Zentroari buruzko parte-hartze prozesua

Interesa duten pertsona guztiek urriaren 1a bitartean bidali ahal izango dituzte ekarpenak mcp.es webgunearen bidez

Iruñerriko Hondakinak Tratatzeko Ingurumen Zentroaren Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren gaineko informazio eta parte-hartze publikoko prozesua jarri du abian Iruñeriko Mankomunitateak.

Aipatutako udalez gaindiko proiektu sektorial horren izapideek barne hartzen dute aurretik herritarrek parte hartzeko eta informazioa izateko prozesu bat garatzea, izapidearen zioa ez ezik, Iruñeko Garraioaren Hiriko 4. Fasean proiektatzen ari den hondakinen tratamendurako plantaren ezaugarriak ere ezagutarazteko bidea emateko.

Parte-hartze prozesu hori Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren edukian ardaztuko da, eta, nahiz eta ez den bete beharrekoa, proiektua hobetzeko aukera emango duten ekarpenak lortzea da asmoa.

Prozesuak barne hartzen du joan den irailaren 15az geroztik egiten ari diren lau bilera telematiko egitea. Aurreneko bilerarako deia Noain-Elortzibarko Udaleko eta kontzejuetako ordezkariei egin zitzaien. Bigarren bilera Iruñerriko Mankomunitatearen hondakinen eremuan sartuta dauden udalerrietako ordezkarientzat izan zen.

Hirugarrenik, Garraioaren Hirian egoitza duten enpresei egin zaie deia, eta, azkenik, laugarren bilera hurrengo irailaren 24an egingo da eta bertara joateko gonbidapena egin zaie ingurumenaren, enpresaren eta kontsumitzaileen arloko hainbat elkarteri, alderdi politikoei eta elkargo profesionalei, beste agente interesdun batzuen artean.

Egin edo egingo diren saioak gorabehera, nahi duen edonork eskuratu dezake proiektuari buruzko informazioa eta egin ditzake ekarpenak, Mankomunitatearen webgunean egokitu den gunearen bidez, hurrengo urriaren 1a bitartean.

Zer da Udalez gaindiko Proiektu Sektorial bat?

Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala lurralde-antolamendurako tresna bat da, eta bere xedea da, besteak beste, ingurumen-kudeaketako azpiegiturak edo instalazioak ezartzea, hala nola Iruñerriko Ingurumen Zentroa, baldin eta horien eraginak eta ondorioek, lurralde-antolaketari dagokionez, dituzten tamaina, garrantzi edo ezaugarri bereziengatik, gainditu egiten badute oinarri duten udalerria edo udalerriak. Ezaguna den moduan, instalazio horren helburua da hondakinen frakzio nagusiak tratatzea, hau da, 5. edukiontziko gai organikoak, ontzien eta materialen edukiontzi horiko hondakinak eta gainerakoen frakzioa, industrialdeetan bildutako zuraz gain. Hori guztia hondakinen zerbitzua ematen zaien 48 udalerriei dagokienez; 370.000 biztanle hartzen dituen zerbitzua, hain zuzen.

Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala egiteko prozesuan parte-hartze prozesu hau sartzen da, eta behin amaitutakoan, jasotako ekarpen guztien balorazioa jasotzen duen itzulera-dokumentu bat sortzea ekarri beharko du.

Ondoren, Nafarroako Gobernuaren aurrean izapidetzeko fasea hasiko da, eta horrek ere barne hartuko du informazioa hilabete batean jendaurrean jartzeko aldi bat.

 

Beste albiste batzuk