Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Hondakinak
2020/06/29

Hamar garbigune gehiago, Iruñerriko herrietan

Instalazio trinkoak dira, landa-eremurako egokituak, eta joan den urteko ekainean kokatutako seiei gehituko zaizkie

Aste honetan, Mankomunitateak garbigune finko gehiago kokatuko ditu Iruñerriko hamar herri hauetan: Zizur Txikia, Eritze Itza, Ezkirotz, Jauntsarats, Larraintzar, Latasa, Muru Artederreta, Olague, Ororbia eta Zulueta.

Gaur goizaz geroztik garbigune finkoa duen hamar herri horietatik lehena Olague da, Anue udalerrian. Hara joan da Mankomunitateko lehendakaria, David Campión, eta berarekin batera egon dira Miguel Ángel Larráyoz, Anue ibarreko alkatea, eta José Luis Iraizoz, Olague kontzejuko lehendakaria.

Jakina denez, etxebizitzetan sortzen diren hondakin bereziak gaika biltzea errazten dute garbiguneek, beren ezaugarriengatik, ingurumenerako arazoa ekar dezaketen hondakinak eta, egokia bada, birziklatu aurretik tratamendu berezia behar dutenak. Hori dela-eta, ez dira inolaz ere edukiontzietara bota behar. Halakoak dira, esate baterako, pintura-produktuak, automobilenak (olioak, bateriak, izotz-kontrakoak), produktu bereziak (fluoreszenteak, frijitzeko olioa, pilak, sendagaiak), eta bai etxetresna elektriko txikiak, jostailuak eta arropa ere. 

Hamar garbigune hauek instalazio trinkoak dira, tamaina txikikoak (2,4 m zabal, 5 m luze eta 2,5 m garai). Kanpoan ahoak dituzte, hondakin desberdinak botatzeko, eta barnean edukiontziak, hondakinak pilatzeko. Beren edukiera mugatua denez, ezin dira alderatu dauden beste hiru garbigune finkoekin (Eroski, E. Leclerc eta Burlata), Iruñerriko landa-esparrurako baitira. Gogora ekarri behar da 2019ko ekainean beste sei garbigune kokatu zirela, ezaugarri berberekin, Eguesen, Taxoaren, Zubirin, Arren, Etxaurin eta Muruzabalen.

Herritarrei hondakin bereziak modu irisgarri eta egonkor batean bota ahal izatea errazteko beharraren gainean udalek helarazten zuten kezka bati erantzutera datoz aste honetan kokatuko diren hamar garbigune finko hauek.

Kokatzea: gaur hasi eta uztailaren 3a bitartean, ostirala

Garbiguneak kokatzeko egutegia gaur hasi da, astelehena, eta hurrengo ostiralean, uztailak 3, amaituko da, eta hau izango da:

Ekainak 29, astelehena - Olague: San Joan kalea, udaletxearen ondoan.

Ekainak 29, astelehena - Larraintzar: pilotalekuko aparkalekuan.

Ekainak 30, asteartea - Jauntsarats: herri-eskolaren ondoan.

Ekainak 30, asteartea - Latasa: San Esteban kalean, Zubi-Ondoa erretegiaren parean.

Uztailak 1, asteazkena - Eritze Itza: udaletxearen parean.

Uztailak 1, asteazkena - Ororbia: osasun-etxeko aparkalekuan.

Uztailak 2, osteguna - Zizur Txikia: Zelaia kalean, kiroldegiaren parean.

Uztailak 2, osteguna - Ezkirotz: Kontzejuaren etorbidean, kiroldegiaren ondoan.

Uztailak 3, ostirala - Muru Artederreta: geltoki zaharraren errepidean (Casa Teréren atzealdean, Arrizabalagan).

Uztailak 3, ostirala - Zulueta: errepide nagusian, Zulueta erretegiaren ondoan.

Unitate bakoitzaren kostua 13.000 euro ingurukoa da, eta 16 garbiguneetan Emausko Trapuketariek egingo duten bilketaren aurrekontua (hamar berri hauetan eta joan den urtean kokatutako seietan) urtean 30.000 eurokoa izango da gutxi gorabehera. Hondakin bereziak gaika biltzeko egitura biribiltzera datoz landa-esparruko garbiguneak, eta orain arte ditugun hiru garbigune finkoei batu behar zaizkie: Eroski hipermerkatuko aparkalekukoa (2000. urtean jarri zen martxan), E. Leclerc hipermerkatuko aparkalekukoa (2005) eta Burlatakoa, 2019ko urtarrilean jarri zena abian. Egun, bost dira astero 37 kokaleku desberdinetara joaten diren furgonetak. Era berean, Iruñerri osoan arropa eta oinetakoak biltzeko 192 edukiontzi daude kokatuta (97, 2017az geroztik, eta 95 gehiago, ekain honetan kokatuak).

Mankomunitateak gogora ekarri du Eroskiko eta E. Leclerceko garbigune finkoak apirilaren amaieran hasi zirela berriro jardunean, 11:00etatik 19:00etarako ordutegian, supermerkatu handien jarduerari lotuta egotean. Hori dela-eta, Burlatako garbigune finkoa itxita dago oraindik.

Beste albiste batzuk