Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Mancomunidad de la Comarca de Pamplona

Albisteak RSS
Garraioa
2021/06/30

IMk Eskualdeko Hiri Garraioaren flotan gasolioa erabiltzeari utziko dio progresiboki

Planak aurreikusten du gas naturalaren bidez mugiarazitako ibilgailuak erabiltzea, eta bai %100 elektrikoak diren autobusak ere

Gaur goizean, Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Nagusiak Iruñerriko garraio publikoan gutxiago kutsatzen duten energiak sartzeko II. plana onartu du, kutsatzen duten autobusak progresiboki ordezten joateko.

Planaren xedea da EHGaren isurpenak murriztea, aurreko otsailean IMk onartu zuen Klima Aldaketarako eta Energiarako Estrategia betetze aldera eta joan den maiatzaren 25ean Nafarroako Gobernuak onartu zuen Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legearen Aurreproiektuan jada iragarrita dagoenaren aurrerapen moduan. Hain zuzen ere, ekimen horiek nabarmentzen dute beharrezkoa dela hiriko airea kutsatzen duten isurpenak eragiten dituzten erregaiak erabiltzeari uztea lortzea, beste mota bateko erregai garbiekin eta karbonoari dagokionez neutroak edo ‘zero isurpenekoak’ diren beste energia batzuekin ordeztuta.

Ondorioz, IMk progresiboki utziko dio Hiri Garraioko flotan gasolioa erabiltzeari, autobus berriak sartzen joanda pixkana. Jakina denez, hiri-autobusetan erregai gisa gasolioa erabiltzea bai berotegi-efektuko gasak isurtzean eta bai gizakion osasunean zuzenean eragina duten beste gas eta mikropartikula batzuk sortzean ere negatiboki eragiten duten bektoreetako bat gisa identifikatu da azken urteetan.

EHGaren egungo kontzesioaren administrazio-egoerak aholkatzen du aurten hastea trantsizioa. Hori dela-eta, planaren aurreikuspena da erregai-motaren eta haren isurpenen ordeztea gauzatzea, era berean, Iruñerriko Hiri Garraioaren VIII. Planaren (2021) egungo esparruan eta Iruñerriko Bidaiarien Garraio Erregularrari buruzko 11/2014 Legean enkaje ekonomikoa izango duena.

Zehaztu behar da oraindik ez dagoela legezko agindurik hiri-autobusetako erregai moduan gasolioa erabiltzeari uzteko. Horrenbestez, Klima Aldaketarako eta Energiarako Estrategiak eta aipatu den foru legearen aurreproiektuak ezarritako aurreikuspenak beteko ditu gutxiago kutsatzen duten energiak sartzeko II. planak, eta bertako hiri-autobusetan gasolioa erabiltzeari uzteko eta ibilgailu berriak sartzeko konpromisoa hartzen duen Espainiako lehenbiziko hiri-eremuetako bat izango da Iruñerria.

Isurpenik gabeko ibilgailuak erabiltzeko aukera teknologikoak

Karbono-aztarna neutroa duten eta, Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren arabera, Zero “0” edo “ECO” (EKO) kalifikazioa duten autobusak erabiltzea izango da aukera teknologikoa, hau da, autobus elektrikoak edo gas naturalaren bidez mugiarazitako autobusak, bi kasuetan jatorri berriztagarriaren bermea dutenak.

Iruñerriko Mankomunitateak flotan gas natural konprimatuaren bidez (jatorri berriztagarriaren bermea dutenak) mugiarazitako autobusak sartzea aukeratu du, aukera egingarriena baita, besteak beste, egungo garajeetan gas horretaz hornitzeko instalazioak bideragarriak direlako teknikoki eta ekonomikoki. Gainera, instalazio horiek berriro aprobetxatu ahal izango lirateke garaje berrietan, eta ibilgailuen kostuak egungo autobus hibridoen kostuen antzekoak dira.

Aitzitik, %100eko autonomiarako bateriak erabiltzen dituzten autobus elektrikoen aukera orokortua ez da bideragarria une honetan, kostua handia baitan, eta aukera-kargaren/pantografoen bidez elikatutako autobus elektrikoen aukera orokortua ere ez da bideragarria, eredua zurruna baita eta pantografoetarako behar den inbertsioaren kostua handia baita. Dena den, aurreikusten da epe ertainean autobusen flotaren herena jatorri berriztagarriko elektrizitatearen bidez mugiaraziko dela.

Azkenik, hidrogeno bidezko autobusen teknologia hasierako fase esperimentalean dago, eta ez dago epe labur edo ertainean aplikatzeko aukerarik, nahiz eta ez den baztertzen EHGak hidrogeno bidezko autobusei lotutako proiektu esperimentalen batean parte hartzea.

Ekonomia zirkularra, biogasetik abiatuta

Karbonoari dagokionez 2030ean neutraltasuna lortzeko IM eta SCPSAren Klima Aldaketarako eta Energiarako Estrategia dela-eta, nabarmendu behar da aurreikusita dagoela ekonomia zirkularreko proiektu garrantzitsu bat, hiri-hondakinetako gai organikoen digestioan lortutako biogasa abiapuntu hartuta, bai Imarkoaingo Ingurumen Zentro berrian gai organiko moduan prozesatzen direnetakoa bai eta Arazuriko HUAko lohien bidez baliatzen direnetakoa. Lehenik eta behin, aprobetxamendu hori Iruñerriko Ingurumen Zentro berrian egingo da, Imarkoainen, eta, ondoren, Arazuriko HUAn. Hala lortutako biogasa, metano bihurtuta, nahikoa izango da hondakinak biltzeko kamioi guztiak mugiarazteko eta hiri-autobusen flotaren bi heren inguru. Halaber, erregai garbiz hornituko dira ibilgailu ertainak eta astunak, Uraren Ziklo Integraleko gasinera edo gas-hornitegiaren bidez. Gas-hornitegi hori joan den otsailean hasi zen lanean, Sareen eta Instalazioen Mantentze Zentroan, Agustindarren industrialdean.

Imarkoaingo Ingurumen Zentroan eta Arazuriko araztegian ekoitzitako biometanoa sarera injektatzean oinarrituko da sistema. Gainera, jatorri berriztagarriaren bermea duen gas naturala kontsumituko da EHGaren garajeetan eta bai Imarkoaingo Ingurumen Zentroko hondakinen kamioien basean eta Agustindarren industrialdeko Mantentze Zentroan. Lehenago aipatu den jatorri berriztagarriaren bermeak gasaren jatorria, trazabilitatea eta bere ekoizpenari eta erabilerari lotutako ingurumen-inpaktua ziurtatuko ditu.

Gas naturala erabiltzea billabesetan

2021erako Garraio Planak aurreikusten du jatorri berriztagarriko gas naturala EHGaren flotaren zati esanguratsu baten erregai moduan erabiltzea. Gogoan izan behar da 2014an IMk onartu zuela EHGan gutxiago kutsatzen duten energiak sartzeko lehen plana, eta horrek berekin ekarri zuen autobus hibridoak sistematikoki sartzea flotan. Autobus horiek ez dute ekartzen gasolioa ezabatzea erregai moduan, baina aurrezte adierazgarriak ekartzen dituzte kontsumoan eta isurpenetan. Hartara, egun, EHGaren flotan 56 ibilgailu hibrido daude eta flotaren %36 dira, hortaz, halakoak. 2020an, ia 360.000 litro gasolio gutxiago kontsumitzea eta 980 tona CO2baliokideren baino gehiagoren isurpenak murriztea ahalbidetu zuten.

Beste alde batetik, 2018an, Nafarroako Gobernuak eta IMk hitzarmen bat sinatu zuten, EHGaren flotan aurreneko autobus elektrikoak sartzeko. 2019ko martxoan ‘NUP – Renfe’ 9. linea %100 elektrikoa izateko bidea eman zuen horrek, guztiz elektrikoak diren 6 autobus zerbitzuan jarrita. ‘Aukerako’ kargatze azkar baten bidez elikatzen dira autobusak, linearen buruetan kokatuta dauden karga-zutoinetan edo pantografoetan. Autobus horiek flotaren %4 dira, eta 2020an 124.000 litro gasolio gutxiago kontsumitzea eta 290 tona CO2baliokideren baino gehiagoren isurpenak murriztea ahalbidetu zuten.

Flota berritzeko programazioa

Iruñerriko garraio publikoan gutxiago kutsatzen duten energiak sartzeko II. planak 2022an hasiko den EHGaren flota-berritzea jasotzen du. Urte horretatik aurrera flotan sartzen diren autobusak gas natural konprimatuaren bidez mugiaraziko dira. Xedea da egungo flotaren bi heren inguru (egungo 159 autobusetatik 100) jatorri berriztagarriaren bermea duen gas natural konprimatuaren bidez mugiaraztea. Gelditzen den herena berritzea (50 ibilgailu inguru) jatorri berriztagarriaren bermea duen elektrizitate bidez %100ean mugiarazitako autobusekin egitea aurreikusten da (lehenago esan den moduan, haietako sei zerbitzua ematen ari dira jada 9. linean). Modu gehigarrian eta esperimentalean, baliteke hidrogeno bidez mugiarazitako autobusen bat sartzea flotan.

Beste albiste batzuk

  • Erakundeak iraunkortasunarekin duen konpromisoa nabarmendu du Campiónek, bere jarduketa guztiak markatzen dituena
  • Parte hartzeko, Mankomunitatearen webgunean izena eman behar da: www.mcp.es
  • Gainera, gaueko zerbitzuaren ordutegia pandemiaren aurreko bera izatera itzuliko da