Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2021/09/16

Nafarroako Gobernuak malgutu egin ditu billabesetako okupazio-mugak %75era

Ostiral, larunbat eta jaiegunen bezperetako gauetako gaueko zerbitzuaren ordutegia luzatu da

Nafarroako Gobernuaren irailaren 14ko 34/2021 Foru Aginduak, gaur kaleratutak, COVID-19aren aurkako ohiz kanpoko neurri berriak ezartzen ditu eta adierazten du biharko 00:00etatik aurrera, ostirala, irailak 17, billabesen gehieneko edukiera %75ekoa izango dela. Zehazki, gehieneko edukiera hauek finkatzen ditu:

  • 18 metroko luzerako autobus artikulatuak = 93 / 105 plaza, modeloaren arabera.
  • 12 metroko luzerako autobus zurrunak = 57 / 64 / 72 plaza, modeloaren arabera.
  • 10 metroko luzerako autobus zurrunak = 53 plaza.
Gaueko zerbitzua luzatzea

Era berean, bihar, ostirala, 00:00etatik aurrera, ostiral, larunbat eta jaiegunen bezperetako gauetako gaueko zerbitzuaren ordutegia luzatu egingo da, ostalaritzaren itxiera-ordutegi berrietara egokitzeko. Hain zuzen, honela geldituko da:

  • Astelehenetik ostegunerako gauak eta jaiegunetakoak: ohiko ordutegia aplikatzen da, urte osorako definitutakoa pandemiaren aurretik. Ez da aldatu joan den maiatzaren 14an gaueko zerbitzua berreskuratu zenetik.
  • Ostiral, larunbat eta jaiegunen bezperetako gauak: egungo zerbitzua 04:00ak arte luzatu da gutxi gorabehera (orain arte 02:00ak inguruan amaitzen zen).

Hartara, gaueko zerbitzua ia pandemiaren aurretik zegoen bezala geldituko da, larunbatetan izan ezik, lehen larunbatetako zerbitzua 06:00ak arte luzatzen baitzen.

Bilera, Nafarroako Gobernuarekin

Nabarmendu behar da autobusen edukiera emendatzeko neurri hau hilaren hasieran Nafarroako Gobernuak eta Iruñerriko Mankomunitateak egin zuten bilera baten ondotik hartu dela. Bilera horretan, billabesetan edukierak malgutzea baloratu zen, Eskualdeko Hiri Garraioa espazio segurua dela egiaztatu ondotik.

Bilera horretan, hain zuzen, Carlos Artundo, Nafarroako Gobernuko Osasuneko zuzendari nagusia, Berta Miranda, Nafarroako Gobernuko Garraioko zuzendari nagusia, eta Jesús Velasco, Iruñerriko Mankomunitateko Garraioaren Arloko zuzendaria, izan ziren. Zehazki, Osasun Departamentua agente ekonomiko eta sozial desberdinekin egiten ari den bileren artean dago batzar hori. Egoera epidemiologikoaren egungo egoera ikusirik, xedea da COVID-19a kutsatzeko arriskuaren aurrean ezarritako murrizketak malgutzea.

Billabesak, garraio segurua

Bileran ontzat jo zen Osasun Departamentuak joan den ekainean Eskualdeko Hiri Garraiorako ezarri zituen neurrien errendimendua. Izan ere, udan zehar, zerbitzuaren balantzea oso ona izan da, bai edukierak betetzeari dagokionez –eskaintza eta eskaria–bai eta ezarritako beste neurri batzuei dagokienez ere: leihoak eta ateak irekitzearen bidez aireztapen naturala izatea, hidrogelen banagailuak edukitzea, besteak beste.

Mankomunitateak azaldu zuen, sektoreko beste administrazio batzuek bezala, autobusen barnean CO2 gasen mailak neurtu direla eta lortu diren balioak 800 ppm-tik beherakoak izan direla. Horrek erakusten du hartutako neurriek, maskara erabiltzea nahitaezkoa izatearekin eta airea berriztatzearekin batera, ekartzen dutela billabesak garraio segurua izatea.

Analisi horren ondotik, Osasun Departamentuak mahaigaineratu zuen progresiboki malgutzea edukierak EHGan, egungo testuinguru epidemiologikora egokitzeko –egungo foru-aginduan jasotzen den moduan–, pandemiaren aurretiko okupazio-mailak berreskuratzeko helburuarekin.

Azkenik, Mankomunitateak konpromisoa hartu zuen puntako orduetan errefortzuetan erabilgarri dituen bitarteko guztiak jartzen jarraitzeko eta aireztapen zuzena bermatzen jarraitzeko.

Pandemian zehar hartu diren edukiera-mugak

Gogoan izan behar da Nafarroako Gobernuak 2020ko urrian kutsatzeak eteteko ohiz kanpoko neurriak ezarri zituela foru-agindu baten bidez. Hartara, billabesen gehieneko edukiera %50ekoa izatea agindu zuen, “betiere flotaren gehieneko edukierak horretarako aukera” ematen bazuen.

2021eko ekainaren 29an, Nafarroako Gobernuak malgutu egin zituen neurri horiek, eta, beste foru-agindu baten bidez, ezarri zuen billabesetan eserita bidaiatzeko plaza guztiak erabili ahal izango zirela eta zutik bidaiatzeko egokitutako gunean pertsonek beren artean ahalik eta distantzia handiena izatea saiatuko zela, metro koadro bakoitzeko gehienez ere bi erabiltzaile joatea ezarrita. Horrenbestez, neurri berriek ahalbidetu zuten eskaintza handitzea gutxi gorabehera %53raino. 

2021eko ekaineko foru-agindu horretan, gainera, ibilgailuaren barnean airea ibiltzea hobetzeko helburuarekin, geralekuetan ibilgailuaren ate guztiak zabaltzea gomendatzen zen, eta, ireki zitekeen leihorik bazeukan ibilgailuak, oro har, irekita egon beharko zutela denek, baldin eta horrek ez bazuen eragozten ibilgailuaren klimatizazio-sistemek ongi funtzionatzea.

Amaitzeko, nabarmendu behar da 2021eko maiatzean “Tu Villavesa” aplikazioak –Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuaren datuei buruzko informazioa ematen du denbora errealean– billabesen okupazioaren iragarpena barne hartu zuela, COVID edukiera-mugekiko. Hala, EHGaren erabiltzaileek linea bakoitzeko autobusen okupazioaren zenbatespenaren berri izan dezakete. Iragarpen horrekin –egunero kalkulatzen da berriro, zerbitzuaren datuen historikotik abiatuta–, beren ordutegi-aukeren barnean, hutsago doazen autobusak hautatu ahal dituzte erabiltzaileek.

Beste albiste batzuk

  • Erakundeak iraunkortasunarekin duen konpromisoa nabarmendu du Campiónek, bere jarduketa guztiak markatzen dituena
  • Parte hartzeko, Mankomunitatearen webgunean izena eman behar da: www.mcp.es
  • Gainera, gaueko zerbitzuaren ordutegia pandemiaren aurreko bera izatera itzuliko da